Debagoieneko ospitale berria ekainaren 18an zabalduko dute

Amaia Txintxurreta Guridi 2012ko mar. 22a, 14:52

Arrasaten kokatuta dagoen oraingo ospitalearen ondoan dago kokatuta eraikin berria eta fase desberdinetan joango dira ospitale berria irekitzen. Helburua da zerbitzu berriak eta hobeak eskaintzea modu erosoagoan.

Hiru fasetan zabalduko dute Debagoieneko ospitale berria. Lehenengo fasean, eraikin berria inauguratuko dute eta hori aurtengo ekainaren 18an izango da.

Bigarren fasean, gaur egungo ospitalearen eraikina berregituratuko dute, lan horiek 2014ko uztailerako egingo dira. Eta gainera, gaur egungo ospitalearen eraikinaren atzean dagoen eraikina botako dute bigarren fase horretan.

Hirugarren eta azken fasean, Arrasaten kokatuta dagoen Debagoieneko ospitale berria handituko dute. Horretarako, gaur egungo ospitalearen eraikinaren atzean, eraikin berri bat egingo dute eta hori lehenengo fasean zabalduko duten ospitale berriari gehituko zaio. Hirugarren fase horretarako, baina, ez dute eperik jarri. Beharren arabera erabakiko dute handitze hori egitea beharrezkoa den edo ez.

Proiektu horretan gainera, aurreikusten dute autoendako 204 aparkaleku egitea.

Zerbitzu zabalagoa

Instalazio berriekin, ospitalearen eskaintza ere zabaldu egingo dute. Besteak beste, datu hauek nabarmendu daitezke.

95 ohe izango ditu Debagoieneko ospitale berriak, gaur egungoa baino 23 ohe gehiago izango ditu, beraz. Haur-ama Unitate berria zabalduko dute eta bertan 17 ohe izango dira. Operazio gelak lautik seira gehituko dira eta erditzeko gela bat gehiago ere egongo da. Erditze naturalak ospitalean izateko hobekuntza garrantzitsuak ere egingo dituzte. Arnas eta Digestio Endoskopioen Unitate berria ere zabalduko dute. Erradiologia gelak guztiz digitalizatuko dituzte eta kirurgia urologikoaren zerbitzua ere gehituko dute.

Horrez gain, ospitalizazioko alternatiben estrukturak ere modu esanguratsuan gehituko dituzte; eguneko ospitaleko postuak biderkatu egingo dira, orain bost postu daude eta gero hamar egongo dira, eta larrialdietakoak ere zortzitik hamabostera igoko dira.

Eta 2013an bularreko minbiziaren jarraipena eta kimioterapia egiteko zerbitzuak ere gehitu nahi dituzte, beste hobekuntza batzuen artean.

Helburuak

Debagoieneko ospitaleak 63.893 biztanleri eskaintzen die zerbitzua eta proiektua oraingo eta etorkizuneko beharretara egokitu nahi dute, zerbitzuen hobekuntza eta erosotasuna helburu izanda.

Horrekin guztiarekin, nahi dute ospitalea garai berrietara egokitzea, eta horretarako, instalazio berrietan teknologia modernoagoak erabiliko dituztela azaldu dute. Euren beste helburuetariko bat da ospitalean gauzatu behar diren prozesuak erosoagoak izan daitezela.

Zerbitzu berriekin eta egingo dituzten hobekuntzekin, gaur egungo erabiltzaileei zerbitzu hobea eskaini nahi diete, beraz, baina baita ere nahi dute sistema pribatuan daudenak publikora erakartzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak