Bideo jokoak eta hezkuntza aztergai Huheziko Komunikaldietan

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko mar. 20a, 19:30

Eguaztenean Komunikaldien 7. aldia egingo da Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean, Eskoriatzan, gai honen inguruan: Bideo jokoak eta hezkuntza.

Hauxe da egitaraua:

  • 09:00 Aurkezpena eta ongietorria: Jon Altuna (Mondragon Unibertsitateko errektoreordea).
  • 09:15 Hitzaldia: Bideo jokoak, fenomeno unibertsala, baita gurean ere. Arantza Atutxa (Creativity Zentrum).
  • 10:00 Hitzaldia: Zelan egiten den bideo joko bat. Asier Quesada (Delirium Studios).
  • 10:45 Kafea.
  • 11:15 Hitzaldia: Zelan txertatu bideo jokoak hezkuntzan. Carlos Gonzalez Tardón(People&Videogames).
  • 12:00 Demoak.
  • 13:00 Bazkaria.
  • 15:30 Mahai ingurua: Bideo jokoak Euskal Herrian, Igor Leturiak moderatuta. Hiru esperientzia: Iruri Knorr (Ideateca), Ignacio de Otalora (DigiPen) eta Josu Cobelo (Dada Company).

Bibliografia

Kontuan izanda gai hau interesgarria izan daitekeela bai Hezkuntzako ikasle zein irakasleentzat eta baita Ikus-entzunezko komunikaziokoentzat, oinarrizko bibliografia bat prestatu dugu, gaia interesatzen zaienentzat. Horrezaz gain, martxoaren 21ean HUHEZIko bibliotekak mahai bat jarriko du liburutegian, eta bertan erakutsi zer liburu dauzkagun fakultatean gai horren inguruan.

Ordenagailu gela bideo jokoekin

Horrezaz gain, elementu osagarri gisa, egun horretan Teknologia Zerbitzuek prestatuko dute ordenagailu gela bat, eta bertako 19 ordenagailuetan hainbat bideo joko jarriko dituzte, nahi duenak bertan egin dezan jolas, bideo jokoak probatzen.

Kartela eta iragarkia

Yera Sanchez eta Goio Arana irakasleek prestatu dute Komunikaldiak 2012 kartela. IKOko 4. mailako zenbait ikaslek, berriz, irrati iragarki bat egin dute Komunikaldiak iragartzeko.

Babesleak

Mondragon Unibertsitateak antolatu du Komunikaldiak 2012 jardunaldia, bi babesle nagusirekin: Gizarte Kutxa eta Euskaltel. Horrezaz gain, Eskoriatzako Udalak, Fagor Ederlanek eta Coprecik ere diruz lagundu dute.

Zergatik bideo jokoak

Munduan milioika lagunek erabiltzen dituzte bideo jokoak, eta sektoreko adituek adierazi dutenez, 2011n bideo jokoek 60.000 milioi dolar baino gehiago sortu dituzte mundu osoan. Hala ere, oraindik beldur gara bideo jokoak hezkuntza curriculumean sartzeko, bai oinarrizko hezkuntzan eta baita goi hezkuntzan ere, nahiz eta Javier Etxeberria zientzialariak uste duen onuragarriak diren:

"Bideojokoek xehetasuna, azkartasuna, egokitzapena, ikasketa eta gaitasun kognitiboak garatzen dituzte. Gainera, hezkuntzarako, berriztapenerako eta sozializaziorako garrantzitsuak dira. Era berean, hauei esker haurrak autodidaktak eta kooperatiboak dira eta sozializatzen laguntzen die (...)".

Kezka horrek, hain zuzen, eraman du Mondragon Unibertsitatea ikasturte honetakoKomunikaldiak gai horren inguruan zentratzera: bideo jokoak eta hezkuntza.

Komunikaldien historia

Abiatu zenetik 2006an, Komunikaldien sei edizio egin dira, zein baino zein interesgarriagoa:

  • 2011 Egile eskubideak.
  • 2010 Telebista Interneten.
  • 2009 Gure zinema gaur.
  • 2008 Etorkizuneko komunikatzaileak.
  • 2007 Tokiko telebista digitala euskaraz.
  • 2006 Komunikazio korporatiboa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak