DYAk larrialdien aurrean nola jokatu irakatsiko du

Monika Belastegi Aranzabal 2012ko mar. 16a, 09:50

Hitzaldia egingo dute Eskoriatzan, hilaren 27an eta interesa duten guztiendako dago zabalik. Ohiko larrialdi kasuei nola aurre egin azalduko dute.

Ohiko larrialdien aurrean nola jokatu irakasteko hitzaldia antolatu du DYAk hilaren 27rako, Eskoriatzan. 18:30etik 20:30era izango da, kultura etxean eta eduki teorikoarekin batera, ekitaldia parte-hartzailea izatea ere nahi dute. Hala, hitzaldira joango diren herritarren testigantzak jaso nahi dituzte eta baita guztien artean eztabaida saioa antolatu ere. Argibideetarako 943 46 46 22 zenbakira dei daiteke edo irakaskuntza.eskola@DYAgipuzkoa.com helbidera idatzi.

35 urte urgentziak artatzen

DYAko kideek 35 urtetik gora daramate urgentziak artatzen eta urteotako esperientzian oinarrituta, diote zaintza dela gako nagusiena istripuak gutxitzeko eta gaixotasunak saihesteko. Hori aintzat hartuta, 2009. urtetik hona Gipuzkoako DYAko Irakaskuntza Eskolak herritarrei zuzendutako proiektu batekin dihardu, dohaineko hitzaldietan oinarritutakoa, eta besteak beste, bularreko minbiziaren gaineko hitzaldiak, elikadura eta haren asalduren gainekoak eta haurdunaldiko zaintzen gaineko egin dituzte.

2012an barrena, ohiko larrialdien aurrean nola jokatu gaia aukeratu dute eta herritarrei oinarrizko ezaguera batzuk irakatsi nahi dizkiete. Egoera hauetan, esaterako: konortea galtzen denean, bularreko mina zein konbultsioak daudenean, eta zauriak eta erredurak gertatzen direnean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak