WhatsApp-aren moduko mezularitza sistema heldu da, baita balio duena 'smartphone' ez diren telefonoetarako ere

Jon Berezibar 2012ko mar. 7a, 09:00

Aurreko asteko Bartzelonako kongresuan ia oharkabean geratu zen iragarpena izan zen baina operadoreek gertu daukate WhatsApp aplikazioari erantzuna. Joyn mezularitza sistema berria operadore guztiek eskainiko dute zerbitzu moduan operadore mobil birtualek izan ezik (Eroski Móvil ala Simyo, ezagunenen artean). Vodafonek dagoeneko martxan dauka, doan udara arte. Komunikazioen maila berri bat darabil Joyn-ek eta mezu, bideo-konferentzia nahiz fitxategien trukerako balio du, baita smartphoneak ez diren gailuen artean ere.

Operadoreen WhatsApp gaitzizena ipini diote Joyn zerbitzuari eta hain zuzen doako mezularitza aplikazio ezagunak jandakoa berreskuratzeko helburuarekin dator Joyn, zerbitzu berriak gehituta. Komunikazioetan beste maila bat da, RCS-e estandardean oinarritua, operadore eta terminal guztiekin bateragarria dena eta hortaz, sare hori erabiltzeko ez legoke zertan smartphone bat erabili, telefono arruntekin ere ibiliko litzatekeelako. Mezularitza bai eta baita bideo-konferentzia, fitxategien trukea eta aplikazioak izango ditu zerbitzu berriak, besteak beste.

Espainiakoa izan da lehen estatua eta Vodafone zerbitzua estreinatu duena Androida darabilten terminalekin. Movistarrek dagoeneko probatan dihardu eta bezeroek aurki erabili ahalko dute Joyn. Orange apirilean da zerbitzua eskaintzen hastekoa. Telefono frabikatzaileei dagokienez, Joyn-en bultzatzaileek iragarri dute hitzarmenak sinatu dituztela HTC, Huawei, LG, Nokia, RIM, Samsung, Sony eta ZTE enpresekin eta espero da urte amaierarako zerbitzua integratuta dakarten 40 modelo egotea merkatuan.

 

Vodafone-ren iragarkia

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak