Norbere datua, beti norberarena eta lege bidez babestuta

Leire Kortabarria 2012ko mar. 1a, 16:00

Datuen Babesaren Eguna ospatu zen urtarrilaren 28an Europan, seigarren urtez, herritarrok kontzientzia har dezaten norbere datuak norberarenak direla eta funtsezko eskubideak dituztela horiek babesteko. Eta horrelako egun bereziek badute eragina: hala, Datuak Babesteko Espainiako Bulegoak (AEPD) 2010ean baino %50 erreklamazio gehiago jaso zituen, eta %34,5 babes-eskaera gehiago.

Hala ere, norbere datuen babesean erronka handiak daude oraindik, eta jendeak bere eskubideak ondo ezagutzea eta, behar denean, betearaztea da erronka handiena. Beste batzuk teknologia berriek planteatzen dituzte: hala, Espainian, ia biztanleen erdiek ez dakite zelan galarazi identitate-lapurreta Interneten, Microsoft-ek egindako azterketa batek dioenez.

Euskal Autonomia Erkidegoan, Datuak Babesteko Euskal Bulegoa dago, eta herritarren pribatutasuna babestea da bere eginkizuna, Euskadiko administrazio publikoek herritarren informazioa erabiltzerakoan hori babesteko dauden legeak betetzen dituztela ziurtatuz. Bulegoko zuzendari Iñaki Vicuña de Nicolasek azpimarratzen duenez, "Europan, zortekoak gara, datuen babesa funtsezko eskubidea delako, horrek dakartzan berme guztiekin". Funtsezko eskubide hura urratu diotela uste duen edozeinek bulegoarengana jo dezake.

Iñaki Vicuña de Nicolas, Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendaria.

Jaikitzen garenetik

Eta babesteko asko dago, izan ere, Vicuña de Nicolasek dioen moduan, datuak "ez dira bakarrik administrazio publikoei eta enpresei ematen dizkiegunak; jaikitzen garenetik etengabe norbere datuak ematen gabiltza, argia pizten dugunean kontsumoa erregistratzen da, dei bat egin edo Internetera konektatzen garenean ere bai, autobidean ordaintzen dugunean, bideo-zaintza dagoen kale batetik gabiltzanean, medikuaren kontsultara joaten garenean… denak arrastoa uzten du, dena gordeta gelditzen da. Zer esanik ez, Google, Facebook eta antzeko enpresa handiek egiten duten datu-tratamendua".

Norberaren datuak edo datu pertsonalak dira pertsona identifikatzen duten datuak: adibidez, osasun-datuak (norbere osasun-egoera deskribatzen dutenak), ordenagailuan gordetzen den helbide elektronikoen fitxategia, norbere irudiaren edo ahotsaren grabaketa –norbera identifikatzeko balio dutenean– eta beste mila datu-mota.
Horren aurrean, datuak txarto erabiltzea "oso erraz" gerta daitekeela onartzen digu Vicuña de Nicolasek. Horri erantzuna ematera datoz datuak babesteko legeak.

Gainera, jendartea ere bide onetik doa: euskal datuen babeserako zuzendariak dioenez, bulegoak "kontsulta eta salaketa gehiago jasotzen ditu urtetik urtera, eta hori zentzuzkoa da, eskubidea gero eta ezagunagoa den neurrian, gehiago exijitzen delako".

Gaika, kontsulta edo babes-eskaera gehienak hauen gainekoak dira: osasuna, hezkuntza eta segurtasuna; eta tipologiaren arabera, datu-uztea, herriko errolda, bideo-zaintza, datuak eskuratzeko eskubidea eta onespen-printzipioa izan ziren bulegoari kontsultatuenak edo eskatuenak.

Fitxategien erregistroa dago

Euskadiko entitate publiko guztiak –eta, Espainiaren kasuan, Espainiako guztiak– derrigortuta daude Bulegoari berri ematera datu pertsonalak dituzten fitxategiak sortzen, aldatzen edo ezabatzen dituzten bakoitzean. Euskadiko fitxategien erregistroa euskal bulegoan dago, eta honako webgunean kontsultatu daiteke: www.avpd.euskadi.net. Fitxategi bakoitza zertarako den, zeinek tratatzen duen, zelako datuak dituen eta antzeko informazioa ematen da erregistroan. Hori bai: erregistroak ez du erakusten fitxategian dagoen informazioa, baizik bakarrik fitxategiaren ingurukoa. Datu horiekin, herritarrek euren eskubideak betearazi ditzakete.

Espainian eta Hego Euskal Herrian, 15/1999 Lege Organikoak babesten ditu norberaren datuak. Eskubideak lautan laburtu daitezke: datuak eskuratzea, zuzentzea, ezabatzea eta haiek tratatzearen aurka egotea.

Datuak Babesteko Euskal Bulegoa zalantzak argitzeko dago. Iñaki Vicuña de Nicolasek pista batzuk ematen ditu, ordea: "Eguneroko bizitzan, edozein herritarrek datuak eman beharko dizkie beste batzuei, enpresei edo administrazioei: adibidez, kontratu bat egiteko, bankuan kontua irekitzeko edo udalari laguntza bat edo zerbitzu bat eskatzeko. Kasu guztietan, kontuan izan behar dugu eskatzen dizkiguten eta ematen ditugun datuak esandako helburua betetzeko egokiak eta neurrizkoak izatea. Hala, ez du inongo zentzurik erosketa bat egiteko jaioterria eskatzeak. Askotan, sena erabiltzea nahikoa izango da". Bestalde, administrazio publiko batek eskatzen dituen datuek, kasu gehienetan, esandako baldintzak betetzen dituzte, eta tasatutako administrazio-prozedurengatik eskatutakoak dira. Normalean, beraz, hor ez da zalantzarik sortuko.

Baina zalantza horiek eragiten dituzten egoera asko sor daitezke. Adibidez, norberak eskubidea du bere datuak edozein euskarritako telefono-gidetan ez agertzeko, eta agertzen badira, haiek kentzeko; eskubidea du ere eskatu ez duen publizitatea ez jasotzeko, eta bidaltzaileari eskatzeko bere datuak nondik hartu dituen; telekomunikazio-zerbitzuetan, eskubidea du herritarrak bere erabilera-datuak ezabatu daitezen dagoeneko beharrezkoak ez direnean; bere datuak helburu komertzialekin erabil daitezen bakarrik aurrez baimena eman badu; edo bere zenbakia identifikatu ez dadin telefono-dei bat egiten duenean; esandako Lege Organikoak estaltzen ditu ere langileen osasunaren gaineko informazioa duten fitxategiak. Osasun-datuek; eta bakarrik norbere idatzizko baimenarekin tratatu ahal izango dira norbere ideologia, afiliazio sindikala, erlijioa eta sinismena adierazten dituzten datuak. Horiek adibide gutxi batzuk dira.

Oinarrizko eskubideen gainean enpresak edo erakundeak jasotzen dituen eskaerak hilabetean erantzun beharko ditu. Eskatutakoa betetzea dagokiola erabakitzen denean, hori bete beharko da erabakia hartu eta hurrengo 10 egunetan.

"Gu gara produktua"

Datuak Babesteko Euskal Bulegoko goi-arduradunak azaltzen duenez, Interneteko datu-tratamendu handiak egiten dituzten enpresek –Google, Facebook, LinkedIn…– "datuak marketinerako erabiltzean oinarritutako negozioak dira. Bezeroak garela uste dugu, baina, benetan, salerosten den produktua gara". Horregatik, enpresa horiek "datuak ondo erabiltzen dituztela edo eskubideak errespetatzen dituzten galdetzerakoan, erantzuna ezezkoa izan behar da; baina gero eta hobea da eboluzioa, gero eta lege gehiago daude eta agintarien eta jendartearen exijentzia-maila gero eta handiagoa da".

Eta kontrola egiten duten erakundeak ere gero eta zorrotzago dabiltza, modu antolatuan lan egiten eta eragiten.

 

Mikel Olasagasti | Informatikaria

"Interneten ipintzen duzun zerbaitez damutu behar baduzu, ez ipini"

Mikel Olasagasti informatikaria.

Mikel Olasagastiren gomendioa garbia da: ezer Interneten ipini aurretik, pentsatu ondo.

Pribatutasun aldetik, ondo erabiltzen dugu Internet?
Oro har, ez, batez ere gazteek, ez dutelako arriskurik ikusten: ez dute pentsatzen orain ipintzen duten argazki batek, komentario batek… hor jarraituko duela hemendik urte batzuetara, eta eragina izan dezakeela lana bilatzen dutenean edo lagun batek bere gaineko bilaketa bat egiten duenean, adibidez.
Norberaren pribatutasuna babesteko lehen araua…
Ez baduzu nahi zerbait egin duzula inork jakiterik, ez egin. Nahiz eta norbere profila, argazkiak, datuak… pribatu moduan konfiguratu, ez dakigu lagunaren ordenagailutik zeinek ikus dezakeen.  Zerbaitetaz damutu behar baduzu hemendik bost urtera, ez ipini.
Eta enpresen aurrean?
Aukera gutxi ikusten dut. Pentsa: Facebook-en atzean enpresa asko daude gure datuetaz aprobetxatzen, eta ez dakigu nola erabiltzen dituzten. Guk publikoki ematen ditugun datuak dira: gure gustuak, zaletasunak… Hori guri publizitatea saltzeko erabiltzea oso erakargarria da. Facebook-ek 800 milioi erabiltzaile ditu eta datu-base handi horrekin zer egiten duten ez dakigu.
Google-en pribatutasun politikak bateratzeak zelan eragiten dio erabiltzaileari?
Google-ek zerbitzu asko ematen ditu orain eta bakoitzak bere pribatutasun politika zuen. Orain, horiek guztiak bateratu egin dituzte, eta datuak elkarrekin konpartitzea erabaki dute. Erabiltzaileondako, ez dago aldaketarik: gure datuak orain arte bezala erabiliko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak