EAJ: "Badirudi ezker abertzaleak aukeratu duela hondakin bilketa sistema, zero kontsulta bidez"

Amaia Txintxurreta Guridi 2012ko ots. 29a, 15:55

Bailarako EAJ-ko zinegotziek atez ateko hondakin bilketa sistemaren aurka daudela esan dute eta ezker abertzalearen jarrera salatu dute gaur eguerdian. Esan dute atez atekoak hirukoiztu egin dezakeela hondakin bilketaren prezioa eta ez duela ekiditen hondakinen %35a errefusa izatea.

Bilduk duela gutxi esan zuen prentsaurreko batean atez atekoa ezartzekotan dela Gipuzkoako 34 udalerritan, eta bailarako EAJko zinegotziak, sistema horren aurka agertu dira. Jeltzaleek esan dute, Bilduk itsu-itsuan eta etsi-etsian ezarri nahi duela atez atekoa. Gaineratu dute horrelako iragarpen bat prentsaurreko baten bidez ematea errespetu falta iruditu zaiela Udal eta herri-ordezkariekiko.

"Zero kontsulta bidez" hartutako erabakia

Hauxe esan du Aintzane Oiarbide jeltzaleak: “Ez da serioa Ezker Abertzaleak gauza guztietarako herritarren esku hartzearen alde zegoela esatea eta, orain, erabakiak hartzeko garaian manerak ere ez zaintzea. Ezker Abertzaleak badirudi aukeratu duela gauza hau nola behar den erabaki: zero kontsulta bidez”.

Atez ateko hondakin bilketa sistemari buruz Oiarbidek esan du inprobisazio hutsa dela eta orain arteko noraezeko estrategian, helburu bakarra duela: energia sortzeko planta eragoztea, hau da, elektrizitatea sortzen duen errausketa eragoztea, bere esanetan.

Gaineratu du, hondakinen kudeaketaren arazoari ez diola bere osoan erantzuten, atez atekoa zaborra biltzeko era dela esan du, ez besterik, eta ez dela arazoaren konponbidea. Gai honi bere osoan heltzen bazaio, jeltzaleek azaldu dute gerta daitekeela bide itsu batean sartzea eta Gipuzkoa aterabiderik gabe uztea.

“Ezker Abertzalea ziria sartu nahian ari zaie gipuzkoarrei sistema honen emaitzen inguruan: ezkutatu egiten du ezinbestekoa izango dela  erraustegia  edo zabortegiak handitzea edo berrirekitzea”, esan du Oiarbidek.

Jeltzaleek gaineratu dute zabor turismoa deritzon fenomeno berri bat ere ekarri duela atez atekoak, izan ere, euren esanetan, Antzuolan 2011. urtean hiri-hondakinen %40 desagertu egin zen.

Esan dute baita ere, beti egongo dela prebenitu, birziklatu edo konpostatu ezin den hondarra. Lourdes Idoiaga jeltzaleak hauxe gaineratu du: “Atez atekoak ez du errefusa edo zabor-hondarraren trataeraren arazoa konpontzen, beti egongo baita  prebenitu, birziklatu edo konpostatu ezin den hondarra. Flandriako adibidea jartzen digute, baina Flandrian zabor-hondarra, errefusa, erraustu egiten da”.

"Hondakin bilketaren prezioa hirukoiztu" egin dezake

Ekonomia egoera ere izan dute hizpide jeltzaleek. “Krisi garaiotan ezin dugu ahaztu, bilketa-sistema edukiontzietatik atez atekora aldatzeak garesti joko duela, gastuaren gorakada garrantzitsua dakarrela. Hirukoiztu egin dezake atez ateko bilketak zabor bilketaren prezioa, eta hori ederki nozituko lukete gure udaletako diruek eta familien poltsikoek”, esan du Idoiagak.

Herri-kontsultak

Azkenik, bailarako EAJ-ko zinegotziek argi utzi nahi izan dute birziklapenaren eta bosgarren edukiontziaren bidez konpostajearen alde daudela. Eta iragarri dute Debagoienako Udalbatza guztietan ekimenak aurkeztekotan direla herritarren benetako partaidetza bermatzeko herri-kontsultak egin daitezen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak