Izeba Proiektua Arantzazuko Baketik zentroak eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gizarte Politikako Departamentuak 2009an sinatutako eta ordutik urtero berritu izan den hitzarmen baten bidez jarri zen abian. Proiektu horren ardatza Gipuzkoan bakarrik dauden adingabeko atzerritarren, eta orain baita bertako adingabekoen ere, osaba-izeba izateko prest dauden pertsona edo familia boluntarioen sarea sortzea da.
Helburua, hobeto integratzen laguntzea
Helburu nagusia gazte horiek geure inguruan hobeto integratzen laguntzea da. Berariazko helburua adingabeko horiei familiarteko erreferentziak ematea (euskarria, maitasuna, babesa eta gertuko harreman sozialak zabaltzeko aukera eskaintzea). Horrela, bizi diren Harrera Zentroaz gain, adingabeko horiek erreferentziazko familia bat izango dute iloba bati eskaintzen zaion hurbileko tratua emateko prest, ikasketak direla-eta esaterako, gurasoengandik urruti eta geuregandik hurbil dagoena.
Zeregin horrekin lotutako ekintza zehatzak, besteen artean, hauek izango dira: astean behin etxera bazkaltzera edo txango batera gonbidatzea, aldiro telefonoz deitzea, arazo pertsonalak edo ikasketekin lotura dutenak konpontzen laguntzea, hizkuntza ikasten laguntzea, erosketak egiten laguntzea, adin bereko gazteekin edo kirol-, kultur- eta aisialdi- ekintzekin harremanetan jartzea.
Programa honen helburu gehigarria adingabeko horienganako gizartearen begirada humanizatuagoa lantzen laguntzea da. Hala-nola, pertsona horienganako giza sentsibilitatearen indarra garatzea da kontua, geure seme-alabak izan litezkeela barneratuz.
Informazio kanpaina abiarazi dute
2009tik, 30 familiek eta adingabekoek bizi izan dute esperientzia urte horietan. Balantzea hain positiboa da, orain eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gizarte Politikako Departamentuarekin ados jarrita, esperientzia bertako adingabekoengana zabalduko dela. Hau dela-eta, Baketik-ek beste 30 lagun edo familia boluntario behar ditu egoera zaurgarrian dauden adingabekoen osaba-izeba gisa jokatzeko.
Helburu horrekin, informazio-kanpaina bat garatzen ari da interesa duten pertsona guztiei zabalik dauden hitzaldien bidez. Debagoienean hurrengo ostegunean, martxoaren 1ean, izango da Arrasateko Kulturaten, 19:00etan. Horrez gain, proiektuari buruzko datu edo informazio gehiago nahi duen edozein lagunek 943-251005 telefonoan edo www.izeba.org web
gunean egin dezake.