Sara Gartzia: "Burutik pasatu ere ez zitzaidan egin hil nintekeelako ideia"

Monika Belastegi Aranzabal 2012ko ots. 24a, 16:00

Burutik tumorea kendu zioten udan 24 urteko eskoriatzarrari. Dagoeneko erabat errekuperatuta dago eta lanera eta ingeniaritza ikasketetara itzuli da. Bizi izandakoa partekatu nahi izan du.

Zer gertatu zaizu?
Iaz, udan, zorabioekin hasi nintzen. Sendagilearengana joan eta bertigoak izan zitezkeela esan zidan, baina eguna joan eta eguna etorri, ez ziren zorabioak joaten. Bestalde, hori baino egun batzuk lehenago, orban bat ikusten  hasi nintzen begiratzen nuen leku guztietan. Hala, medikuarengana joan nintzen berriz eta optikoarenera bidali ninduen. Hark nerbio optikoakhandituta nituela ikusi zuen eta TACa egitera bidali ninduen.

Eta han ikusi zuten tumorea.
Hasiera batean, kistea izan zitekeela esan zidaten, baina badaezpada, zuzenean Gasteizera bidali ninduten, Santiago ospitalera ingresatzera. TACa egin eta ingresatzea, guztia egun berean izan zen. Han hamar egun egon nintzen eta hainbat proba egin zizkidaten: sentsibilitatea neurtu zidaten esku eta oinetan; ordu eta erdiko erresonantzia magnetikoa egin zidaten... Eta han ikusi zen tumore onbera nuela.

Albiste gazi-gozoa.
Bai. Tumorea onbera zen, baina oso leku txarrean zegoen ebakuntza egiteko. Hain justu ere, erresonantzia ohikoa baino luzeagoa egin zidaten, bost proba egin zizkidatelako resonantzia bakarrean. Eta helburua izan zen nire buruaren GPSa egitea ikusteko zehazki non zegoen gaitza eta hara iristeko bide egokiena zein izan zitekeen. Aurretik egindako TACean ere ikusi zuten oso leku txarrean zegoela.

Non zegoen?
Burmuinen erdi-erdian, beheko aldean zegoen eta horra behera iristeko burmuinak zeharkatu egin behar ziren. Ondorioz, arrastoak utziko zizkidala esan zidaten.

Zer-nolakoak?
Besoa ezin mugitu, erren, gurpilezko aulkian, begetal... Oso beltz jarri zidaten medikuek guztia.

Nola hartu zenuen albistea?
Ni flipatuta geratu nintzen eta amak oso gaizki pasatu zuen.Hala ere, burutik pasatu ere ez zitzaidan egin hil egingo nintzela. oso jarrera baikorra izan dut denbora guztian eta uste dut hori oso garrantzitsua dela sendatzeko. Medikuek oso beltz jarri zidaten guztia eta ni arrosa kolorekoa ikusten saiatu nintzen.

Abuztuaren 10ean egin zizuten ebakuntza.
Bai eta guztia oso ondo joan zen eta zait inolako arrastorik geratu.  Medikuak ere harrituta geratu ziren. Nik, egia esan, ebakuntza ondorengo egunez ez dut oroitzapen handirik, hutsune handiak ditut. Familia da gaizkien pasatzen duena. Amak oso gaizki pasatu zuen eta anaiak ere bai. Une batean amak ez zion UCIra sartzea, irtetean oso gaizki pasatzen zuelako.

Mezu bat helarazi nahi duzu.
Bai. Badakit inguruan badirela antzeko beste kasu batzuk eta animoak emateko modu bat da hau. Izan ere, halako gaitzek ez dute zertan ondorio larria izan.  Eta jarrera baikorrak ere asko laguntzen duela uste dut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak