Debagoiena Zero Zabor taldea aurkeztu dute

Asier Alkorta 2012ko ots. 23a, 13:39

Bailarako herrietako taldeen elkarlan eta koordinaziorako sortu dute Debagoiena Zero Zabor taldea, baina argi utzi dute herri bakoitzak bere izaera izango duela. Gaineratu dute apirilean Debagoienako Zero Zabor Astea ospatuko dutela.

Debagoiena Zero Zabor taldea aurkeztu dute. Bailaran dagoeneko lau herritan daude Zero Zabor taldeak, Oñatin, Arrasaten, Aretxabaletan eta Bergaran, eta horien elkarlanerako eta koordinaziorako sortu dute Debagoiena Zero Zabor. Hala ere, argi utzi dute herri bakoitzak bere izaera izango duela.

Aurkezpenean gogoratu zuten gaur egun hondakinen inguruan arazo larria daukagula Gipuzkoan eta baita gure bailaran ere. Datu batzuk ere eman zituzten, esan zuten Gipuzkoan 400.000 hondakin tona sortzen direla urtean eta %90a birziklagarria den arren, %25a besterik ez dugula gaika biltzen. Gaineratu zuten badaudela hondakinak beste era batera kudeatuta %80tik gora gaika biltzea posible dela erakusten duten ereduak, Zero Zabor filosofiarekin bat datozenak.

Produktuak zabortegian pilatuko ez dituen sistema linealarekin "amaitu" behar dela esan zuten eta Olaztiko eta Zubietako erraustegiek ez dutela tokirik Zero Zabor filosofian.

Horretarako, hondakinen kudeaketa sistema desberdin baten beharra ikusten dute Debagoiena Zero Zabor taldeko kideek eta euren esanetan, atez ateko bilketa sistema da Zero Zabor filosofiarekin bat datorren bakarra.

Hitzaldia hilaren 28an

Horren harira, sortu berri den taldeak antolatuko duen lehen ekitaldia hilaren 28an izango da, Arrasateko Kultura Aten. Bertara etorriko dira Gipuzkoa Zero Zaborreko kideak eta izenburu hau duen hitzaldia emango dute: “Zero Zabor: posible al da atez atekorik gabe?”.

Apirilean Zero Zabor Astea

Horrez gain, apirilean Debagoienako Zero Zabor Astea ospatuko dela ere azaldu zuten eta bertan erakusketa, hitzaldi eta kontzertuak izango direla.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak