Euskarazko IKT proiektuetako aurrekontua "nabarmen jaitsi da" EAJren ustez

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko ots. 23a, 07:00

Eusko Alderdi Jeltzalearen batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olanok esan duenez, "Bilduk dena bertan behera uzteko jarrera du, alternatibarik proposatu gabe. Horren ondorioetako bat da euskarazko IKT proiektuetarako laguntzaren jaitsiera". Olanok, Diputatu Nagusiaren agerraldia eskatu du, Euskarazko IKT proiektuetarako diru-laguntzak "507.601 eurotik 299.934 eurora jaisteko arrazoiak" emateko.

Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak joan zen astean euskararen erabilera sozialaren esparruan diru laguntzak emateko 2012ko deialdia argitaratu zuen. Horien artean, besteak beste, Euskarazko Informazio eta Komunikazio Teknologia proiektuak daude.

Diru-laguntzak "%41 jaitsi"

Kultura departamentuak gai honetarako eskainiko dituen diru-laguntzen oinarriak oraindik ezagutzen ez badira ere, EAJ-PNV batzarkide taldeak azterketa sakona egin du, eta honako ondorioak atera ditu:

Batetik, "2011ko aurrekontuan, Informazio eta Komunikazio Teknologia proiektuentzako diru-laguntzak, guztira, 507.601 euro ziren. Hauek, Gipuzkoa 2.0 izeneko programaren barruan zeuden".

Bestetik, "2012ko aurrekontuetan alor hori bitan zatituta dago: lehenengoan, Euskara departamentuko zuzendaritzak kudeatuko du (199.934 euro), eta bigarrena, Kultura departamentuaren esku egongo da (100.000 euro). Hots, guztira 299.934 euro. Ez dago beste aurrekontu-sailik".

Hortaz, "2011ko 507.601 euro eta 2012ko 299.934 euroen arteko diferentziak argi uzten du %41 jaitsi direla diru-laguntzak".

"Kolpe izugarria"

Markel Olanoren iritziz, "egungo aldundiak Gipuzkoa 2.0 programari kolpe izugarria eman dio. Programa horren bitartez, euskarazko produktuak ekoizten eta banatzen ziren, besteak beste, Internet bidez".

Ildo beretik, Olanok azpimarratu du, "aurreko hainbat urtetan, baita krisialdian ere, teknologiaren alde egin genuen nabarmen. Bilduk, ordea, horren aurka egiten du”.

Gipuzkoa 2.0 programa

Gipuzkoa 2.0 programari buruz, EAJren eledunak zera azaldu du: "Aurreko gobernuak Gipuzkoa 2.0 programari 1.708.999 euroko aurrekontu-saila eman zion. Bilduk, aldiz, 599.821 euro emango dizkio". Hori dela eta, Markel Olanok honakoa salatu du: "Euskarazko produktuak sortzeko zein hornitzeko diru-laguntzak nabarmen jaitsi dira".

Eduko digitalak "gizarteratu"

Olanok dio, programa horren helburua zela Informazioaren eta jakintzaren teknologien alorrean euskararen "erabilera bultzatzea", "euskal kulturarekin eta hizkuntzarekin zerikusia duten eduki digitalen sorrerarako inbertsioak eragitea, eta, oro har, informazioaren eta jakintzaren teknologiak erabiliz eduki digitalen gizarteratze sistematikoa sustatzea eta hedatzea". Hori zen Gipuzkoa 2.0 programaren "espiritua"; eta, hain zuzen, "Bilduk uko egin dio, ez duelako ez programarik ez lehentasunik".

EAJren batzarkide taldeak Diputatu Nagusiaren agerraldia eskatu du, Euskarazko IKT proiektuetarako diru-laguntzak "507.601 eurotik 299.934 eurora jaisteko arrazoiak" emateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak