Bilduk gobernatzen duen beste 34 herritan ezarriko dute atez atekoa 2013an

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko ots. 23a, 10:56

Bilduko alkateak dituzten Gipuzkoako 34 udalerritan ezarriko dute atez ateko zaborra batzeko sistema 2013an. Herri horien artean daude Bergara, Oñati (bi horietan lehenengo), Arrasate, Eskoriatza eta Aretxabaleta. Hala eman zuten aditzera atzo hedabideen aurrean Donostian. Arrasateko, Bergarako, Oñatiko eta Eskoroatzako alkateek hartu zuten parte agerraldian. Mikel Biainek eta Lezoko alkate Ainhoa Zabalok eman zituzten azalpenak.

Oñatin, gaur, eguenena, egingo dute bosgarren edukiontzia atzera botatzeko mozioa onartzeko osoko bilkura. Iazko maiatzean Oñatiko Udalak hartu zuen bosgarren edukiontziaren aldeko erabakia, baina gaur Bilduk indargabetu egingo du erabaki hura. Ondoren, bai Oñatin eta baita gainerako udalerrietan ere, ekainera bitartean, egingo dituzte atez atekoa onartzeko bilkurak. Bergaran eta Oñatin, martxoan; Aretxabaletan eta Eskoriatzan, maiatzean, eta Arrasaten, ekainean.

300.000 gipuzkoarri eragingo die

Gaur egun, Usurbilen, Hernanin, Oiartzunen eta Antzuolan darabilte zaborra batzeko atez atekoa. Eta, beste 30 udalerri gehituta, 300.000 gipuzkoarri eragingo die atez atekoak 2013an. Helburua, Gipuzkoan, "zero zaborraren bidean" jartzea dela diote Bilduko alkateek. Eta, hartara, azkeneko hamarkadatan zaborren kudeaketak "sortu duen arazo larriari irtenbidea" eman. "Hiritarrengan eta pertsonengan sinisten dugu eta haiekin batera urratsak eman nahi ditugu sortzen den zabor kopurua gutxitu eta birziklapena handitzeko" esan dute.

Helburua %90 birziklatzea

Era berean, adierazi dute, "gezurra" dela "Zubietako errauskailua soluzioa" dela. Esan dute, atez atekoarekin, "%90eraino birzikla" daitekeela, gaur egun birziklatzen den "%25aren aurrean". Horretaz gain, gaur egingo zaborren kudeaketak "huts" egin duela esan dute. Eta zaborra modu "jasangarri eta efizientean" batzeko, atez atekoa baino "modu hoberik eta alternatibarik ez dagoela".

Herri galdeketa?

Atez atekoa ezarri nahi duten 34 herri horietan herri galdeketak egitearen aukeraz galdetu zaienean, Usurbilen bere garaian egin zuten moduan, zera adierazi dute alkateek: Parte hartze prozesuak ireki nahi dituztela herritar guztiek parte hartu eta erabaki ahal dezaten.

Donostiako Udala, oraingoz, eredu horretan ez dela sartuko aurreratu dute Bilduko alkateek.

Krisia oztopo ez

Bestalde, adierazi dute, udalerri batzuek dituzten arazo ekonomikoak ez direla oztopo izango atez atekoa ezartzeko, ezta zaborren kudeaketa sistema berriak zor ditzakeen gastu berriei aurre egin beharragatik ere. Onartu dute, halere, hasieran inbertsioak egin beharko dituztela, baina aurrerago birziklatzen denaren salmentatik dirua jaskoko dutela, atez ate zaborra batzen duten udalerriek.

Epeleko planta Bergaran

Hondakin organikoa tratatzeko, Azpetiko Lapatxeko plantaz gain, Bergaran (Epelen) beste bat egingo dutela ere adierazi dute. Eta Nafarroan eta Iparraldean beste alternatiba batzuk badituztela ere bai.

Birziklatu ezin daitekeen hondarraren gainean, Oñatiko alkateak esan du "beti egongo dela zati txiki bat" eta, horretarako, "zabortegi txiki bereziak" aurreikusi dituztela.

Osoko bilkurak ekainera arte

2013an atez atekoa ezartzeko, orain hasi eta ekainera bitartean, herririk herri osoko bilkurak egingo dituztela ere aurreratu dute. Egutegia zehaztuta dutela ere bai. Hauxe da plana:

  • Otsailean: Legorreta, Billabona, Zizurkil, Segura, Lezo eta Zestoa.
  • Martxoan: Anoeta, Irura, Legazpi, Ormaiztegi, Lazkao, Bergara, Oñati, Astigarraga eta Zumaia. 
  • Apirilean: Asteasu, Alegia, Berastegi, Zaldibia eta Azpeitia.
  • Maiatzean: Ibarra, Tolosa, Mutriku, Ataun, Mendaro, Eskoriatza, Aretxabaleta, Pasaia eta Zarautz.
  • Ekainean: Ordizia, Deba, Arrasate, Orio y Getaria. 

547.592 euro hiri hondakinen berrerabiltzeko

Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak 547.592 euro bideratuko ditu aurten hiri hondakinen prebentzio eta berrerabiltzeko ekimenetarako. Lurralde Antolaketa eta Ingurumen departamentuak bideratuko ditu diru-laguntzok eta udal zein mankomunitateak izango dira onuradunak.

Dirulaguntza hauekin bultzatu nahi dituzte, hiri hondakinak sortzea prebenitzea eta berrerabilpena bultzatzea helburu duten ekimenak. Era berean, alor horretan egin daitezkeen komunikazio eta sentsibilizazio kanpainak diruz lagunduko dituzte.

Materia organikoaren konpostajeak berebiziko garrantzia hartzen du plan honetan.

Dirulaguntza hauek bat egiten dute hiri hondakinen prebentzio eta birziklapenaren gainean, Europak ezarritako ardatzekin. 

Berbaldia Arrasaten

Bestalde, Debagoieneko Zero zabor taldeak hitzaldia antolatu du datorren martitzenerako, 28rako. Zero zabor posible al da atez atekorik gabe?. Horixe berbaldiaren izenburua. Usurbilgo Zero zabor taldekoek emango dute hitzaldia, hango atez ateko esperientzia kontatuko dutelarik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak