Atez atekoan hainbat inbertsio egingo ditu aurten Ingurumenak

Leire Kortabarria 2012ko ots. 22a, 01:00

Hondakinak tratatzeko eta kudeatzeko sistema berria gero eta gertuago dago. Hala, apiril inguruan gertu eduki nahi du Mankomunitateak hondakinen kudeaketa plangintza. Orain hori egiten dabiltza, eta, gertu daukatenean, udal bakoitzak haren gaineko erabakia hartu beharko du osoko bilkuran.

Baina, bien bitartean, Ingurumen Batzordea etxeko lanak egiten doa, dena garaiz gertu izateko. Hala, hondakinen kudeaketa sistema berriaren inguruko informazio kanpaina antolatzen dabiltza, eta harendako pleguak prestatzen dabiltza: kanpaina bera zelan egin, informazioa banatzeko pertsonak kontratatzeko pleguak…

Hondakinen kudeaketan beste nobedade bat izango dugu aurten Debagoienean: izan ere, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak transferentzia eta konpostaje planta egingo du Epelen, eta udaberrirako gertu egongo da.

Atez atekoarekin, lasai

Mankomunitateko arduradunek atez ateko bilketa bultzatzen jarraituko dute; hori bai, euren plangintza udal bakoitzak berretsi edo atzera bota beharko du.

Mankomunitateko Ingurumen batzordekideek jendeari "lasai egoteko" eskatzen diote: "Etxean hondakinak sailkatzeko ohitura duenarendako, atez atekoa ez da aldaketa handia", esaten du Josu Pereda batzordekide eta Arrasateko Udal Ingurumen buruak.

Atez atekoa pixkana-pixkana joango da bailaran ezartzen; betiere, udalek onartzen badute.

Kanpainarekin aurrera

Mankomunitateak 14.076.522,28 euroko aurrekontua du, iaz baino %65 gehiago; eta aurrekontuaren erdia baino gehiago (%57) Ingurumen Batzordeari dagokio. Bere inbertsio handiena, aurten, Epeleko hondakindegi zaharreko lurrak zigilatzeko eta egokitzeko izango da.

Beste partida bat atez atekoa zabaltzeko izango da. Honako diru-kopuruak onartu dituzte: zintzilikarioak eta edukiontziak erosteko, 150.000 euro; aportazio-guneak eta larrialdi-guneak egiteko, 200.000 bat; informazio eta kontzientziazio kanpaina egiteko, 42.000 euro; horrekin lotuta, zenbait bulego ipiniko ditu dagokien herrietan, eta zortzi lagun kontratatu ditu kanpaina aurrera eramateko. Kontratazio horretarako 180.000 euroko partida izan du Mankomunitateak. Hain zuzen, kanpaina horretarako pleguak seguruenik oraingo hilean bertan onartuko ditu.

Ingurumen Batzordearen proposamena inbertsio horiek Bergaran eta Oñatin aurrera eramatea da, baldin eta osoko bilkura bakoitzak bere oniritzia ematen badu.

Industrian ere, atez atekoa

Hondakinak batzeko moduari bueltatuz, atez atekoaren aldeko apustua industriara eta merkataritzara ere zabaldu nahi du Mankomunitateak.

Atez ateko bilketa egiten dute Antzuolako enpresetan.

Industriak ere atez ateko bilketa sarean sartuko dira industria-jarduerakoak ez diren hondakinak kudeatzeko, eta hori beste berritasun nabarmen bat da; orain, industria bakoitzak kudeatzen ditu bere hondakinak, eta bakarrik edukiontzi berdea dute. Hiri-hondakinen mota berekoak diren hondakinak sartuko dira bilketa sisteman: enpresa-jangeletan sortzen diren hondakinak eta beste. "Aurrerantzean, sailkatuta batuko dira hondakinok, eta kantitate handia irtengo da hortik", diote Ingurumen batzordekideek.

Komertzioekin ere bat egin nahi da. Merkatariei galderak egitera joango da pertsona bat, eta erantzunen arabera pentsatuko dute zelan egin hori.

Kamioi-flota berria

Hirugarren diru-multzo bat azpiegiturena da.

Hondakinak batzen eta garraiatzen dituzten kamioiendako garajeak eta langileendako instalazioak egin eta kamioi flota berria erosi behar ditu Mankomunitateak.  Instalazioak egiten 1.330.000 euro inbertituko ditu, eta bost kamioi berri erosten, 720.000 euro. Bi partida horietatik, baina, bakarrik bigarrena erabiliko da aurten; garajearen inbertsioa datorren urtean egingo da.

Kamioiei dagokienez, Ingurumen batzordeburu Leire Egañak azaltzen duenez, "azken urteotan kamioiak ez dira berritu; beraz, plangintza berriak aurrera egin ala ez, berdin-berdin erosi behar izango lirateke kamioi berriak". Ingurumen Batzordeak azaltzen duenez, kamioi horiek zaharkituta daude eta azkenaldian arazo asko sortu dituzte; beraz, berriak erostea erabaki dute.

Garajeei dagokienez, eraikin berria egingo du Mankomunitateak haiek hartzeko. Garai batean Akein egoten ziren hondakinak batzeko kamioi guztiak; ondoren, behin-behinekoz, Arrasateko Udalak San Balerion dituen garajeak erabili izan dituzte. Garaje berria behin betiko konponbidea izan dadin nahi dute arduradunek.Orain instalazio horiek non egin bilatzen dabil Mankomunitatea eta 2013an egingo dituzte obrak.

Azpiegitura berria

Hondakinak kudeatzeko beste instalazio bat izango dugu aurten: transferentzia eta konpostaje planta. Orain arte, Gipuzkoan halako bakarra dago, Azpeitian.

Transferentzia eta konpostaje zentroaren proiektua, obra egitea, zentroa kudeatzea… dena Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren ardura izango da. Zabaltzen denean, Debagoieneko hondakin organikoak hartuko ditu eta prozesatu egingo ditu.

Hondakin organikoak tratatu eta gero, lehengaiaren %20 bihurtzen da konpost, eta gainerako %80a lurrun eta ur lixibatu bihurtzen da; hori hondakina denez, aparte tratatu behar da.

Autokonpostajea

Konpostaje planta horretara Debagoienean batzen diren hondakin organikoak eramango dituzte. Baina hara ahalik eta kopuru txikiena ailegatu dadin nahi du Ingurumen Batzordeak. Horretarako, norberak etxean konposta egiteko aukera bultzatuko dute, horretarako baldintza egokiak dituzten etxeetan.
Formula horrek urteak daroatza Debagoienean: bailara osoan 600 eta 700 konpostagailu bitartean daude banatuta beste horrenbeste etxetan. Orain, ordea, aukera hori ahalik eta gehien zabalduko dute: "Etxean konposta egiteko baldintzak dituztela uste dugunen errolda egingo dugu, eta, eskutitz bidez, eurengana joko dugu, aukera hori proposatuz", diote Ingurumen batzordekideek. Baldintza nagusia da lursaila, ortua edo lorategia izatea.

Haien zain, dagoeneko hemen daude 2.000 konpostagailu, Foru Aldunditik ekarrita.
Konforme daudenei konpostagailu eta liburuxka bana emango die Mankomunitateak, eta ikastaro bat egin beharko dute, taldeetan banatuta.

Konpostagailua hartu dutenek benetan konposta egiten dabiltzala ziurtatzeko pertsona bat kontratatu du ere Mankomunitateak eta dagoeneko lanean dabil. Antzuolan, hitz emandakoa betetzen dabiltzan begiratuko du etxerik etxe. Gero, konpostagailuak dituzten bailarako beste etxeak ere bisitatuko ditu. Dagoeneko 50 baserritik edo lursaila duten etxebizitzatik pasatu da.

Etxeko konposta egiteko asmoa egia bihurtuta gura dute arduradunek martxoan, dena ondo bidean.

Gaur, Zero Zabor talde bateratuaren aurkezpena

Betiko zabor-poltsaren eta edukiontzien arteko konbinazioa bere azkenetan dago, hondakinak sailkatzeko eta batzeko modu gisa. Izan ere, Sasietako zabortegia eta Gipuzkoan zabalik dirauten gainerakoak lehenbailehen itxi behar dira. Sasietakoak beste hiru urterako bizi-iraupena du. Zabortegiak itxi eta beste 30 urtean, jarraipena egin behar zaie, eta hori finantzatzeko fondo bat egongo da.

Hondakinen gaineko debatearen barruan, Zero Zabor filosofiak gero eta indar handiagoa du jendarte osoan, eta baita Debagoienean ere. Zenbait herritan sortu dira taldeak, eta orain Debagoiena Zero Zabor taldean egin dute bat. Talde horrek bere burua aurkeztuko du jendaurrean gaur, eguaztena, Bergarako Irizar jauregian, 19.00etan.

Arrasateko eta Oñatiko Zero Zabor taldeek azaroan egindako prentsaurreko bat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak