Julio Sandoval: "Garrantzitsua da erabiltzaileen iritzia: erabili duten %100ek errepikatu egingo lukete"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2012ko ots. 7a, 01:00

Debagoieneko Erakunde Sanitario Integratua tratamenduen eta bizitza estilo osasuntsuen gainean informatzen dabil egunotan. Bergaran egin zuten lehenengo hitzaldia; gaur, martitzena, Oñatin egingo dute 19:00etan, Kultura etxean. Etxeko ospitalizazioari buruz berba egingo dute.

Zer da etxeko ospitalizazioa?
Etxean ematen den zaintza da baina ospitalean dauden baliabide pertsonal eta teknikoekin.

Nori zuzenduta dago zerbitzu hau?
Edonork erabil dezake zerbitzu mota hau, beti ere eskatzen ditugun irizpideak betetzen badituzte. Irizpide mediko batzuk kontuan hartu beha dira. Gaixo ezegonkorrak, esaterako, ospitalean egoten dira, logelan edo UCIan. Horiek izan ezik, gainerako gaixo egonkorrek erabil dezakete zerbitzu mota hau. Beste irizpide batzuk ere baditugu; adibidez, gaixoa baimena eman behar du. Gaixoak nola lan egiten dugun jakin behar du eta bere baiezkoa eman. Baita eskatzen dugu gaixoak zaintzaile bat izatea eta harremanetan jartzeko telefono bat izatea. Patologiari dagokionez, gaixo ezegonkorra izan ezik ia beste guztiak onartzen ditugu.

Hortaz, gaixoaren baimena ezinbestekoa da.
Bai, lehenengo azaltzen diegu euren patologiak ze onura izango dituen zerbitzu hau jaso ezkero. Gure lan egiteko modua erakusten diogu eta bere beharretara zela egokituko garen azaltzen diogu. Hala bada, informazio orria onarpen orria ematen dizkiegu. Onarpen orrian jartzen duen bakarra da ezagutzen duela nola lan egiten duen. Gaixoak jakin behar du bisitak noiz diren eta bisita horietatik kanpo gurekin kontaktuan jartzeko telefono bat dagoela. Urteko egun guztietan, 24 orduz ematen dugu estaldura.

Zerbitzu hau onartzen ez dutenak ospitalean geratzen dira?
Guregana iristen diren pazienteak lehenengo mailako arreta zerbitzutik baldin badatoz, ohikoena da zerbitzuaren berri izatea eta auren onarpena izatea. Pazientea plantatik baldin badator, eurengana joaten gara eta azaltzen diogu zergatik uste dugun etxean jaso ahal dezakeela zerbitzua. Ados baldin badaude etxera joaten dira. Pazientea larrialdi zerbitzukoa baldin bada, min zorrotzagoak izaten dituztenez, zailagoa izaten da onartzea.

Noiz hasi zineten Debagoieneko ospitalean zerbitzu hau ematen?
2008ko ekainaren 2an hasi ginen zerbitzu hau ematen gurean. Helburua izan da Debagoieneko pazienteei zerbitzu hobea ematea. Zerbitzu mota hau aspalditik eskaintzen da; Gurutzetan, esaterako, 30 urte doaz zerbitzuarekin. Helburu nagusia zerbitzua etxean ematea da uste dugulako ona dela euren gaixotasunerako. Euren ohean daude, etxeko komunean… jatorduak ere euren arabera egiten dute eta eurek gura duten jana. Gure bisita orduak ere euren arabera molda dezakegu; batez ere, familia artekoen arabera. Familia artekoei autoa hartzea ekiditen dio zerbitzu honek. Izan ere, ospitalea Arrasaten dago, eta paziente batzuk autoz 30 minutu behar dezakete hona etortzeko. Bidaia ekiditea ona da ez bakarrik denboragatik eta merkeagoa delako; baita, sor dezakeen nahasteagatik ere. Gainera, uste dugu komunikazio handigoa dagoela, banakakoagoa da. Familiari gaixotasunaren gaineko azalpen gehiago ematen dizkiegu eta modu horretan familia artekoek hobeto ezagutzen dute euren senitartekoaren gaixotasuna.

Zeintzuk dira zerbitzu hau erabiltzearen abantailak?
Gestioan abantaila asko daude. Kostua plantan egotea baino txikiagoa da: ostalaritza kostua kentzen da, plantan ematen diren zaintza zerbitzua… eta, gainera, ohe gutxiago erabiltzen direnez, ohea erabiltzea beharrezkoa dutenendako ohe gehiago uzten ditugu.

Gauez eskaintzen duzue zerbitzua?
Ez, gauez ez. Guk bi txanda ditugu: goizekoa eta arratsaldekoa, 21:00etan amaitzen dugu. Begira, guk abisu bat edo bi izaten ditugu hilean; hortaz, ez dugu gaueko zerbitzurik. Konbenio bat egin dugu emergentziekin eta eurak arduratzen dira gauez sor daitezkeen abisuez. Etxe bakoitzean gaixoaren historia guztia uzten dugu: orriak karpeta garden batean uzten ditugu, alde batean harremanetarako kontaktua uzten diegu, eta beste aldean tratamendua. Barruan historia guztia dago; hala, gauez emergentzietako medikua baldin badoa pazientearen historia guztia eskura du.

Erabiltzaileek ze iritzi dute zerbitzuaren gainean?
Nire ustez garrantzitsuena da pazienteek duten iritzia. Pazienteek iritzi ona dute. Urtero egiten du Osakidetzak asebetetze inkesta bat. Pazienteek hau da baloratzen dutena: erosotasuna, tratua, osasun langileen konpetentzia maila, informazioa, intimitatea, mina arintzea eta ordutegiaren malgutasuna. Zerbitzua erabili duten %100ak errepikatu egingo luke.

Zenbat zaudete lanean?
Lau mediko eta bost erizain gaude, eta hiru auto ditugu.

Eta zenbat pazientek erabiltzen dute zerbitzua?
Iaz, esaterako, 580 alta izan genituen. Esan genezake egunean, gutxi gora behera, hogei paziente izaten ditugula.

Pazienteak epe motzekoak eta epe luzekoak izan daitezke?
Bai, patologia oso ezberdinak artatzen ditugu. Zeintzuk artatzen ez ditugun esatea samurragoa izango da. Ez ditugu hartzen: gaixo ezegonkorrak, ez duenak zerbitzua onartzen, gaixo psikiatrikoak ez ditugu hartzen (etxean sor dezaketen arazoagatik) eta lehenengo mailako arreta zerbitzuko gaixoak. Egiten dugun %25a kirurgia patologiak izaten dira: kirurgia generala, digestiboa, baskularra, traumatologoa, ginekologikoa, urologia… Patologia mediko zorrotzak eta kronikoak ere etxean artatzen ditugu.

Martitzenean Bergaran egin zenuten hitzaldia. Zer galdetzen du jendeak?
Galdetzen dutena da ea eurek zerbitzu hau erabil dezaketen. Zalantza asko izaten dituzte horren inguruan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak