Hondakin gutxiago sortzeko eta beira birziklatzeko argibideak herririk herri

Monika Belastegi Aranzabal 2012ko urt. 13a, 15:29

Hondakin gutxiago sortzeko erakusketa eta beira birziklazeko kanpaina antolatu ditu Mankomunitateak. Erakusketa Oñatin dago ikusgai, beira nola birziklatu irakasteko, karpa jarriko dute, bihar, zapatua, Bergaran. Erakusketak zein karpak bailara zeharkatuko dute.

Debagoieneko Mankomunitateak hondakinen sorreraren prebentzioaren gaineko erakusketa ibiltaria eta beira birziklatzeko kanpaina hasiko ditu asteon, Ecovidiriok emandako laguntzarekin. Erakusketa Oñatin abiatuko da eta kanpaina, berriz, Bergaran. Dena den, bailarako herri guztietara iritsiko dira, biak ala biak.

Nola birziklatu beira?

Beirari dagokionez, orokorrean beirazko ontzien birziklapenaren datuak, gaikako bilketaren artean onenak izanda ere, oraindik asko dago egiteko, eta jasotzen den kantitatea eta materialaren kalitatea hobetzeak erakunde guztien erronka nagusia jarraitzen du izaten, Mankomunitateko ordezkarien esanetan.

Debagoienari dagokionez, berreskurapen datuak hobetzeko kaleko edukiontzi gehiago eta ostalaritzako edukiontzi bereziak jartzen joan dira urterik urte. Dena dela, beharrezkoa ikusten dute kontzientziazio kanpaina abian jartzea jasotzen den kopurua handitzeko eta, bide batez, nola birziklatu behar den azaltzeko.

Kanpaina bihar, zapatua, abiatuko da Bergaran. Irala kalean jarriko duten karpan, beira birziklatzeko prozesua eta haren onurak azalduko dituzte.

Horrekin batera, edukiontzi berdeetan beirazko poteak, beirazko botilak eta beirazko flaskoak bakarrik bota daitezkeela ere erakutsiko dute. Bestalde, portzelanak, zeramikak, tapak, tapoiak, txapak, bonbillak, fluoreszenteak, ispiluak, leihoetako kristalak, edalontziak, kopak eta kristalezko platerak ez direla bota behar ere erakutsiko dute, gero jarraitu beharreko prozesuan arazo larriak sor ditzaketelako.

Karpa 11:00etatik 14:30era egongo da zabalik eta bi aditu egongo dira azalpenak emateko. Jolasak eta bestelako ekintzak ere egongo dira.

Karparen egutegia

  • Urtarrilak 14: Bergarako Domingo Irala kalea. 11:30-14:30
  • Urtarrilak 20: Arrasateko Sebero Altube plaza. 17:00-20:00
  • Urtarrila 21: Aretxabaletako Durana kalea. 11:30-14:00
  • Urtarrilak 27: Oñatiko Foru plaza. 17:00-20:00
  • Urtarrilak 28: Eskoriatzako Herriko Plaza. 12:00-14:00
  • Otsailak 3: Antzuolako Zurrategi plaza. 17:30-19:30
  • Otsailak 10: Elgetako Mendizaleen plaza. 16:30-18:30
  • Otsailak 17: Leintz Gatzagako San Migel plaza. 18:00-20:00

Hondakin gutxiago sortu

Hondakinen sorreraren prebentzioari buruzko erakusketa ibiltaria ere antolatu du Mankomunitateak. Zazpi ataletan banatzen da eta bakoitzean prebentzioaren eta berrerabilpenaren alderdi bat lantzen da.

Zazpi bloke tematikoak, honako hauek dira:

  • Ur zirkuituak: iturriko ura, gal ezin dezakezun plazera.
  • Diseinuzko tratamenduak: ekodiseinua.
  • Kontrasteen eremua: soberan hemen, faltan han.
  • Terapia miragarriak: hale hop, bihur zaitez konpost.
  • Berpiztua izateko: murriztu, konpondu, berrerabili...
  • Hondakinterapia: hobe ez zikintzea.
  • Azken zirkuitua: pentsatu egin aurretik.

Apirila bitartean, bailarako udalerri guztietan egongo da ikusgai eta publiko ororentzat zabalik egoteaz gain, Mankomunitateak urtero bailarako eskolekin egiten duen zaborra eta kontsumo arduratsuaren inguruko kanpainaren barruan sartzea erabaki du.

Hori horrela, DBHko 2. mailako ikasleei zuzendutako bisita gidatuak antolatuko ditu. Guztira, 600 bat ikaslek parte hartzea espero dute 26 bisita gidatutan. Horrez gain, beste 12 bisita gidatu ere eskainiko dituzte, publiko orokorrari zuzenduta.

Lehen herria, Oñati

Martitzenean abiatu zen erakusketa Oñatin eta ikusgai egongo da hilaren 22ra arte, kultura etxeko erakusketa aretoan, 18:00etatik 20:00etara. Handik Bergara joango da.

Bisita bidatuei dagokienez, hilaren 16 eta 18an izango dira publiko orokorrari zuzendutakoak eta parte hartzeko, nahikoa izango da 19:00etan bertan egotearekin.

Erakusketaren hurrengo geltokia Bergara izango da, hilaren 24tik otsailaren 5era, osoko bilkuren aretoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak