Atez atekoaren "atzerapausoaz" ohartarazteko kanpaina hasi dute sozialistek

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko aza. 16a, 11:17

Debagoienean atez ateko zabor bilketak "ekarriko duenaz ohartarazteko" foiletoak banatu ditu etxerik etxe Gipuzkoako PSE-EEk. Esku-orrietan sozialistek azaltzen dute atez atekoaren aurka daudela eta ordezkaritza duten udalbatzetan atez ateoaren aurka egiteko akordioak bultzatuko dituztela, zaborren kudeaketarako sistema horrekin "atzera egiten" delako eta, une honetan, "sistema garestia denez, dirua alperrik botatzea" delako. Mozioak aurkeztuko dituzte udaletan.

Sozialistek diote Bilduk gobernatzen dituen Debagoieneko udaletan, atez atekoa "inposatuko zaiela herritarrei". Eta, atez atekoa, zaborrak batzeko sistema "deserosoa eta zikina" dela.

Zazpi arrazoi ematen dituzte sozialistek atez atekoaren aurka egiteko:

  • Kaletik edukiontzi guztiak ezabatzen dira: papera eta kartoia, plastikoa, zaborrak eta pilak batzeko edukiontziak, eta zaborrontziak.
  • Zaborra kalean uztea "higienearen aldetik atzerapausoa" da.
  • Zaborra jasotzea egutegi zorrotz baten mendean geratzen da: egun bakoitzean zabor mota bat utzi behar da.
  • Intimitatea galtzen da.
  • Arauak betetzen ez dituzten herritarrei zigorrak jarri ahal zaizkie.
  • Komertzioari eta ostalaritzari "kalte larria" eragiten zaie.
  • Zaborraren tasen igoera: gehiago ordaindu behar da zerbitzu "eskas, konplikatu eta gogaikarriarengatik".

Bosgarren edukiontzia

Atez atekoaren aurrean, bosgarren edukiontzia planteatzen dute Gipuzkoako sozialistek. Beira, papera, kartoia, eta plastikozko ontziak batzeko edukiontziez gain, bosgarren edukiontzi marroia, materia organikoa jasotzeko.

Zaborra jasotzeko edukiontziak erabiltzea da sozialisten iritziz modurik garbi eta jasangarriena. "Merkeagoa eta erosoagoa da eta kalitatezko konposta egin daiteke edukiontzi marroian jasotako material organikoarekin" diote. Zentzu honetan, diote, kilo bat materia organikoko 200 gramo kalitateko konpost egin daitekeela.

Azkenik, sozialistek etxerik etxe banatu dituzten 22.100 esku-orrietan jasotzen dira bosgarren edukiontzia ezarri den herrietako esperientzia onak. Izan ere, gogorarazi dute, gaur egun, Aretxabaleta, Azkoitia, Azpeitia, Zarautz, Zumaia eta Donostiako ia 5.000 familiak materia organikoa jasotzeko aukera dute.

2009an 1,3 tona hondar organiko jaso zirela diote sozialistek. Hondakin horiek Lapatxeko konpostaje plantara eroan zirela eta kalitate handiko konposta lortu zela diote sozialistek foiletoetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak