Zaborren arazoa bukatzeko, atez atekoa indarra hartzen doa

Leire Kortabarria 2011ko aza. 3a, 12:58

Debagoienean atez ateko hondakin bilketa sistemaren esperientziak, Antzuolakoak, baditu ia zortzi hilabete, eta datuak oso onak dira: Antzuolako Udalaren datuen arabera, gero eta gehiago birziklatzen joan dira, hondakinen %92 birziklatzera ailegatu arte, eta biltzen den guztiaren erdia materia organikoa da. Errefusa oso txikia da: %8,04. Urrira arteko datuak dira horiek.

Gai horrekin lotuta, gaur, eguena, Arrasate Zero Zabor taldeak bere burua aurkeztuko du, Kulturaten, 19:00etan.

Udaleko teknikari Markel Azkargortak onartzen du "interes handia sortu" dela, Debagoienean eta kanpoan, Antzuolako esperientziaren inguruan. Gaurko bisitaren aurretik, Oñatiko eta Aretxabaletako Zero Zabor taldeenak, Urretxu eta Legazpiko udalenak eta Bergarako zinegotzi batek interes pertsonalarengatik egin zuena izan zituzten, beste batzuen artean.

Atez atekoaren egutegia

Antzuolan atez atekoak izan duen arrakastatik abiatuta, Debagoieneko Mankomunitatearen asmoa da bailara osora zabaltzea. Oraingoan, gainera, bailarako herri guztietako udalak aukera horren aldekoak dira, joan den agintaldian ez bezala; orduko Oñatiko udalbatzak (EAJ zen nagusi) bosgarren edukiontzia ipini gura zuen, baina oraingoak (Bildu), ez.

Mankomunitateko kide berriek hartu dituzte euren karguak, eta Arrasateko alkate Inaxio Azkarraga-Urizar da presidente berria. Berak baieztatu du atez atekoa zabaltzeko lan egiten jarraituko dutela, aurreko batzordeak erabaki zuen moduan: "Plangintza orduko berbera da, eta poliki-poliki bailara osoan zabaltzen joango gara atez ateko bilketa. Orain, zelan hedatu aztertzen gabiltza, hainbat aukera daudelako. Lehenengo, egutegi bat markatuko dugu".

Mankomunitateko presidenteak esan du "zehaztu gabe" dagoela hurrengo ze herritan ezarriko den. Iaz, Ingurumen Batzordearen proposamena zen Antzuola eta gero Elgetara eramatea sistema berria. Izan ere, planteamendua zen lehenengo ibarreko herri txikietan ezartzea atez ateko bilketa, eta Elgetan ipintzeko asmoa mahai gainean jarri zen.

Partzuergoaren lehen erabakia

Debagoienean bezala, maiatzeko udal hauteskundeetan Gipuzkoako mapa politikoa aldatu zenetik, atez ateko batzeak gero eta aukera sendoagoak ditu Gipuzkoak zaborrekin duen arazoaren konponbidea izateko. Bultzada handiena Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak emango dio. Erakunde horrek joan den eguenean, urriaren 20an, berritu zituen karguak, eta Bildu koalizioko ordezkariek dituzte botoen %84: batetik, ordezkatuta dauden zortzi mankomunitateetatik seitan agintzen dutelako, eta baita Foru Aldundian ere, eta batzar orokorra mankomunitateetako 17 ordezkarik eta Aldundiko hiruk osatzen dutelako. Tartean, Debagoieneko hiru zinegotzi daude partzuergoko batzar orokorrean: Leire Egaña (Oñati), Inma Beristain (Antzuola) eta Josu Pereda (Arrasate). Presidentea ere Bildukoa izango da.

Azken asteotan hainbat komunikabidetan agertu dira partzuergoak erraustegiaren gainean har zitzakeen erabakien gaineko kontuak. Bada, Debagoieneko ordezkari Josu Peredak dioenez, "oraindik ez da zehaztu" nola eramango diren praktikara asmo guztiak, baina "lehendik erabakia hartuta zegoen, erraustegiaren gainean bospasei urteko atzerapena eskatu da, eta hori izan zen partzuergoak bere administrazio kontseiluan hartu zuen lehenengo erabakia; hain zuzen, aurreko kontseiluak proiektuari emandako onespena bertan behera uztea".

Horrekin batera, atez ateko bilketa sistema Gipuzkoa osoan zabaltzea da Bilduren helburua, eta Debagoiena horren isla da.

Zabortegien bukaera

Hondakinen Partzuergoaren helburuak betetzen joaten diren bitartean hondakinak zelan kudeatuko diren eta zer egingo den zabortegien saturazioaren gainean, hori zehaztu beharko dute orain erakundeek.

Oraingoz, Ingurumen diputatu eta Hondakinen Partzuergoko eledun Juan Carlos Alduntzinek esan du errauskailua "gaur egun planteatuta dagoen bezala" (hau da, aurreko Partzuergoak bere PIGRUG edo hondakinen kudeaketa planean definitu zuen errauskailua) dela baztertzen dutena.

Ingurumen diputatuak azaldu du eztabaida "serioa eta sakona" hasi behar dutela lehenbailehen inplikatutako erakunde guztiek eta Batzar Nagusiek, eta esan du proiektua bertan behera uztea erabaki dela "PIGRUG egin zenetik hona aldagarriak beste batzuk direlako: zabor gutxiago sortzen da, eta erre behar den zatia txikiagoa da".
Gaur egungo zabortegien sistemara bueltarik ez da egongo: "Gipuzkoako zabortegi guztiak ixtea da Foru Aldundiaren helburu garbia", esan zien Alduntzinek komunikabideei.

Partzuergoko aurreko arduradunek eskatu zuten txosten baten arabera, errauskailua gerarazteak 104 milioi ordaindu beharra ekarriko dio Partzuergoari. Diru hori kalte-ordainetan ordaindu beharko du, esaten du azterketa horrek. Errauskailua ren obrak 385 milioiko aurrekontua zuen.

Oraingoz, zabalik jarraitzen dute Gipuzkoan hiru zabortegik, San Marcoskoa (Donostia) itxi eta gero: Lapatx (Azpeitia), Sasieta (Beasain, Debagoienari ere zerbitzua ematen diona) eta Urteta (Zarautz). Donostiako zaborra hiru horien artean banatzen da eta, horren truke, mankomunitate horiek eskatu zuten errauskailua Donostian egon zedila.

"Bilduk baditu datu horiek"

Polemika hori Bergarako Udaleko osoko bilkuran erreproduzitu zen urriaren 28ko osoko bilkuran . PSE-EEk aurreko partzuergoak egindako plangintza defendatu zuen, errauskailua barne, eta mozio bat aurkeztu zuen. EAJko Aintzane Oiarbidek argudiatu zuen errauskailuak "beharrezkoak" direla, eta Flandriako kasua ipini zuen: Europako birziklatze maila "handiena" duen eskualdean, errauskailuak dituztela esan zuen, eta Bilduk datu horiek badituela gaineratu zuen. Mozio alternatiboa aurkeztu zuen Bilduk, errauskailuaren proiektuaren atzerapena defendituz, eta aurrera egin zuen udal gobernuaren (Bildu eta Aralar) botoekin; aurka bozkatu zuten PSE-EEk eta EAJk.

Talde berria

Zaborrekin zer egin gaur egun Gipuzkoak duen arazo larrienetako bat da, eta herritarrak ere horrekin arduratuta daude. Horrek erakuslea da Gipuzkoako herri askotan sortu diren Zero Zabor taldeak. Debagoienean ere badaude batzuk: Oñatin eta, sortu berri, Arrasaten. Hain zuzen, Arrasateko taldea oraintxe eratu da, eta euren burua aurkeztuko diote herritarroi hitzaldian: hain zuzen, gaur, eguena, egingo dute aurkezpena, Kulturaten, 19:00etan. Hitzaldia Oñatiko Zero Zabor taldeko kideek egingo dute, eta zaborren arazoaren eta zaborrak kudeatzeko dauden aukeren inguruko hainbat argibide emango dituzte. Horrekin lotuta, "Zero Zabor filosofiaren beharra" azalduko dute, eta euren apustua ere bai: atez ateko zabor bilketa.

Gipuzkoako Zero Zaborren webgunea hauxe da: www.gipuzkoazz.com/zerozabor.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak