Zaleek iPhone 5aren zain jarraitzen dute, berrikuntzak berrikuntza

Jon Berezibar 2011ko urr. 5a, 17:50

Applen keynotek zalaparta atera bai, baina osteko oihartzunean batzuetan desengainu hotsak ere entzun izaten dira. Ez dago iPhone 5ik, iPhone 4S da telefono berria eta itxuran baino barrenean datoz berrikuntzak. Guztia ez da, baina etsipena izan, Siri aplikazioak bide interesgarri eta ikusgarria ireki du eta potentzian ere, irabazi du telefono berriak. Aldaketak ere iPod famatuetan. Bertsio klasikoa fabrikatzeari utziko diote eta iPod Nanoak protagonismoa hartu du.

Aldaketak, barruan

Aurkezpenaren aurreko asteetan espekulazioa telefono berriaren itxura fin eta diseinuan zetzan. Bada, iPhone berriak itxura aurrekoaren antzekoa dauka baina bihotza, A5 prozesatzailea, IPadak daukan berdina, askoz ere potenteagoa dauka, aplikazio garatuagoentzat beharrezko eta urriaren 12tik aurrera eskuragarri egongo den iOS 5 sistema eragile berriarentzat aproposa.
Kamera ere hobea dauka iPhone 4S-ak, 8 megapixelekin eta argi urriko baldintzetan kalitate hobea ematen duena. Baina prozesatzaile berriak aplikazio izar bat izango du, Siri delako ahots bidez kontrolatzen den laguntzailea. Telefonoa, ukitu barik, ahots bidez bakarrik kontrolatzeko aplikazioa da: mezuak diktatu daitezke, zirkulazioaz ala eguraldiaz galdetu, operazio bat eskatu, bilaketak egin… Sirik guztia ulertu eta erantzuna ematen du. Momentuz ingelesez, frantsesez eta alemaneraz bakarrik dabil softwarea.



iPod berriak

Berrikuntzek baino, iPoden kasuan, desagerpenek eman dute zeresana, iPod klasikoa, erruberadun menuarena, egiteari utziko baitiote. iPoden ikur izan den borobltzo ukigarri hori ez dute izango aurrerantzean Applen musika gailuek eta modelo guztiek pantaila ukigarriak izango dituzte. Nobedadeen artean iPod Touch zuria egongo da eta gailu berri guztiek iOS 5a izango dute eta iPod Nanoari interfazea aldatu diote koadrikuletan barik flow menuetan oinarrituta.

 

Tom Cooken benetako txanda

Azkenean hain berritzaile suertatu ez den telefonoaren aurkezpeneko protagonista, gailuaz gain, Tim Cook zen izatekoa. Jobsen lekukoa hartuta,  hari zegozkion zeremonia maisu lanak baina CEO berria bigarren maila baten egon zen aurkezpenean eta aurkezpen erdia baino gehiago Philip Schiller, marketing zuzendariordearen, Eddy Cue, Internet zerbitzuen arduradunaren eta, geroago eta presentzia handiagoa duen Jonathan Ive diseinu industrialeko zuzendariordearen gain egon zen.

Zalantza barik, interesa piztu zuen aurkezpena izan zen, orohar, atzokoa baina ematen du bigarren mailako berrikuntzekin etorri direla oraingoan Applekoak. Aurkezpena amaitu eta berehala konpainiaren akzioak %4 jausi ziren Wall Streeten.

Garbi geratzen dena da iPhoneak jarraitzen duela apusturik gogorrena izaten eta batez ere, hilaren 15ean, sistema eragile berriarekin eta aurki abiatuko dute lainoko Cloud sistemarekin sendotuko dela Applen proposamena, “lainora” igoko dutela guztia. iPhone 4 hobetua da aurkeztu dutena eta asmoek zerikusi estuagoa dute bezeroak bermatzearekin, hauek teknologia berri liluragarri batekin txunditzearekin baino. iPhone 3arekin kontratua amaitzear duten erabiltzaileak lotu nahiko lituzkete horrela, iPhonearekin jarrai dezaten eta aurreragorako utzi hurrengo urrats teknologikoa, ze litekeena da iPhone 5a dagoeneko prest izatea, 2012an kolpea emateko prest. iPhone 4Sarekin bezero berri batzuk eta iPhone 3a dutenak nahi dituzte erakarri, laburbilduz, produktuen bizitza zikloari lotu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak