Errauste plantarik ez eraikitzea erabaki du Foru Aldundiak

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko ira. 28a, 20:23

Oraingoz Zubietako errauste planta eraikitzeko lanak bertan behera uztea erabaki du Gipuzkoako Foru gobernuak. Hala eman du aditzera Juan Carlos Alduntzin Ingurumen diputatuak, argudiatuz, gaur egun lurraldean zabor gutxiago sortzen dela eta beharrezkoa dela eragileen arteko gogoeta. "Gobernu honek oso garbi du aurreko agintaldian emandako dimentsioa eta konponbidea ez direla komenigarriak" esan du Batzar Nagusietan.

Gipuzkoako Hondakinen Plana 2008an idatzia dela eta gaur egun "beste egoera bat" bizi dugula esan du Ingurumen diputatuak, hau da, ordutik "parametroak aldatu" egin direla. Antzuolan bezala, lurraldeko beste herri handiago batzuetan ere, Usurbilen, Oiartzunen eta Hernanin, atez ateko zabor bilketa egiten dutelako.

Alduntzinek esan du gaur egun 2008an baino %15 edo %20 zabor gutxiago sortzen dela. Eta, hortaz, zertarako behar den errauskailu handi bat.

Ingurumen diputatuak aipatu du, era berean, San Markoko zabortegia ez dutela irekiko eta, Lapatx, Sasieta eta Urteta ixteko planak aurrera egingo duela.

Elikagaia kendu

Ingurumen diputatuak esan du zabor gutxiago sortzen baldin bada, ez dagoela zertan "errauste planta erraldoi" bat eraiki. "Zergatik errauste planta egin, hari elikagaia kendu behar badiogu?".

Izan ere, gaur egun Gipuzkoan arrakastaz funtzionatzen du atez ateko zabor bilketak, ezarri duten udaletan emandako datuen arabera. Foru Aldundian, hiriburuan eta lurraldeko herri gehienetan gobernatzen duen Bilduren asmoa da atez atekoa zabaltzea herri gehiagotara. Debagoienean, aurreko agintaldian onartu zuen Mankomunitateak apurka-apurka bailarako herri guztietan ezartzea atez atekoa.

Joan zen agintaldian Foru gobernuak (EAJ, H1!) argi berdea eman zion Zubietan zaborrak erretzeko errauste planta eraikitzeari, Batzar Nagusien onarpenaz.

Bildu, berriz, gaur egun Gipuzkoako diputazioan gobernatzen dagoena, errauste plantaren aurka agertu da, atez atekoa bultzatzearen alde, eta errauste planta eraikitzeko lanak atzeratzearen alde, gaia eragileen artean eztabaidatzeko.

"Dirua alperrik bota"

Honen haritik, bestalde, Gipuzkoako PSE-EEko Ingurumen idazkariak, Denis Itxasok, esan zuen atzo, Zubietako errauste plantaren lanak gelditzeak 159 milioi euroko kostua izango duela. Gipuzkoar bakoitzari, 229 euro, hain justu ere.

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak orain arte 46 milioi euro inbertitu dituela esan zuen Itxasok. Orain arteko zaborren kudeaketa eredua baztertu eta errauste planta eraikitzeko lanak bertan behera lagatzea "dirua alperrik botatzea" dela.

Hala, Itxasok aurreratu zuen sozialistek aurkeztuko dituztela gaiaren gaineko mozioak ordezkaritza duten lurraldeko 33 udaletan.

Lurraldeko zabortegiekin zer?

Zubietako errauste planta eraikiz, lurraldeko zabortegiak ixtea zen aurreko agintaldian onartutako Gipuzkoako Hondakinen Planaren helburua. Planean aurreikusten zen, birziklapena bultzatzea eta konpostaje plantetan organikoa jasotzea. Eta geratzen zena Zubietako errauskailuan erretzea.

Gaur egun, Gipuzkoan sortzen diren hondakinen zati handiena lurraldeko hiru zabortegietara eroaten da, hain justu ere, Lapatxera, Urtetara eta Sasietara. Beste zati bat birziklatu egiten da eta azken zati bat Bizkaira eroaten da.

Zaborra Bizkaira

San Marko itxi zenean aurreikusi zen ordutik eta 2012ra bitartean egunero 125 tona zabor bidaliko zela Bizkaira, Ortuella, Igorre eta Jatako zabortegietara, hain justu ere. Gipuzkoako eta Bizkaiko diputazioek 2008an sinatu zuten akordioa datorren urtean amaitzen da.

2008an itxi zuten San Markoko zabortegia. Donostialdeko zaborra eroaten zen hara. Horrenbestez, hara bidaltzen zen zaborra beste hiru zabortegietara eroatea onartu zen, Zubietan errauste planta eraikitzearen truke.

EAJk ere aurreratu du zabortegiak dauden hiru herrietako udaletan, Beasainen, Zarautzen eta Azpeitian mozioak aurkeztuko dituztela. Hiru herri horietan Bilduk gobernatzen du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak