E-postaren kutsadura; pantailan hiru minutu baino gehiago emanez gero, hobe inprimatzea

Jon Berezibar 2011ko uzt. 12a, 14:03

Uste okerra da teknologia berriek gutxia ala ezer ez dutela kutsatzen. Are gehiago, zenbait kasutan “garbiak” izatetik urrun daude. E-posta batek CO2 19 gramo igortzen ditu atmosferara, esate baterako. Ademe agentziak egin du neurketa. CO2 igorpenak gutxitze aldera, gomendatzen dute pantaila parean orri batek 3 minutu baino gehiagoko irakurketa denbora hartzen badu, hobe dela orria bera paperean inprimatzea.

E-posta bidez bidalitako mega batek 19 gramo CO2 igortzen ditu Frantziako Ingurugiro eta Energiaren Kontrolerako Agentziak jakinarazi duenez. Mezu elektroniko bakarrari dagokio zifra hori, ze, adibidez, mezu bera, beste 10 jasotzaileri bidaliz gero, igorritako CO2 kopurua 73 gramokoa da. Datuak biderkatzen jarraituta, hala, 100 behargineko enpresa baten, bataz beste laguneko 33 mezu bidaltzen badira egunean eta 58 jaso (Frantziako datuak dira), urteko 220  lanegunetan, guztira 13,6 tona CO2 igorriko lirateke, guztira, urtean. Mundu osoan,  eguneko 250.000 posta elektroniko bidaltzen dira eta e-postaren gehiengoa zaborra da, hau da, spam-a.

Neurtze sistema hori agentziak berak sortu du eta aztertu dute idazketak, bidalketak, banaketak eta, amaieran, irakurketak eragiten duen energia-kostua. Horrez gain, prozesu hori guztia bete dadin erabiltzen diren gailuen fabrikazioan igorritakoa ere hartzen da aintzat.

Zenbait kasutan, hobe paperean

Fitxategiak kanpoko biltegiratze memoria baten gordetzea ere, USB giltza, kasu, ez da kutsatze arriskutik kanpo geratzen. Datu bitxia ematen dute kasu honetan eta gomendatu kasuan kasu, balitekeela paperean inprimatzea ekologikoa izatea. Izan ere, 200 orriko dokumentu baten kasuan, eta kontuan hartuta orriko bataz beste 2 minutu eta 12 segundo behar direla, kasu honetan paperera inprimatzea gomendatzen dute, CO2 igorpenak gutxitu gura badira. Arau orokorra da, pantaila aurrean irakurtzen 3 minutu baino gehiago egin behar badira, hobe dela dokumentua paperean inprimatzea.

Bilaketek ere kutsatzen dute

Pantaila aurrean emandako orduak kutsagarriak dira ikerketaren arabera.  Interneteko erabiltzaile batek bataz beste Frantzian 2,6 bilaketa egiten ditu egunean eta nahi duen emaitza lortu arte 5 orri pasatzen ei ditu.  Kalkulua eginda erabiltzaile bakoitzak 9,9 kilo karbono igortzen ditu urtean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak