Berriz eztabaida piztu zuen Mankomunitatean zabor bilketak

Leire Kortabarria 2011ko mai. 20a, 12:41

Hondakin organikoak biltzeko sistemen gaineko eztabaida izan zen eguaztenean Mankomunitatearen Gobernu Batzordean. Oñatiko Udalak bosgarren edukiontziaren aldeko erabakia hartuta zeukan, eta hura aurkeztu zuen Mankomunitateak aurrera bidea emateko, baina Mankomunitatearen gehiengoak erabaki zuen oraingoz mahai gainean uztea. Oñatiko alkateak, Lourdes Idoiagak (EAJ) erabaki horren aurka bozkatu zuen, Aralar abstenitu egin zen, eta gainerako ordezkariek alde bozkatu zuten.

Oñatiko alkateak aurkeztu zuen gaia eta, bere iritziz, "apaindutako ezezko borobila" da erabaki hori. Gogoratzen du iaz Ingurumen batzordeak hiri-hondakinen kudeaketaren inguruko hausnarketa baten ondorioak   urtarrilaren 15erako agindu zirela eta oraindik ez daudela; eta, bestetik, uztailaren 5ean ebatzi zela "hiri-hondakinen atez ateko sistemaren bidez jasotzeko erabakia herri bakoitzari" zegokiola, "udalen eskumena" delako. Bukatzeko, Idoiagak esaten du urtarrilean egindako ebazpen baten ikusten dela "teknikoki bateragarriak direla bi bilketa sistemak Debagoienean. Baina Oñatiko Udalbatzak gehiengoz hartutako erabaki bati ezetza eman zaio", esaten du.

"Orain ez da momentua"

Mankomunitateko presidente Ino Galparsorok, bestalde, honela dio: "Mankomunitatearen erabakia da atez ateko bilketa sistemaren alde egitea, eta berak erabaki behar du bilketa sistema bakarra, bi, hiru… egon behar diren". Gogoratzen duenez, Antzuolan atez atekoa ezarri zenean erabaki zen "handik sei hilabetera ikerketa sakon bat egitea", eta epe horren barruan daude. "Batzordeak erabaki zuen orain ez dela gai hori lantzeko momentua, eta mahai-gainean uztea, hurrengo batzordeak jorratu dezan", azaltzen du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak