Hamahiru emakume dira alkategai Debagoienean

Leire Kortabarria 2011ko mai. 20a, 10:00

Debagoienean 47 pertsona dira alkategai, eta horietatik 13 (guztien %27,7) emakumezkoak dira. Aramaion, Elgetan eta Leintz Gatzagan ez beste herri guztietan dago gutxienez emakume bat zerrendaburuen artean. Kasu deigarriena Oñatirena da: hango zazpi alkategaietatik lau dira emakumezkoak. Debagoienean, Gipuzkoa zein Euskadi osoan baino emakume alkategai gutxiago dago.

Hauek dira euren burua alkate izateko aurkeztu duten emakumeak Debagoienean:

  • Arrasate: Itziar Lamarain (PP)
  • Bergara: Mari Carmen Barrenetxea (PSE-EE), Aintzane Oiarbide (EAJ) eta Antonia Galiot (EB-Berdeak)
  • Oñati: Lourdes Idoiaga (EAJ), Amaia Inza (Hamaikabat), Miren  Arregi (Aralar) eta Manoli Barrenetxea (PSE-EE)
  • Aretxabaleta: Ana Bolinaga (Bildu) eta Ainhoa Sagarribai (PSE-EE)
  • Eskoriatza: Maria de la Encina Regalado (PP)
  • Antzuola: Inma Beristain (Bildu) eta Maria Eugenia Arrizabalaga (EAJ)

Debagoienean, emakumeak dira zerrendaburuen %27,7. Emakunderen datuen arabera, EAEn emakumeak zerrendaburuen %29,1 dira, eta Gipuzkoan, %28,4.

Legea betetzen dute alderdi gehienek

Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban, bi legek arautzen dute emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna politikan: bat Espainiako Gorteek egindakoa eta bestea Eusko Legebiltzarrak egindakoa. Udalei dagokienez, zerrendetako bost postuko multzo bakoitzean ez gizonezkoak ez emakumezkoak ezin dira izan %60 baino gehiago ezta %40 baino gutxiago ere. Batzar Nagusietarako zerrendetan, sei postuko multzo bakoitzean, gutxienez erdiak emakumeak izan behar dira, eta %40ak, gizonezkoak. 2007an Espainiako Gorteek egindako Lege Organikoak 3.000 biztanletik gorako herriei bakarrik eragiten die. Batzar Nagusien kasuan, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako 4/2005 Euskal Legea aplikatzen da.

Bada, Emakundek aztertu egin ditu EAEko zerrendak, eta esan du oreka betetzen dela legeak hala eskatzen duenean, baina "emakume gehienak postu zailenetan daude, postu ziurrak direlakoetatik urrun". Gaineratzen duenez, joera horiek berdinak dira alderdi politiko guztietarako.

Gizonezkoak, zerrenden goiko postuetan

Hona hemen Emakundek udal zerrenden gainean esaten duena, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabaren kasuan: "Zerrendak orekatuak dira %40en, ozta-ozta. Alderdi ia guztiak muga horren bueltan daude. Orokorrean, zerrendaburuetan, emakumeen portzentaia nabarmen txikiagoa da (%29,1). Gainerako postuetan, emakumeak berdintasun-mugaren zertxobait gainetik daude. Joera garbi bat dago: gizonezkoek zerrenden goialdea hartzen dute, gainerako postuen gainetik. Emakumeak, aldiz, bigarren postuan daude gehienbat, eta gero, laugarrenean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak