Spotify-ren doako kontuak hileko 10 orduko muga izango du aurrerantzean

Jon Berezibar 2011ko api. 15a, 18:05

Musika zerbitzu ezagunak gaur egun 11 milioi erabiltzailetik gora ditu eta gehienak ordainpeko harpidedun izatera aldatzea gura dute Spotifykoek. Horretarako, doako zerbitzuan murrizketa ezarri berri dute, bai denborari dagokionez, zein entzun daitezkeen abestiei dagokienez; 200 abestiko mugarekin.

Zabalkunde nabarmena izan du Spotifyk azken bi urteetan munduan zehar baina oraindik ez du Estatu Batuetako aduana pasatu. Asmoa da urte amaierarako ere bertan erabili ahal izatea baina negozioazio gogorrak dabiltza izaten diskoetxeekin eta ez da erraza izango merkatu berriaren konkista.

Era berean, dagoeneko erabilgarri dagoen herrialdeetan ere etekinak handitu guran dabiltza eta, horrela, doako zerbitzuari muga ipini diote. Orain arte doako zerbitzuaren eta ordainpekoaren arteko alde ia bakarra doakoan txertatzen zuten publizitatea zen. Ordainpeko harpidedunek ez daukate iragarkirik baina, osterantzean, katalagorako sarbideta bi kontu motetan ia berdina da – abesti edo eskaintza esklusibo batzuk gora behera–.

Denboran eta abestietan, muga

Hilean 10 orduz entzun daiteke musika muga barik eta, abesti kopuruari dagokionez, 200 da limitea. Gainera, abesti bera, bost aldiz besterik ezin da entzun. Spotifytik bertatik diote muga zabala dela hori, kalkuluak aterata 20 disko entzun daitezkeela hilean euren 13 milioi kantutik gorako katalogotik.

Diskoetxeak pozik

Begi onez hartu dute diskoetxe handiek doako zerbitzuaren muga hori eta zenbait hedabidetan azaldu dutenez, aldaketa horren atzean leudeke Sony Music, EMI, Warner Music eta Universal Music Group handikiak, hain zuzen, Estatu Batuetan indar gehien dutenak eta Spotifyren zabalkundean eragozpen gehien jartzen dabiltzan eragileak. The Guardian ingelesak etxe horietako bateko zuzendari nagusietako baten adierazpenak jaso ditu, nor den esan barik, eta zehazki adierazitakoa da “diskoetxeak nekatuta” daudela Spotifyko doako erabiltzaileak ordainpeko zerbitzura noiz aldatuko zain egotearekin eta “presioa egiten dabiltzala aurki eskaintza librea gehiago murrizteko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak