Kanon digitala legez kanpokoa dela esan du Audientzia Nazionalak baina ez diote, oraingoz, kobratzeari utziko

Jon Berezibar 2011ko mar. 24a, 18:08

Neurria onartzeko prozesuan eman zen akats formal baten ondorioz, legez kanpokotzat jo du Audientzai Nazionalak kanon digitala. Epaia, halere, ez da behin-betikoa eta kanona kentzekotan ere, Gorenaren erabakia etorri arte ez litzateke gauzatuko. Momentuz, hortaz, kanon digitala ordaintzen jarraituko dugu. Internauten elkartetik diote ezin dela urtean 150 milioi euro bidezkoa ez den tasa batengatik ordainarazi eta gero inor ez kargutu. Hain zuzen, elkarte hori izan da salatzaileetako bat.

Zehazki, araua onartua izateko zenbait tramite falta direla esan du Audientzia Nazionalak, tartean memoria justifikatiboa eta ekonomikoa eta horrekin batera, indarrean egoteko, Estatuko Kontseiluaren diktamen bat beharrezkoa dela. Izapide horiek  bete ez direlako, indargabetu egin dute kanon digitala.
Gaiaren mamira sartu barik eman da epaia, hortaz, ez baita baloratu neurriaren bidezkotasuna, baizik eta, akats formala egon dela esanez deuseztatu dute. Izan ere, labur azalduta, epaiak dioena da kanon digitala ministro-agindu baten bitartez barik Ministroen Kontseiluak onartu  beharko zukeela. Hala ere, ez da behin betikoa epaia eta Auzitegi Gorenaren aurrean errekurri daiteke.

Kanonak orain arte kopia pribatua aurreikusita , kopiarako euskarri eta gailuetan aplikatzen zuen konpentsazio ekonomikoa. Konpentsazio hori baliorik gabe geratuta, orain zalantzan dago orain arte jasotako diru guztia itzuliko ote den, berez kontsumitzaileei itzuli beharrekoa gainera, bidezkoa ez den kanon bat ordainarazi baita. 2007an ezarri zen kanona Europatik zetozen legeekin bat eginez.


Dirua itzuliko al dute?

Sententzia kaleratu duen auzitegiak berak esan du dagoeneko,  itzulketaren inguruko  erabakia ez dela euren eskumenekoa, “harreman juridiko pribatu bati” dagokiolakoan. Kontsumitzaileek hortaz,  auzitegi zibiletara jo beharko dute, banan-banan erreklamazioekin. Era berean, epaiak  ez du ekarriko gaurtik aurrera kanona kobratzeari lagatzea. Izan ere, Gorenaren aurrean errekurrituz gero, azken epai horren ostean kenduko litzateke kanona, hori ebazten badute, noski.

150 milioi euro urtean

Internauten Elkarteko presidenteak dagoeneko esan du “zentzugabea” dela kanona legez kanpokotzat jo eta kobratzen segitzea eta zera erantsi du Victor Domingok, “ezin” zaiola jendeari “urtean 150 milioi euro ordainarazi bidezkoa ez den tasa betengatik eta gero erantzukizunik inork ez” hartzea. Domingok ere esan du formako akatsa eman dela frogatu izanak “argi eta garbi utzi” duela “erregelamendua korrika eta presaka egin” dela “interes zehatz batzuk babesteko helburuarekin”. Interes horiek “bidezkoak” direla zehaztu du Domingok baina “korporatiboak eta sektorialak” direla eta “interes orokorraren aurka” doazela ere erantsi du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak