Errauste plantaren lehen harria jarri dute

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko mar. 17a, 17:29

Zubietako errauste planta eraikitzen hasi dira gaur. Olano eta Elortza jaunek eman diote hasiera lanei, lehen harria jarriz. Donostiako udalerrian kokatuko dute errauste planta eta 260.000 tona hondakin tratatzeko ahalmena izango du. 2014 urterako erabat normal funtzionatzen egongo da, agintariek aurreratu dutenez. Ia 224 milioi euro kostako da. Aralarreko batzarkide Rebeka Uberak kritikatu egin du gaurko ekitaldia: "Olanok eta Elortzak Gipuzkoa bankuen esku utziko duen proiektu baten lehen harri jarri dute" esan du.

Markel Olano Diputatu nagusia, Carlos Ormazabal Garapen iraunkorreko diputatua, eta Odon Elortza Donostiako alkatea izan dira. Haiekin batera, hondakinen partzuergoko kideak, Zubietako erraustegiarekin bat egiten duten eskualdeetako ordezkariak. Eta baita errauskailua eraikiko diten enpresako kideak ere.

Arduratsu eta eskuzabal

Elortzak azpimarratu du Donostiak arduratsu eta eskuzabal jokatu duela, "beste inork ez zuelako errauste planta beren lurretan" kokatu nahi. Era berean, etorkizuneko errauste planta lehen mailako planta izan dadin egindako ahalegina nabarmendu du. "Europar Batasunak eskatzen dituen neurri zorrotzenak" beteko dituela esan du, partikula kutsagarriak airera isuri ez ditzan.

Elortzak aitortu du donostiar guztiak ez daudela errauste plantarekin ados eta iritzi publikoa zatituta dagoela. Zentzu horretan, esan du Donostiako Udalak 2.000 donostiarren artean egindako inkesta baten arabera, %42,2 errauste plantaren alde dagoela, %27 aurka, eta beste %30ek ez duela erantzun.

Hondakindegirik ez

Markel Olanok esan du, joan zen urtean jaitsi egin zela hondakin kopurua Gipuzkoan. 410.000 tona hondakin sortu zela. Horietatik, 230.000 tona, hondakindegietara joan zirela. Eta gogora ekarri du errauste plantarekin aurrerantzean hiri zaborrak hondakindegietara eroan beharrean erre egingo direla eta, hala, "hondakinen kudeaketaren zikloa egoki itxi egingo dela".

Azkenik, Diputatu nagusia zorioneko agertu da erakunde ezberdinak eskutik doazelako proiektu honetan eta helburu moduan jarri du etorkizunean %60ko birziklatze mailara iristea Gipuzkoan. Debagoieneko Mankomunitateak atez atekoaren aldeko hautua egin du eta errauste plantaren aurka dago.

Errauskailuarekin batera, biosikatze planta bat ere eraikiko dute Zubietan.

Bankuen esku

Rebeka Uberak, Aralarren Batzar Nagusietako eledunak, eta Ainhoa Beolak, Donostiako udalekoak, Zubietako errauste plantaren lehen harria jartzeko ekitaldia kritikatu dute. Uberaren esanetan, "Gipuzkoako erakundeen etorkizuna errausteko planta finantzatuko duten erakundeen esku uzteko lehen urratsa izan da".

Uberak esan du "hemen bigarren mailan" geratzen direla ingurumena eta osasuna eta "irabazien esku" geratu direla.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak