Sozialistek, jeltzaleek eta H1! alderdiak aurkeztu zuten emendakina; eta eurekin batera, alde bozkatu zuten Ezker Batuak eta Aralarrek ere; popularrek, aldiz, kontrako botoa eman zuten.
Trena edota autobusa bultzatzera bideratuko da dirua, nahiz eta oraindik zehazteke dagoen jasotako diru kopuru osoaren zein portzentaje erabiliko den horretarako. Ordainlekuetan batutako dirua azpiegiturak finantzatzeko ere erabiliko da; Beasain-Durangoren kasuan, adibidez, Beasain eta Zumarraga arteko zatia Foru Aldundiko diruarekin egin bada ere, Urretxu-Bergara zatia bidesariekin ordainduko da. Bigarren zati horretako lanak 170 milioi euro kostako dira, irailean hasiko dituzte eta bi urte t’erdi inguru beharko dituzte guztiz bukatzeko. Aurreikuspenak betetzen badira, beraz, 2013an izango da erabilgarri azpiegitura berri hori; bidesaria izango du eta, ordaindu gura ez duenak, mendatetik joan beharko du, gaur egun moduan.