Eroski Malaga eta emakume biluziak, sarean kalapita lehertu duen 'Google-bonba'

Jon Berezibar 2011ko mar. 9a, 17:56

Googlen "Eroski Malaga" terminoak bilatuz gero, azken egunetan irudi pornografikoak agertu dira. Google Bombing izeneko fenomenoaren biktima izan da Eroski, hau da, termino horiek eta kontaktuen orrialde bat lotu egin dituzte bilaketak emaitza hori eman dezan. Eroskitik bertatik esan dute neurriak hartzen dabiltzala “mota horretako edukiak” euren “markarekin lotu ez daitezen”.

Google Bomb delakoa metodo bat da zeinarekin lortzen baiten web orriak bilaketa emaitzen goi postuetan kokatzea bilaketa termino batzuen arabera. “Eroski Malaga” terminoen emaitza moduan kontaktu orri bat ipini dute lehen postuan, labur azalduta.

Txantxa ezaguna

Google Bombing fenomenoa ez da berria, inondik inora, baina oraingoan Eroskiri tokatu zaio txantxen jomuga izatea. Aurretik oso ezagunak izan ziren zenbait politikari ezagunen izenak bilatzailean idatzi eta “Miserable”, “Payaso” edota “Mentiroso” moduko emaitzak ematea. Eroskiri antzeko trikimailua egin diote baina “Eroski Malaga” terminoekin kontaktu orri baterako lotura estekatu dute eta irudien bilaketaren emaitzetan irudi esplizituak agertu dira. Orain berria zabaldu denez, bilaketa horrek orain erreferentzia gehiago ditu albisteetara, kontaktuen orri horretara baino. Twitter bidez bolo-bolo zabaldu da gaia azken egunetan eta trending topic izan da.

Algoritmoarekin jolastuz

Googlen bilaketa algoritmoarekin jolastuz lortzen da hori, PageRank delakoarekin. Googlek webguneak emaitzen zerrendan ordenatzeko erabiltzen duen metodoa da. Horren arabera, webgune bati beste webgune ezagun batzuek erreferentzia asko egiten badizkiote, zerrenda horretan gorago egongo da. Nola lor daiteke hori? Goian kokatu gura den orri horretara ahalik eta orri gehienetan loturak sartuz. Lotura horietan gura diren bilaketa termino horiek estekatzen dira. Hortaz, Eroskiren kasu honetan, ehunka orritan “Eroski Malaga” hitzak kontatu orri horrekin lotu dituzte, Googlen bilaketa zehatz horrek emaitza hori ematen duelarik. Azken egunetan, hortaz, despistaturen batek Malagako Eroski supermerkatuaren irudiak bilatu baditu, biluzik dauden emakumeen irudiak aurkitu ditu.

Hasiera baten txantxa edota jolas moduan hartu izan dena, kaltetu askorentzat serioa izan da eta Googlek dagoeneko badauka PageRanken beste algoritmo alternatibo bat hori ekiditeko baina, ikusi denez, ez da eraginkorra ehuneko ehunean. Emaitza nahiko antzerakoak aurki daitezke Carrefour, El Corte Ingles edota Alcampo gehi Espainiako hiri bat bilatuz gero.  Era berean, hau nahiko erraz lortzen da, hain zuzen, bilaketa horiek irudi emaitza gutxi ematen dituztelako berez. Arazoa konpontzeko modu bat “Eroski Malaga” hitzekin benetako irudi mordoa kargatzea izan daiteke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak