iPad 2: Finagoa, azkarragoa eta hobea; sorpresa gutxi hortaz tableten erregearen bertsio berriaren aurkezpenean

Jon Berezibar 2011ko mar. 3a, 11:09

Aldaketa iraultzaile barik baina optimizazio txukun batekin dator gadget-en nagusia. Prezio aldetik gainera, gama berriak zaharraren prezioei eutsiko die eta iPad zaharra ia 100 euro merkeago lor daiteke izakinak ahitu artean. Martxoaren 25ean egongo da salgai gurean. Ezustekorik egon zen, halere, Steve Jobsek egin zituen-eta zeremonia maisu lanak.

Ohiko espektazio eta harrabotsarekin aurkeztu zuten momentuz tableten tableta dena: iPad2-a. Garestia, erabilgarritasun zalantzagarria, gaitasun mugatuak, liluragarri baina urrutiko intxaur ugari… Oroz gaindi eta kritikak kritika, Applei diru gehien ekarri dion gailua izan da iPad-a.

Ikusi moduan, ezaugarri eta prestazioen aldetik, sorpresa gutxi zen espero izatekoa, eta hala izan da. Ezustekoa, hain zuzen, Jobs guruak berak eman du; bajan egonik ere aurkezpena egin du-eta. Zeremonia maisu lanak egin ditu Steve Jobsek. Gailuaren arrakasta zifratan azaldu du Jobsek. Zorabiatzeko moduko zenbakiak, inondik inora; gailuaren salmentarekin eta aplikazio eta edukienarekin, urrezko arrautzak erruten dituen oiloa da iPada:

  • 200 milioi erabiltzaile dauzkate euren kreditu txartelera konektaturiko kontu batek klik batekin kontsumitzeko gertu.
  • 100 milioi iPhone saldu dituzte dagoeneko eta marka gora doa.
  • 2010ean 15 milioi iPad saldu zituzten.
  • iPada salgai izan den 9 hilabeteetan 9.500 milioi dolarreko irabaziak izan dituzte eta tableten merkatuko %90ren jabe dira.
  • App Storean (aplikazioen on-line denda) 2.000 milioikoak izan dira mozkinak, garatzaileekin banatzen dituztenak.


Itxuraz finagoa eta arinagoa pisuz, aldaketa nagusiak errendimenduan datoz, A5 dual-core chipari esker. Goi mailako errendimendua ahalbidetzen duen 1GHz-ko prozesatzailea da eta oso kontsumo txikikoa eta horregatik bateriaren iraupenak 10 ordukoa izaten segitzen du, iPad zaharrean bezala. IPad berria aurrekoa baino bi aldiz azkarragoa da eta gainera grafikoki ia 10 bider hobea da. Lehiakideak, beraz, aldi berean, gertu eta hurrun ditu IPadak.

Ezaugarriak

  • Nukleo bikoitzeko A5 prozesatzailea 1 GHz-eko abiadurarekin (aurrekoa baino bi bider azkarragoa)
  • 10 orduko bateria-iraupena
  • 8,8 mm-ko lodiera, aurreko bertsioa baino %33 finagoa.
  • 0,6 gramoko pisua.
  • Kamera bi. Atzekoak 720 pixeleko HD bideoa grabatzen du.
  • 16 eta 64 GB arteko edukiera.
  • Bi kolore aukera: beltza eta zuria
  • Lehen iPadaren prezio berdina.
  • Martxoaren 25ean salgai (AEBtan martxoaren 11an)


Honez gain, HDMI irteera ere izango du konektore berezi baten bidez (beste gailuren bateko pantaila erabili ahal izateko)

Sistema eragile berria

Estatu Batuetako merkaturatzearekin batera egongo da eskuragarri datorren barikuan sistema eragile berria: iOS 4.3. Berrikuntza nagusien artean dago WiFi-a partekatzeko aukera eta iPadaz gain iPhone 4ean bakarrik erabili ahalko dena (3Ga izan barik, iPhonearen 3G koneksioa erabili ahalko da). Sistema berrituarekin eta kamera aukera bikoitzarekin FaceTime deiak iritsiko dira iPadera eta baita ere Mac ordenagailuen klasiko jostagarria den PhotoBooth ezaguna. Sistema eragile honi esker, gainera, iTuneseko edukia kable barik partekatu ahal izango da beste gailuekin.


Prezioak

Aurreko gaman bezala 16, 32 eta 64 GBko modeloak salduko dituzte, 3Grekin zein barik, eta iPad zaharraren prezioa izango dute berriek.  Ezohikoa izaten da hau Applek modelo berriak aurkezten dituenean.
Ze, iPad zaharraren prezioei eutsiko die iPad berriak, bai, eta Applek aurreko iPadaren prezioak merkatu ditu eta 379 $ - 273 € (3G gabeko 16 GBkoa) eta 699 $ - 504 € (3Gdun 64 GBko bertsioa) artean salduko ditu zaharrak. Izakinekin amaitu arte salduko dira gailu zaharrak prezio horietan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak