Mankomunitateak ere sei urteko moratoria eskatzen du erraustegiarentzat, Usurbilgo Itunean jasotzen den moduan

Jon Berezibar 2011ko ots. 23a, 17:43

Debagoieneko Mankomunitateak bat egin du Usurbilgo Itunarekin eta esaten dute, besteak beste, zabortegiak gainditzeko konpromisoarekin bat egiten dutela eta eskatu Donostiako Zubietan egingo duten errauste planta 6 urte atzeratzea.

Usurbilgo Itunarekin bat egiteko, Pedro Lasagabaster eta Pedro Iturbe, Eskoriatza eta Antzuolako alkateak, Xabier Mikel Errekondo Usurbilgo Itunaren ordezkariarekin bildu dira gaur goizean Arrasaten.

Lanak adjudikatuta

Eraikitzeko asmoek, baina, aurrera jarraitzen dute eta pasa den egubakoitzean bertan Fomento de Construcciones y Contratos buru duen Aldi Baterako Enpresa-Elkarteari adjudikatu zioten Zubietako erraustegiaren ardura. Adjudikazioak hondakinen kudeaketarako gunea bost urtez ustiatzeko kontratua darama eta gunea kudeatzeko akordioa beste bost urtez luza daiteke.
 
Usurbilgo Itunean jasotakoaren arabera, baina, Zubietako erraustegiaren proiektua ez litzateke aurrera eraman beharko, Errekondok azaldutakoaren arabera " zabortegi toxikoaren ereduarekin" amaitu gura dutelako eta "argi" daukatelako "errausketa bera ere ekimenetatik bazter utzi behar" dela.

Erraustegiaren proiektuarendako 6 urteko moratoria eskatzen diote Aldundiari nahiz eta "ziur" dauden "urte gutxiagorekin ere konponduko" luketela "erraustegirik gabe Gipuzkoako zaborren arazoa". Printzipio eta filosofia horiekin ados dago Debagoieneko Mankomunitatea, eta gainera, horiek martxan jartzen ere hasi dira Antzuolako atez-atekoarekin. Horixe azaldu du Pedro Lasagabasterrek "filosofiarekin bat egin" bai eta "Usurbilen praktikan ipini" dutela eta Debagoienean ere "aukera bat emango" diotela atez-atekoari.

Horrez gain, esan dute gipuzkoarron osasuna lehenesten dutela baina horrek ez duela esan nahi ez dituztela gainerako irizpideak kontuan hartzen, hala nola, ingurumena, ekonomia eta lanpostuak.

Lourdes Idoiagaren iritzia, erraustegiaren alde

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak