Argi berdea Zubietako errauste plantari

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko ots. 18a, 11:11

Gaur adjudikatuko dituzte Zubietako hondakinen errauste planta eraikitzeko lanak. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak, FCC, Murias, Inova, Altura y Uria eta Serbitzu Elkarteak osatutako Aldi Baterako Enpresen Elkarteak aurkeztutako eskaintzari emango dio lanok egiteko ardura.

Horiek lortu dituzte punturik gehien balorazio teknikoan. Behin behineko esleipena izango da eta hilabeteko epea egongo da erreklamazioak aurkezteko. Arazorik ezean, hilabeteren ostean, behin betirako esleituko dituzte lanok.

Befesa, Galdiano, Antzibar, Thyssen Group eta Novergiek aurkeztutako eskaintzak baino balorazio tekniko hobea lortu du FCC buru den enpresa taldeak. Zubietako  hondakinen errauste planta eraikitzeko hasierako prezioa da 223.446.500 eurokoa.

2014rako eginda

Zubietako errauste plantak 20 urteko bizi iraupena izango duela aurreikusi dute. Helburua da 2014 urterako erraustegia martxan egotea. Han erreko dira edukiontzietan batu eta birziklatzen ez den zabor hondakinak.

444 milioi euroko inbertsioa

Gipuzkoako hondakinen planak, 444 milioi euroko inbertsioa aurreikusi du errauste eta konposta egiteko plantendako, eta zaborraren transferentzia plantendako. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak zaborren kudeaketari eman nahi dion irtenbidea, birziklatzen ez den zaborra erretzearena alegia, EAJ, PSE-EE, PP eta H1! alderdien oniritzia du. Eredu horren aurka daude ezker abertzalea, Aralar, Ezker Batua eta Alternatiba. Baita zenbait sindikatu (ELA, CCOO, LAB, EHNE) eta talde ekologista (Greenpeace, Eguzki, Ekologistak Martxan).

Erabakia atzeratu

Azken horiek osatzen dute, hain justu ere, Usurbilgo hitzarmena. Honek eskatu du errauste planta egiteko erabakia atzeratzea 6 urtez.

Bestalde, Gipuzkoako hainbat alkatek, tartean Eskoriatzakoak eta Antzuolakoak (Urnieta, Usurbil, Billabona, Ikaztegieta, Aduna, Oiartzun eta Alegia), eskatu diote batzar bat egitea Markel Olano ahaldun nagusiari. Olanok, ahalik eta epe laburrenean artatzea espero dute alkate horiek eta eskatu dute errauste plantaren gainean hartzen diren erabakiak herriz herri eztabaidatu eta ahalik eta adostasun handienarekin hartzea.

Atez atekoaren alde

Debagoieneko Udalen Elkarteak, atez ateko zabor bilketaren aldeko hautua egin du eta Zubietako errauste plantaren aurka azaldu da. Ezker abertzaleko eta Aralarreko alkateek diote, atez atekoarekin zaborraren %80 birzikla daitekeela eta, hori horrela, ez dagoela errauste plantarik eraiki beharrik, berau osasunarendako kaltegarria eta garestia delako. EAJk, ostera, bost edukiontzitan batzen den zaborra ahalik eta gehien birziklatu eta soberakinak errauste plantan erretzearen aldeko hautua egin du, zabortegiak saihesteko eta zaborraren arazoari irtenbide egoki eta benetakoa emateko.

Antzuolan martxoan hasi nahi dute zaborra atez ate batzen. Helburua, "zero zabor" sortzea dela esan du Pedro Iturbe alkateak.

Zero Zabor taldeak elkarretaratzea zapatuan

Bestalde, Zero Zabor taldeak elkarretaratzea egingo du bihar Oñatiko La Caixaren bulegoaren aurrean, 12:00etan. Helburua da La Caixa eta Banestoren kontra egitea. Banketxe horiek Zubietako errauskailua egiteko beharrezkoa den diruaren zati bat –60 milioi euro– negoziatzen dihardute Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoarekin.

Gipuzkoako Errausketaren Aurkako Plataformen Koordinadorak, La Caixa eta Banesto bankuen aurkako salaketa kanpaina antolatu du otsailean zehar, Gipuzkoa Zero Zabor, Ekologistak Martxan eta Eguzki talde ekologisten parte hartzearekin. Besteak beste, egingo dituzte kontzentrazioak banku horiek Gipuzkoan dituzten bulegoen aurrean eta gutunak bidaliko dizkie bulegoetako arduradunei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak