Mari Carmen Iturbe: "Internet denondako dela gogorarazi nahi diegu auzotarrei"

Leire Kortabarria 2011ko ots. 15a, 01:00

Internet eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologia berriek (IKT) beste bultzada bat behar dute; baserri eta landa inguruetan behintzat. Hori igarri dute Deba Garaia Landa Garapen elkarteko arduradunek, eta bereziki baserritarrei eta baserri inguruko bizilagunei zuzendutako bi ikastaro antolatu dituzte, bat Eskoriatzan eta bestea Bergaran.

Informatikako gutxieneko jakintza batzuk lortzeko eta Internet ezagutzen hasteko helburuarekin emango dituzte. Eskoriatzako KZgunean, otsailaren 21etik 25era izango da 10 orduko ikastaro bat, 18:00etatik 20:00etara; eta Bergarako KZgunean bestea, 20 ordukoa, otsailaren 28tik martxoaren 11ra arte, ordutegi berean. Izenematea gaur, astelehena, bukatzen da, eta interesatuek Debagoieneko landa garapen elkartearen egoitzara joan behar dute (Urteaga 21, Bergara), edo 943 76 25 47 telefonora deitu edo mkdebagaraia@euskalnet.net helbidera mezu elektronikoa bidali.

Formazio eskaintza horrekin, Deba Garaiak lortu nahi duena da "batez ere ordenagailuarekiko eta Internetekiko beldurra kentzen laguntzea, eta baserri inguruneko jendeari mezua helaraztea Internet denondako dela, kalekoendako eta auzoetakoendako berdin-berdin", esaten du Deba Garaiako teknikari Mari Carmen Iturbek.

Ikastarook LEADER programaren barruan daude. LEADER da Europako Batasunak landa inguruneari laguntzeko daukan programa bat. Euskadin, Mendinet erakundeak eramaten ditu aurrera LEADER programako garapen ekintzak eta laguntzak, eta honako ikastaroak Dinamiza-TIC programaren barruan daude. Itsasmendikoik eta Euskadiko landa garapen elkarteek osatzen dute Mendinet; hortxe dago, beraz, Deba Garaia elkartea.

Angiozarren, konexio eske

Deba Garaiak, auzo alkateek eta udalek lagunduta, azterketa bat egin zuen iaz, eta alde onak eta hutsuneak aurkitu zituen komunikazioaren teknologia berriek landa ingurunean duten presentziaz.

Alde onean, ikusi zuten IKTak nahiko sartuta daudela: "Familia-unitateak hartuta, ikusi genuen %85ek ordenagailua dutela etxean, eta %60ek, Internetera konexioa". esaten du Mari Carmen Iturbe teknikariak.
Ahuleziak ere badaude, eta handienetako bat da auzotar asko ezin direla auzotik Internetera konektatu: "Leku askotan, fisikoki ez dute konektatzeko aukerarik, eta baldin badute, konexioa oso kalitate eskasekoa da", esaten du Iturbek. Hala ere, horren beste aldea positiboagoa da: "Interes handia dago: Angiozarren, populazio aldetik pisu handia duen auzo baten, 60 familiak eskatuta dute Internetera konexioa eman diezaioten; bestalde, 200 lagunek baino gehiagok esan digute informatika eta Interneten gaineko formazioa jasotzeko gertu daudela", azpimarratzen du teknikariak.

Etxean bai, baina erabili ez

Azterketa haren bidez, ikusi zuten adinak ere eragin handia duela: "Gazteei dagokienez, auzokoen eta kalekoen artean ez dago desberdintasunik; denok antzera ezagutzen eta onartzen dituzte teknologia berriak eta Internet.   Indar handiagoa egin nahi dugu landa eremuetako 45 urtetik gorakoen formazioan, horiei gehiago kostatzen zaie-eta. Nahi genuke eurek konturatzea eurendako ere badirela ordenagailuak eta Internet; KZguneak hor daudela eta denondako direla… Izan ere, baserrietatik %85ek ordenagailuak dituzte, baina gehienetan gazteenek bakarrik erabiltzen dituzte", esaten du Iturbek.

Gehiago dio: "Pena bat da 60 urteko pertsona batek, erretiratuta dagoenak eta denbora librea duenak, ez erabiltzea tresna hori, besterik ez bada egunkaria irakurtzeko, entretenimendu modura…"

Izan ere, IKTek asko dute eskaintzeko, baita landa inguruneari ere: "Baserritarrek euren produktuak saltzeko erabil dezakete, eta bailaran badaude esperientzia batzuk. Bestalde, Deba Garaiaren Ekintza Planean sartuta dago aurrera begira webgune bat sortzea landa ingurunearen zerbitzuak azaltzeko: salmenta zuzena, Debagoieneko baserritarren eskaintza… Auzo batzuek euren bloga badute, Uberak kasu, eta Angiozarrek ere berea egin nahi du; auzotarren arteko komunikazio tresna izan daiteke Internet, eta baita belaunaldien artean informazioa pasatzeko modua ere. Hala, baserritar edadetu batek ikus dezake bera ere hor azaltzen dela, Internet beretako ere badela", esaten du Deba Garaia elkarteko arduradunak.

Harantzago joanda, Internet ez izateak beste mota bateko desabantailan jar ditzake auzoak: "Internet eduki barik, landa ingurunean bizi den batek ezin dezake etxetik lan egin. Internet edukita, distantzia batzuk desagertu egiten dira".

Mari Carmen Iturbek esaten duenez, "dagoeneko inorendako ez dira arrotzak teknologia berriak". Herritar batzuk ezagutzetik erabiltzera pausoa ematera animatzen ditu.

Erretiratu bat, irakasle

Debagoienean badaude esperientzia onak. Horietako bat Arrasateko Bedoña auzoan topatuko dugu. Han, Bedoña Batu auzotarren elkarteak badaramatza urtetxo batzuk auzoko bizitzari eragiten, aisialdi eta hezkuntza eskaintzak antolatzen, besteak beste. Ikastaro horietako bat da, hain zuzen, informatika eta Internetena. Eta hori ematen du Jose Mari Untzueta auzotarrak. Ez da, beharbada, horrelako ikastaroak ematen dituen pertsona mota ohikoena, erretiratua da-eta. Kasu honetan, gainera, bedoñarrek ez zuten urruti bilatu beharrik izan irakasle aproposa topatzeko, izan ere, auzoan bertan zuten bizilagun horrek zaletasun gisa du Internet, eta bere iniziatiba izan zen ikastaroa ematea.

Bedoña Batu elkartekoei "ideia ona" iruditu zitzaien, elkarteko Nerea Arexolaleibak dioskun bezala. "Auzo-etxean ordenagailu zahar batzuk ipini genituen, eta wi-fi konexioa ipini genuen". Auzokoak gustura daude, baina onartzen dute arazoak daudela: "Konexioa motela da. Konektatzeko bi sistema ditugu auzoan: bat uhin bidezkoa da, Murutik seinalea bidalita. Enpresa batek eskaini zigun eta norbanako asko ere modu horretara konektatzen dira. Beste modua da telefono zerbitzua ematen digun enpresaren bidez. Dena dela, wi-fi bidez ere oso motela da konexioa", esaten du Arexolaleibak.

Euskadin, oso gutxi zabalduta

Eustat erakundearen datuek agerian uzten dute IKTak ez daudela behar adina sartuta Euskadiko landa eremuetan: lehen sektoreko establezimenduak aztertu zituzten 2007tik 2009ra arteko jardunaldian, eta epe horretan ordenagailuak horietatik %14,8ek, Internet %13,6ek eta posta elektronikoa %11,8ek bakarrik erabiltzen zituztela, eta sarean bakarrik %2,4 zeudela topatu zuten. Eustaten iritziz, horren arrazoia da lehen sektoreko establezimendu, enpresa edo esplotazio gehienak "oso txikiak" direla –%87ek langile batekoak edo bikoak dira, eta "ia guztiak", 10 langile baino gutxiagokoak– eta horrek "zaildu" egiten duela euretariko gehienek esandako ekipamenduak eskuragarri izatea.

--------------------------------------------------------------------------------------------

Mari Carmen Iturbe | Landa garapen teknikaria

"Oinarrizko ikastaroak emango ditugu, eta gehiago ikasteko aukera ere izango dute"

Deba Garaia landa garapen elkarteko teknikaria da Mari Carmen Iturbe antzuolarra. Antolatu dituzten ikastaroen gainean hitz egin digu. Horiek egin eta gero, sakontzeko aukera izango dute ikasleek.

Zelan daude bailarako landa auzoak IKT aldetik?
Guk inkesta bat egin genuen, auzo alkateek eta udalek lagunduta, eta ezustea hartu genuen: unitate familiarren %85ek zuten ordenagailua etxean, eta %60ek, Interneterako konexioa. Dena dela, itzalguneak daude, Internet ailegatzen ez diren tokiak. Hala, Angiozarrek, populazio aldetik auzo garrantzitsua izanik, ez du konexiorik; ia auzo guztietan dituzte arazoak; eta konektatuta daudenetan ere, konexioaren kalitatea eta abiadura eskasak dira. Hori ez bada konpontzen, oso zaila da aurrera egitea.

Erakundeen aldetik badago interesa?
Bai. Udalek erakutsi dute interesa auzoen arazo hori konpontzeko. Konexiorik ez duten toki guztiak identifikatu ditugu. Eskaera egin diogu berriz Jaurlaritzari, beste eskualde batzuek ere egin diote, eta ea denon artean zerbait lortzen dugun. Inbertsioa da, jakina, baina merezi du.

Teknologia berriek zertan lagun diezaiekete baserritarrei euren lanean?
Salmenta zuzenean, adibidez. Baserritarrek zailtasun handiak izaten dituzte produktuok zuzenean saltzeko, eta Internetek asko samurtzen du hori. Bailaran badaude esperientzia on batzuk.


Dena dela, baserri gehienek badituzte teknologia aurreratuak…
Bai, hala da, baina gehienek euren jarduerara egokitu dituzte; lanerako behar duten teknologia erabiltzen dute. Horri IKTak gehitu nahi dizkiogu. Oraindik baserritar askok ez dute IKTen beharrik sumatu, eta ikusarazi nahi diegu lagungarriak direla eurondako.


Eta horretarako dira antolatu dituzuen ikastaroak, ezta?
Bai, hala da. Urte bukaeran egin genuen Ekintza Planeko helburu bat dira. KZguneek erabateko laguntza eman digute. Eskoriatzako ikastaroa 10 ordukoa da, eta aukera emango diegu ikasleei gehiago lantzeko, nahi badute. Bergarakoa 20 ordukoa izango da. Itsasmendikoirekin landu dugu berak auzo batzuetan ere ikastaroak emateko aukera, baina maiatzera arte gutxienez ezin izango da.


Edozein modutan, KZguneak zabalik daude denondako, eta landa inguruneko auzotarrei ere gogoraraziko diegu horixe; hain zuzen, KZguneak, ordenagailuak, Internet… denondako direla, eta eurendako ere bai, jakina. Hala, ikastaro hauek programa orokorrago baten barruan daude, eta honakoa formakuntza ekintza bada, kontzientziazio eta sentsibilizazio ekintzak ere egingo ditugu.


Salmentaz gain, ze beste abantaila izan ditzakete IKTek auzotarrendako?
Populazio osoarendako bezala, eurendako ere beste tresna bat dira. Gure Ekintza Planaren barruan, webgunea sortu nahi dugu landa eremuen zerbitzuak azaltzeko. Bestalde, auzo batzuek euren bloga badute edo egiteko asmoa agertu dute. Horrez gain, belaunaldien arteko komunikaziorako eta informazio transmisiorako balio du Internetek. Adibidez, nagusiei baserriko jardueraren gaineko galdeketak egin diezaiekegu, eta Interneten ipini hori. Horrela, nagusiek ikusiko lukete Internet eurendako ere badela, eurak ere hor agertzen direla.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak