P2P sareetan artxibategi ‘maltzurrak’ eta lukroa nagusi, ikerketa baten arabera

Jon Berezibar 2011ko ots. 2a, 11:16

Batetik fitxategi “maltzurrak” igotzen dituztenak daude, deskarga ilegalen aurka egiten duten enpresak gehien bat; eta, bestetik, erabiltzaile gutxi batzuk, dirua ateratzen dutenak eta benetako edukiak igota P2P sareen biziraupena bermatzen dutenak. Madrilgo Carlos III unibertsitateak aurrera eramandako ikerketa batek argitu du egoera hori 55.000 fitxategiren jarraipena eginda. Harrituta daude ikertzaileak “negozio eredu garbi bat” dagoela ikusita industriak oraindik ez duelako gaia aztertu.

Madrilgo Carlos III unibertsitateak atera berri duen lanaren arabera, erabiltzaile talde oso txiki bat arduratzen da P2P sareetan elkartrukerako argitaratzen den eduki osoaren %66az. Are gehiago, eduki hori da deskargatzen den guztiaren %75 gainera. BitTorrent moduko partekatze aplikazioen arrakasta itzela erabiltzaile gutxi batzuen lanean datzala argi geratuko litzateke, hortaz.

Ikerketa lanean, era berean, erabiltzaile horiek nortzuk diren esaten da eta bi taldetan banatzen ditu. Lehenik leudeke “argitaratzaile faltsuak” deitu dituztenak. Talde hau pirateriaren aurka diharduten erakunde eta enpresek eta eduki kaltegarriak zein faltsuak igotzen dituzten erabiltzaile “maltzurrek” osatzen dute. Beste taldea erabiltzaile askoz ere gutxiagok osatzen dute,  “argitaratzaileak” dira horiek, eta benetako edukiak kargatzen dituzte masiboki eta jarduera horretatik dirua ateratzen dute on-line publizitatearen bitartez. Guztira, 55.000 fitxategiren jarraipena egin dute ondorio horietara heltzeko. Madrilgo IMDEA instiututuak finantzatu du ikerketa.

 

Partekatze sareen mito handi asko suntsitu dituzte

Ruben Cuevas izan da ikerketaren arduraduna eta hark behin eta berriro dio P2P sareak ez direla diruditen bezain “altuistrak”. Zortzi hilabetez egin dute sare horien jarraipena eta ondorioa da edukien %75a 100 pertsonak igotzen dutela.

Carlos III Unibertsitateko  Ingeniaritza Telematikoko sailak ikerketarako Espainia, Alemania eta Estatu Batuetako ikerlariak izan ditu alboan eta Mininova eta The Pirate Bay webguneetara edukiak igotzen dituzten erabiltzaileen jarraipena egin dute BitTorrent aplikazioa erabilita, horretarako IP zenbakien jarraipena egiteko tresna bat garatuz.

Ikusi dutenez, edukiak igotzen dituzten lehen 100 erabiltzaileak dira dirua ateratzen dutenak ze eduki horretarako esteka eskuratzeko deskarga egin gura dutenak euren webgunera sartu behar dira eta publizitatez josita egon ohi dira orri horiek. Bataz beste egunean 300 dolar irabazten dutela kalkulatu dute ikerketa egin dutenek baina zenbait kasutan 4.000 dolarretara irits daitezke. Egin daitekeen dirutza ikusita, gainera, ondorioen artean, Cuevasek ezin du harridura ezkutatu jabetezerakoan “negozio eredu argi bat” dagoela aztertzeko zain. Harritzeko moduko kontu bakarra ez hori, ze, antza, ikerketan konturatu direnez, P2P sareak erabiltzaileen artean edukiak partekatzeko sortu baziren ere, soilik %11 da eduki originala ala erabiltzaileek eurek sortuak.



“Gerra zikina”

Eduki faltsuak, halaber, %25-30ean artean daude eta ikertzaileen susmoa da ikus-entzunezkoen industriak berak txertaturikoak direla, erabiltzaileak etsiarazteko. Izen erakargarriak dituzten fitxategiak igotzen dituzte erabiltzaileak kutsatzeko ala sareen eraginkortasuna kaltetzeko. Artxiboen elkartrukeari apropos kalte egitearen kontu hoti aspalditik datorren errezeloa da eta erabiltzaile asko erne dabil. Alta, deskargak egiten dituzten erabiltzaileen laurdenak jaisten ditu artxibategi faltsuak.

Edukien partekatze librea eta pertsonen arteko sare altruistaren ideia errealitatetik nahiko hurrun geratzen da, beraz, ikerketak erakutsi duenez.  The Pirate Bay web gune ezagunean gehien kargatzen duten 100 erabiltzaileen erdia pirateriaren aukako agentziak ei dira, eduki maltzurrak igotzen dituzten horiek.

 

Zalantza nagusia

Azkenik: BitTorrent moduko aplikazioen eta elkartrukearen arrakasta erabiltzaile gutxi hauetan oinarritzen bada zer gertatuko litzateke  sistema gutxi horiek jazartzen hasiko balitz? Eutsiko lioke sareak? Galdera horiekin amaitzen dute hausnarketa ikertzaileek.

 

Informazio gehiago:

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak