Danbakako aurreko edizioetako irabazleen eta talde gonbidatuen kontzertuak ikusgai, Goiena Telebistan

Amaia Txintxurreta Guridi 2011ko urt. 28a, 18:28

Aurtengo Danbaka bukatuta, aurreko hiru edizioek emandako onena jasoko dugu Goiena Telebistan. Horretarako, hiru edizioetako talde irabazleen kontzertuak eta talde gonbidatuen zuzenekoak eskainiko ditugu.

Hirugarren edizioa
Hirugarren edizioko talde irabazlea The Wet Band talde mutrikuarra izan zen. Rocka lantzen du laukoteak eta euskaraz eta ingelesezko abestiekin gozatu ahal izango da telebistan euren ikuskizunarekin. Mutrikuarren kontzertuarekin ekingo diogu Danbakako errepasoari, beraz, eta hori martitzenean izango da 20:45ean.

Edizio horretako gonbidatua Petti izan zen eta Espaloian eskaini zuen zuzenekoa emitituko dugu. Pettik musikarekin lehenengo kontaktua Noise Hole taldean izan zuen, hamasei urterekin. Eta ordutik hona hainbat lan kaleratu eta kontzertu ugari eskaini ditu Berako abeslari eta gitarrajole euskaldunak.

Bigarren edizioa
Bigarrenean, Aby-Kem Bergarako taldea izan zen Danbakako garailea. Bost mutilek osatzen dute taldea eta lantzen duten musika estiloa hardcorea eta metala da; euskarazko abestiak dituzte.

Urte horretako talde gonbidatua, berriz, Kerobia izan zen. Espaloia jendez lepo bete zuen Iruñeako taldeak, gainera. 2001 urte bukaeran sortu zen taldea eta boskoteak kaleratu duen azken lana 2010eko Ontziak da.

Lehenengo edizioa

Danbaka irabazi zuen lehenengo taldea Sharon Stoner izan zen. Oñatiko hirukoteak lehiaketa irabazi ostean grabatu zuen euren lehenengo lan luzea: 3000 bira. Azkena Rock Festivalen jotzeko aukera izan zuten, gainera, 2006an.

Edizio horretan, Split 77 taldea izan zen gonbidatua eta euren musikaz gozatzeko aukera ere izango da Goiena Telebistan. Emanaldiak martitzen eta eguenetan eskainiko ditugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak