"Gauza kulturala izan da tabernetan erretzea eta ez gara kontziente izan horrek dakartzan kalteez"

Arritxu Barruso 2011ko urt. 21a, 11:41

Debagoieneko Ospitaleko mediku Iñaki Peña Goiena Telebistako 'Goiena Magazinea' saioan izan zen eguen iluntzean tabakoak osasunean sortzen dituen kalteen inguruan hizketan. Peñak azaldu zuen tabakoaren ondorio larrienak minbizia, gaixotasun kardiobaskularrak eta arnas gaixotasun kronikoak direla. Dena dela gaineratu zuen tabakoak ia gorputz osoan eragiten dituela kalteak: digestio aparatuan, ikusmenean, azalean ...

Zigarro batek 4.000 osagai baino gehiago ditu, tartean alkitrana, arsenikoa, metanola, amoniakoa... Dena dela, Peñak adierazi zuen sustantzia horietan kaltegarriena nikotina dela, sortzen duen menpekotasunarengatik eta nikotina erretzean sortzen den keak osasunean eragiten dituen kalteengatik: "Nikotina eta gainontzeko sustantzia adiktiboak erretzen direnean hidrokarburoak sortzen dira, sustantzia okogenikoak dira eta horiek aldaketa genetikoak sortzen dituzte".

Erretzaile pasiboen inguruan ere jardun zuen Peñak izan ere Osasunaren Mundu Erakundeak emandako datuen arabera munduan urtero 600.000 erretzaile pasibo hiltzen dira eta horietatik %28 umeak dira: "Oso datu gogorrak dira, baina horrela da. Gure kasuan, Euskal Herrian, gauza kultural bat izan da tabernetan erretzea eta kez betetako tabernetan egotea, eta beharbada ez gara kontziente izan horrek eragiten zituen kalteez, baina, kalteak izugarriak dira", azaldu zuen Peñak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak