Steve Jobsen bajak kolokan ipiniko du Apple? Badirudi ezetz

Jon Berezibar 2011ko urt. 19a, 17:15

Steve Jobsek baja hartuko duela esan eta merkatuek dardar egin dute. Azkenean ez da ezelan ere zoritxar-igarleek nahi adinako gainbeherarik gertatu eta, gainera, iazko emaitzak bikoiztu ditu Applek. Baina horrek ez du barneko eztabaida isilarazi: Steve Jobsen hutsak zenbat kaltetu dezake elektronika enpresa erraldoia? 

Munduko elektronika eta software  enpresarik garrantzitsuenaren lemazainak atzera ere baja hartuko zuela jakin zenean dar-dar egin zuten burtsek. Astelehenean izan zen hori. Jobsek barne e-posta bidez langileei jakinarazi zien sagartxoaren multinazionala aldi baterako utziko zuela osasuna zaintzeko. Berriz ere pattal zebilelako zurrumurrua aspalditik ibili da ahoz ahoz eta iragarpenak ez du inor ezustean harrapatu.

Jobs, markaren irudi eta irudiaren marka

Steve Jobsen CEO-aren irudian oinarrizten da ia erabat Apple. Espektazioa pizten maisu eta etorkizuna aurreratzen ikusmen itzelezko aztia izan da Jobs; arduradun nagusi barik, Applen marka bera da tipo mehe eta on-puska itxurako ugazaba ezin zorrotzagoa. Hori izan da, bederen, saldu gura izan duten irudia eta fanboy zein girl-en artean ia gurtu egiten dena.

Gauzak horrela, bajaren iragarpenarekin teknologiaren erraldoia ahulduko ez ote zen izua abiada biziz hedatu zen eta, hain justu, albistea zabaldu ahala, Frankfurteko burtsan sei puntu egin zuten behera Applen akzioek. Jakina, burtsa sarri askotan barne-bulkada eta ia berezko dituen espekulazioen ur-lasterren eraginpean aurkitu ohi da eta baliozko epaia oraindik New Yorkeko burtsak zuen emateko, atzo itxita, gaur ireki dutena. Azkenean %2,24 jausi dira elektronikaren erraldoiaren akzioak Wall Streeten.

Iazko irabaziak bikoiztuta

Burtsan beherakadatxo garrantzi bakoarekin bakarrik ez, bularra ondo puztu eta iazko emaitzak argitara emanez egin du kontraerasoa Applek: urritik urtarrilerako ekitaldian 6.000 milioi dolarreko irabazi garbia atera du, ia iazkoaren bikoitza, eta fakturazioa 26.740 milioikoa, iPhone, iPad eta Mac ordenagailuen salmentetatik, gehien bat.

Oinordekoaren bila

Merkatuen dardarizoa baino inberstiogileen konfiantza da agerian geratu dena, azkenean. Eta Jobsek nori eskuratu dio ba lema, barkuak hain seguru jarraitu izateko? Badirudi Tim Cook Operazio Zuzendaria dela gizona, aspalditik "Apple-eko bigarrena" bezala ikusia eta haren izena ere geroago eta ezagunago egiten dabilela, Applei komeni bezala, Jobsen sorbaldentzat aringarri eta aurrera begirako estrategia moduan konpainiarentzat ezinbestekoa dena, ze momentuz, gutxienez, Steve Jobs da Apple eta, noski, alderantziz.

Tim Cook

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak