Ustezko 2.000 iruzurgile fiskalen datuak jaso ditu Wikileaksek

Jon Berezibar 2011ko urt. 18a, 11:11

Damututako bankari-ohi ezagunak Suitzako banketxeetako 2000 kontu korronteren datuak eman dizkio WikiLeaksi. Atzo prentsaurrekoan agertu zuen Elmerrek asmo hori eta Alemaniako Der Sonntag egunkariak argitaratutakoaren arabera, pertsona aberats, politikari eta zenbait famaturen datuak jasotzen dira utzitako fitxategi horietan. Antza, zenbait herrialdeetako zergen ordaintzeari ihes eginiko bezeroen datuak dira atzo Londresen Julian Assange Wikileakeseko editoreari eskuratutakoak. Elmerrek dio ordain moduan egiten duela hori, hainbeste urtean fortuna handiei lagundu eta banketxeen sekretuak ezkutatzen jardun duelako.

Assangek adierazi duenez, ziurrenik delitu frogak agertuz gero, dokumentu horiek britainiar agintariei emango dizkiete. Informazio horrekin orain arte gainontzekoekin egin duten moduan jokatuko dutela esan du Wikileakseko arduradunak eta osorik zabalduko dituztela.

Rudolf Elmer bankari ohia, hain zuzen, 2002an kaleratu zuten Julius Bär banketxe suitzarretik; Kaiman Uharteetako sukurtsaleko zuzendaria zen ordura arte eta bere nagusi ohiak salatzea erabaki zuen. Elmerrek adierazi duenez "sistemaren aurka" joateko asmoa dauka "zelan funtzionatzen duen" jakin badakielako eta gura duelako "gizarteak jakin dezala nola kaltetzen dituen euren interesak". Hala, bihar bertan banku-sekretua ezagutarazteagatik epaitua izango da Suitzan, hiru urteko kartzela-zigorrarean mehatxu pean, hau da, suitzar banketxeen isiltasunaren legea hausteagatik.

Aski argigarriak dira, era berean, Rudolf Elmerrek The Observer-eri eginiko adierazpenak: " Behin banketxe baten zuzendaritzako kide zarenean, gauzak askoz ere garbiago geratzen zaizkizu. Konspirazioaren parte zara eta jakiten duzu zeintzuk diren benetako produktu finantziarioak eta zer dela-eta diren hain argiak. Produktu nagusia, hain zuzen, sekretupekotasuna da eta delituak egin eta gezurrak esaten dira sekretu hori babesteko". Elmerren banketxe ohiari dagokionez, Julius Bärreko arduradunek dokumentuak faltsutu izana eta agiriak ilegalki eskuratzea leporatzen diote. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak