Tabakoaren aurkako legearen gaineko batzarra, gure ostalariekin

Amaia Txintxurreta Guridi 2011ko urt. 17a, 13:17

Gipuzkoako ostalariek badakite tabakoaren kontrako lege berria hobea izango dela osasunarendako, baina eurek bezeroen alde egin behar dute: "Erretzaileak eta ez-erretzaileak diren bezeroak ditugu eta terrazarik ez duten ostalariak batez ere, erretzaileak diren bezeroak galduko dituzten beldur dira", dio Mikel Aiestaranek, Gipuzkoako Ostalarien Elkarteko kudeaketa arduradunak.

15 egun pasa dira tabakoaren kontrako lege berria indarrean jarri zenetik. Gurean, Mikel Aiestaran Gipuzkoako Ostalarien Elkarteko kudeaketa arduradunaren arabera, "normaltasunez" ari da errespetatzen.

Neurketak egiteko "goizegi"

Tabernara joateko ohitura oso zabalduta dago gurean, hori ukaezina da. Bada, Aiestaranen arabera, lege berriak bezero kopuruan eragin duen esateko "goizegi" da oraindik: "Batzuek esan digute igarri dutela jende gutxiago dabilela, baina datu horiek emateko apiril edo maiatzera arte itxaron beharko dugu". 


Arau-hauslearen aurrean, zer?

Eguenean batzar informatiboa egin zuen Gipuzkoako Ostalarien Elkarteak Lasa jatetxean. Helburua zen ibarreko ostalariei legea zehatzago azaldu eta euren kezkak jasotzea. Ondorio garbi bat atera zuten: gure ostalariek ez dakite nola jokatu behar duten, tabernan erretzea debekatuta dagoela iragarri ostean, araua hausten duenarekin: "Erretzea debekatuta dagoela iragartzeko kartel eta pegatinak jarri behar direla dio legeak eta ez-erretzaileendako  erreklamazio orriak izan behar ditugula, baina ez du zehazten zer den araua hausten duenaren aurrean egin behar duguna", dio Aiestaranek. Izan ere, tabernari gehienek argi dute ez dutela poli-zia lanetan ibili nahi: "Legebiltzarrari eskatu diogu arau sinple batekin arautu dezan 'erantzukizun solidarioa' deitzen duten hori". Ezustekorik ezean, otsailean ezarriko da legea EAEn eta isunak ebitatzea da nahi dutena.

Espainian eta hemen lege bera

EAEn legea zorrotzagoa izan behar zela zioten, baina ez da hala izango, legea bakarra izango da denon-dako. "Logikoena" da, Aiestaranen ustez: "Legea ezberdina izateak nahasmena sortuko luke, besterik ez". Beraz, elkarte gastronomikoetan erre daiteke, oraingoz. Hala ere, ostalariek ez dute begi onez ikusten: "Espainiako legeak ez ditu tabernak eta elkarteak bereizten, elkarteena hemengo errealitatea delako. Eusko Legebiltzarrak arautu egin beharko luke, baina tabernetan erre ezin daitekeen moduan, elkarteetan erretzea debekatuta egon beharko luke".

Bestalde, gauean arazoak izango direla uste dute ostala-riek: "Gauean jende eta mugimendu gehiago dago eta 23:00etatik aurrera ezin dira tragoak kalera atera. Horrek bizilagunen kexak ekarriko ditu eta arazo eta kezka berriak izango dira". Azkenik, tabakoa ez saltzea erabaki dute batzuek; Aiestaranen ustez, ostalari bakoitzak erabaki beharko luke saldu edo ez. Hori bai, tabakoa ez saltzea "logikoa" dela deritzo; kaxa bakoitzeko 15 zentimo irabazten dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak