Joanmari Larrarte: "Erakundeek sektore eraginkor moduan aitortzeko eta bultzada emateko unea da"

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko urt. 15a, 01:00

Kezkatuta dago Joanmari Larrarte, Berria Taldeko kontseilari ordezkaria, euskarazko hedabideen etorkizunaz. Mundu mailako finantza krisiak eta egunkariek bizi dutenak gogor astindu dute Berria Taldea. Sektorea estrategikotzat aitortzeko eskatzen die erakunde publikoei.

Berria Taldeak dirua batzeko kanpaina abiatu du. Zergatik?
Hainbat ekimen bultzatu ditugu azkenaldian, eta, azken-azkena, joan den abenduan, laguntza kanpaina. Hain justu ere, egoera ez delako batere ona. Krisia denok jasaten dihardugu modu batera edo bestera. Eta, hedabideok, akaso, bi bider sufritzen dihardugu krisia. Batetik, finantza krisia, orokorra dena; baina, bestetik, hedabideok, aldaketa etengabekoan murgilduta gaude, etorkizunerako norabide ez horren argi baten aurrean, eta horrek zaildu egiten du egoera. Ekonomikoki zaila izan da urtea.

Zertarako erabiliko duzue dirua?
Batetik, 2010ean sortu zaigun galera estaltzeko; bestetik, urritik aurrera abian jarritako egitasmo berriak aurten aurrera ateratzen laguntzeko. Kanpaina ondo doa.

Zer egin behar du Berria-ri lagundu nahi dionak?
Kontu korronte zenbakia ireki dugu eta bide ezberdinak daude ekarpenak egiteko. Berria-ren sareko eta papereko edizioetan ageri da horretarako bidea.

Zelan eragin dio Berria Taldeari paperaren edo egunkarien krisiak eta krisi ekonomikoak?
Ekainean, akziodunen urteko batzarra egiten dugunean, kontuen berri ematen dugu, eta orduan sakonago aurkeztuko ditugu datuak. Baina datu bat: 2008tik 2010era bitartean, Berria-ren publizitate fakturazioa milioi bat euro eta gehiago jaitsi da. %30, gutxi gorabehera. Kopuru hori ezin da bi urtean errekuperatu beste edozein modutara. Egunkarien salmenta asko jaitsi da mundu osoan. Guk ere beherako joera hori igarri dugu, baina 2010ean lortu dugu salmenta eta harpidetza kopuruari eustea. Hortaz, hartzailearen aldetik joera hobetzen doa, publizitatearena falta da hobetzea eta, azkenik, espero dugu erakundeetatik gauzak hobetzea eta estrategikotzat jotzea geure sektorea.

Egunkariek gero eta irakurle gutxiago eta eragin ahalmen txikiagoa duten honetan, zelan egin diozue aurre egoerari?
Buruari asko eragin diogu, baina ez diogu soluzio garbirik aurkitzen. Zaila dago. Ikusten dugu ez guk eta ezta ingurukoek ere ez diotela erantzunik aurkitzen. Errealitatea hori da. Paperak badauka oraindik etorkizuna gurean, baina paperaren kontsumoak ez du gorantz egingo. Informazioaren kontsumoa gehiago bideratuko da Internetera eta, are gehiago, poltsikoko telefonoetara. Berria.info-n ikusten dugu nabarmen poltsikoko telefonoetatik gero eta sarrera gehiago datozela. Etengabeko aldaketa garaian gaude. Denborarekin, negozio eredu berriak etorriko dira euskarri berrietarako. Interneten geroago eta esfortzu handiagoa egiten gabiltza, inbertsioak handitzen goaz, baina diru sarrerak ez datoz neurri berean. Euskarazko Interneteko hedabideetara publizitatea ez dugu erakartzen. Gure merkatua mugatua da.

Nortzuek osatzen dute Berria Taldea?
2003an abiatu genuen, helburu jakin batekin: hilabete batzuk lehenago itxi ziguten Egunkaria-ren lekua betetzea. Orduan ere diru bilketa egin zen eta han batutako kapitalari esker abiatu zen Berria paperekoa eta sarekoa. Horrekin batera, informazio lokalari heltzeko, hainbat eskualdetako eragileekin batera, Hitza-k argitaratu genituen. Une honetan sei Hitza dauzkagu. Haien aldamenean, paperari dagokionez, herrialde bakoitzeko Hitza-k ditugu, asterokoak urria ezkero. Bost dira. Berria-rekin batera zabaltzen dira eta aztertzen dihardugu etorkizunean bakarrik ere zabaltzea. Nora aldizkaria ere argitaratzen dugu eta  Hamaika telebistako kide gara; azkenik, Irrien Lagunen Kluba ere abiatu dugu oraintsu.

Hamaika Telebistarekin zer moduz?
Bagoaz mantso-mantso. Zaila gertatzen ari zaigu garapena. Apustua zen Bilbon hastea lehenbizi eta gero Euskal Herrira zabaltzea handik. Donostiakoa ere abian da eta gure apustua da ahalik eta gehien zabaltzea seinalea Euskal Autonomia Erkidegoan.

Hurrengoa Gasteizen?
Gertuko helburua da seinalea Bizkai osora eta Gipuzkoan lizentzia daukagun eskualde guztietan zabaltzea eta baita Gasteizera ere hurbiltzea.

2003an sortu zen Berria, Egunkaria itxi ostean, 24.404 bazkiderekin eta 4 milioi eta erdi euroko kapitalarekin.
Bai. Oso egoera berezian abiatu ginen eta 11.000 harpidedun ingururekin. Sorrera indartsua izan zen, baina bagenekien apar moduko bat bazegoela. Orduan harpidedun egin ziren batzuek euskaraz ere ez zekiten. Guri tokatu zitzaigun Egunkaria-k egin zuen kontrako bidea egitea. Hura hasi zen apal-apal eta 10 urteren ostean lortu zuen sendotasun bat. Berria sendo hasi zen. Indar eta apar baten. Gero, poliki-poliki bere onera etorri zen. Gaur egun, 9.500 harpidedun inguru ditugu. Guretako, urterik okerrena 2009a izan zen. 2010ean harpidedun berriak egin dira. Gainera, kuriosoa da, baina eremu

Irrien Lagunen Kluba zer da eta ze helbururekin sortu duzue?
Euskarara hurbildu eta euskararekin ondo pasatzeko, umeekin urrats bat egin behar dela uste dugu. Orain dela urte bi Elkarren interesak, Pirritx eta Porrotxen Katxiporretarenak eta geureak bat egin zuten. Argi geneukan hiru aldeok 2010ean umeendako zerbait abiatu nahi bagenuen  Interneten behar zuela. Kluba eskaintzen dugu. Edozein izan daiteke kide. Horretaz gain, eskaintzen dugu ordainpeko harpidetza ere. Haurrak ondo pasatzeko gune bat izan nahi du: komunikaziorako, aisialdirako… Euskal Herritik abiatuta, euskaraz eta Euskal Herria aintzat hartuta. Globalizazioaren aroan gure umeek Disney Channel ikustea ezinbestekoa da, baina lortu behar dugu, gure erantzukizuna da, Euskal Herriko balioak eta izaera erakustea munduari.

Euskarazko hedabideen sektorea zelan ikusten duzu?
Zoritxarrez, Berria-k bizi duen egoera bera bizi du sektore guztiak. Oso sektore dinamiko eta indartsua da. Berria Taldeak, esaterako, 300 langile ditu eta azkeneko urteetan enpresa gutxi sortuko ziren langile kopuru hori dutenak. Goienak berak azkeneko urteotan izan duen garapena oso kontuan izatekoa da. Sektore indartsu eta dinamikoa da, baina, era berean, zailtasun handiak dituena. Eta beharrezko aitorpenik ez duena erakundeen aldetik. Euskal Herriko erakunde publikoek, maila guztietakoek, ez dute ikusten zelako ekarpena egiten dion sektore honek herri honi. Euskal izaera zabaltzeko duen baliotik, euskararen normalizazioaren aldetik eta egiten duen ekarpen ekonomikoagatik. Sektore eraginkor moduan aitortzeko eta bultzada emateko unea da. Krisiak eragiten du galerak izatea, gure lan baldintzak okertzea, gure produktuak eskastea… Herri bezala, ez gaude kapital hori gatzeko unean. Horrek kezkatzen nau.

Euskarazko hedabideen arteko elkarlana da etorkizuna?
Dudarik gabe. Krisietatik irakurketa positiboak ere ateratzen dira eta horietako bat da elkarlanera bultzatu gaituela. Gure baliabideak mugatuak dira, eta, mugatuak diren neurrian, batzen bagara, eskaintza oparoagoa egin dezakegu. Horretara bideratu behar ditugu indarrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak