Urteko lehen odol-ateratzeak

Goiatz Arana Begiristain 2011ko urt. 13a, 16:41

Bergaran, urteko lehen odol-ateratzeak egin zituzten atzo, urtarrilak 12, eta Arrasaten gaur, 13, 16:30etik 20:00etara, osasun zentroan. Odol-emateek, orokorrean, behera egin zuten iazko urte amaiera aldera eta kopuru horiek hobetzea edo, gutxienez, mantentzea da orain helburu nagusia.

Nahi baino emaitza kaskarragoekin amaitu zuten iazko urtea odol-emaile elkarteek, azken hiletan behera egin zuelako odola ematera joandako pertsona kopuruak. Bergaran, esaterako, lehen 60 bat lagun joaten ziren aldiro eta 1.450 odol poltsa batzen zituzten urtero. 2010 urte amaiera aldera izandako beherakadari buelta eman ezean, zaila izango da, ordea, zifra horietara ailegatzea. Bergarako elkartetik gazteak animatu gura dituzte.

Atzoko deialdiari erantzunez, 30 lagun pasatxok eman zuten odola Bergaran. “Gizon eta emakume, oso odol-emaile onak ditugu herrian” esan zigun elkarteko presidenteak, eta Bergara beti izan dela "esku zabala" gehitu zuen Lourdes Arostegi transfusio zentroko medikuak. Zailena lehen pausoa ematea da, bere hitzetan. Gutxienez 18 urte, 50 kilo eta, batez ere, gogoa izatea dira baldintza nagusiak. Horiek beteta, animatuz gero, osasun historia egiten dute medikuek lehen aldian.

Gaur, eguena, Arrasaten

Bergaran hilaren 26rako egin dute hurrengo deialdia, arratsaldeko bost t’erdietan. Arrasaten, berriz, gaur arratsalderako deitu dute urteko lehen odol-ateratzea, osasun zentroan; hurrengoak hilak 19, 20, 21, 25 eta 26an eta otsailaren 2an eta 3an izango dira. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak