Danbakako finalistak prest final handiari aurre egiteko

Maider Arregi 2011ko urt. 12a, 17:22

Barikuan, hilaren 14an jokatuko da Danbakako finala. Dagoeneko hiru talde finalistak, Lord Witch, Xarma eta Desprezio,  hasi dira motorrak berotzen eta etxeko lanak egiten. Hiru taldeekin izan gara, baita Atom Rhumba talde gonbidatuko kide Joseba Irazokirekin ere. Jarraian euren lehen inpresioak:

Xarma, Lord Witch eta Desprezio taldeak finalean egoteko arrazoi hauek azaldu dituzte epaimahaiko kideek.

'Porru', Desprezio

"Harrituta baina era berean pozik gaude. Erronka bat izango da guretzako eta dena emango dugu. Epaimahaiaren erabakiarekin sorpresa hartu dugu. Guk ondo pasatzeko helburuaz eman genuen kontzertua eta finalerako txartela eskuratzea pozgarria izan da. Entseatzen ari gara, baina inprobisazioa ere izango da barikuko zuzenekoan. Jende asko egongo da eta urduritasunak gaindituta dena emango dugu. Aurkariak euren estiloan ere bikain moldatzen dira, ea zer gertatzen den!".

Jon Kirru, Xarma

"Gustura eta pozik jaso dugu epaimahaiaren erabakia. Kontzertu aldrebesa eman genuen izan ere sokak hautsi zitzaizkigun eta arazo tekniko ugari izan genituen. Horregatik ez geneukan esperantza handiegirik finalerako txartela eskuratzeko. Hala ere, arazo guztien aurrean nola buelta eman genion eta aurrera egin genuen ikusita, gu oso gustura gelditu ginen disfrutatu egin genuelako eszenatokian. Finalerako sorpresatxoren bat gordeko dugu, eta kanta berriren bat eskainiko dugu. Finalera begira ez dugu ilusio handiegirik egin naiz. Izan ere epaimahaiak  irizpide eta iritzi asko daude eta edozer gertatu daiteke".

Iker Narbaez, Lord Witch

"Sorpresa izan zen guretako finalera iristea, ez genuen espero. GOIENAn irakurri genuen finalerako sailkatu ginela eta bi aldiz irakurri behar izan nuen egia zela ziurtatzeko. Finalera begira hainbat sorpresa ditugu, batez ere bukaera aldera egingo ditugunak. Beti bezala, ikuskizuna eskainiko dugu. Abesti berri batzuk izango ditugu, baina gure himnoak direnak ere joko ditugu, jendeak abestiak ezagutzeko. Gainerako taldeak oso ondo ikusten ditut. Finalean ikusi egin beharko da zer gertatzen den. Gu ondo pasatzera aterako gara, eta gure helburua da ikusleek ere ondo pasatzea. Finalera gogo askorekin joango gara, asko entseatu dugu-eta."

Joseba Irazoki, Atom Rhumba

"Egubakoitzean, final egunean, disko berria aurkeztuko dugu. Batez ere Gargantuan Melee azken laneko abestiak joko ditugu. Hala ere, aurreko diskoetako abestiak entzuteko aukera egongo da Espaloian. Danbaka lehiaketa ezagutzen nuen, izan ere orain dela urte batzuk Pettirekin etorri nintzen. Hortaz, jarraitu izan dut lehiaketa; baita, tokiko telebisten bidez ere. Danbaka moduko lehiaketak onak iruditzen zaizkit. Musika giroa sortzen dute, batez ere kontzertuak egiten diren zonaldean. Uste dut gaur egun nahikoa saturazio dagoela musika mailan; hala ere, horrelako lehiaketek balio dute jendea erakartzeko".

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak