Arkaitz Estiballes: "Sariak lagunei eman nizkien; gero bisitan joateko"

Jon Berezibar 2011ko urt. 14a, 11:30

Bizkaiko bertsolarien txapelduna joan den abenduaren 18a ezkero. Seitan finalera iritsi eta azkenean jantzi du txapela; oraindik hunkitu egiten da egunaz gogoratzean.

1. Benetan hunkituta ematen zenuen finalean.
Niretzat plazera izan zen saio osoa. Gainera, txapela ez duzu sekula zeure buruaren gainean imajinatzen, eta hala gertatu zela ikusita, neu ikaragarri emozionatu nintzen.

2. Bi haur txikiren aita izanik, astirik badago bertsotarako?
Nik zortea daukat eta lanaldi murriztuarekin nabil! Inoizko denbora luzeen izan dut umeekin egoteko eta horrek burua asko lasaitzen du bertsotarako ere.

3. Bestela, lanean eta kalean, zeu bertsoz inguratuta bizi zara.
Lanbidea eta afizioa bertsoak dira niretzat, baina sekula ez da izan nire bizitzako zatirik garrantzitsuena.

4. Zer da, ba?
Ba, adibidez, lagunekin egon eta zerbezatxo artean eguneko pasadizoak kontatzea. Eguneroko ohitura hori badut, agian osasungarriena ez dena. Bertsotarako gaiak ere, asko handik datoz. Lagunarte zabal eta oso polita daukagu. Bizitza bizi izatea da bertsoetako inspirazio iturri onena, eta politena.

5. Kalean egiten da, hortaz, bertsolaria.
Neu, behintzat, Galdakaoko Bertso Eskola barik ez nintzateke ezer. Asteroko bileratxo horiek niretzat bizipoza izaten ziren eta asko zor diet bertako lagunei.

6. Txapela Atxuriko taberna baten utzi ei zenuen.
Bai, lagunentzat, ez naiz-eta oso trofeozalea. Emandako sariak lagunen artean banatu ditut eta horrela aitzakia daukat itzuli eta bisita egiteko.

7. Amari ere ez dio ilusiorik egiten?
Gogoan dut Euskal Herriko txapelketan lehenengo aldiz parte hartzeko eskubidea lortu nuenean eman ziguten oroigarriak xaboia uzteko platertxoa ematen zuela, eta, azkenean, funtzio horrekin amaitu zuen gurasoenean. Bisitak zur eta lur geratzen ziren.

8. Aginte makila ere eman zizuten. Hori nori eman zenion?
Ondarroako herriari. Ni prest nago herri honetan normaltasunera iristen bagara eta Ondarroan agindu behar duenak agintzerik badu, alkate jaun-andre berriari neure makila lagatzeko.

9. Irabazi eta gero bertso-konpromiso pila bat izango dituzu.
Eta gustura, gainera. Jendeak uste dut badakiela zein den nire bertsokera, eta batzuetan asmatuko dugu eta bestetan ez!

10. Taberna bai eta plaza ere bai, hortaz.
Niri gustatzen ez zaizkidanak txapelketak dira, benetan txarto pasatzen dut. Nerbioekin asko sufritzekoa naiz, eta ez didate inolako mesederik egiten.

----------------------------------------------------------

Lehendakaria banintz...: "Burura ideia asko badatozkit ere, lehenik eta behin, euskara ikastea doakoa izatea bermatuko nuke. Gizarte honen trauma handienetako bat da eta lotsagarria iruditzen zait gure herriko hizkuntza ikasteko ordaindu behar izatea, bestelako gauza hutsaletan dirutzak gastatzen diren bitartean. "

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak