Gripe sasoia aurreratu egin da eta Gabonetatik jende asko dabil gaixo

Iker Barandiaran 2011ko urt. 10a, 10:48

Jende asko ibili da Gabonetan Debagoieneko Ospitaleko larrialdi zerbitzuetan bueltaka. Horren arrazoia da batek baino gehiagok gripearen sintomak edo antzekoak dituela: burukomina, sukarra, eztula, mokoak, muskuluetako mina eta beste.

Debagoieneko Ospitaleko larrialdi zerbitzuetan jakinarazi digute gripe sasoia urtarrilean hasi ohi dela eta otsailera arte irauten duela. Aurten, baina, Gabonetan hasi dela diote; eta horregatik, jende gehiago dabilela gaixo.

Gabonetan, jendez lepo

Ospitaleko arduradunek azaldutakoaren arabera, Gabonetatik urtarrileko bigarren astera bitartean aspaldian baino jende gehiago hurbildu da larrialdietara; eta horietako asko gazteak izan dira. "100dik gora pertsona etorri diren egunak izan ditugu, eta horietako asko gripearen gripearen antzeko sintomekin, gainera. Abenduaren 24, 25 eta 31, Urteberri eguna eta urtarrilaren 9a izan dira jende gehien izan dugun egunak".

Hori da Ospitaletik nabarmendu duten gauzetako bat; aurten gripearen sintomak dituztenen artean gehientsuenak gazteak direla, 24 eta 40 urte artekoak.

Larrialdia neurtu

Horrez gain, larrialdi zerbitzuetatik ohartarazi dute jende askok bertara jotzen duela gripe edo gaixotasun larririk izan barik. "Badira medikuarengana etorrita zazpi egunetan eta norbere etxean astebetean sendatzen diren gaixotasunak ere".

Hala, medikuek jakinarazi dute gripearekin, honako sintomak izan ohi direla: arnas infekzioa, muskuluetako mina, beherakoa, mokoak, eztula eta beste. Dena den, argitu dute badela jende asko horietako sintoma batzuk dituenak, baina griperik ez duena.

Aholkuak

Halako gaitzen bat duenarentzat honako aholkuak eman dizkigute: sukarra badu, aspirina edo antzekoak hartzea; ur dezente edatea, besteen eztuletatik aldentzea eta inolako zalantzarik izanez gero, familia medikuarengana jotzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak