Eva Argiñano: "Arroz-esnea eta natillak eskatzen dizkidate gehien"

Jon Berezibar 2010ko abe. 24a, 01:16

Nebaren jatetxean gozogileak lana utzi eta kasualitatez sartu zen postre artera. Telebistara ere hala iritsi zen eta ezin pozago dabil kamera artean. Hamarrekoa egin diogu.

1. Hasi zarete jo eta su turroiekin etxean?
Gustatzen zaigu, baina ez gara zale-zaleak; dagokion neurrian. Hori bai, turroiak defendatzaile sutsuak ditu, beraz...

2. Zein izan da egin duzun pastelik erraldoiena?
Hasiberritan sekulakoa egin nuen. Ezkongaiek saint honore pastel erraldoi bat gura zuten; karameluz lotutako petit chou-z dago osatua. Handia nahi zuten eta hala egin nik, baina sasoi hartan ez nekien ezer arkitekturaz eta pentsa nola amaitu zuen...

3. Zure azkeneko liburuan diozu postreekin ausartzeko. Jendeak zer, jan bai baina egin ez?
Bai, eta, gainera, egiten dakienak tarta bat edo bi besterik ez daki  egiten. Zail ospea dute gozoen errezetek.

4. Izan ere, zenbait errezetak alkimia dirudite osagaien neurri zehatzengatik, adibidez.
Hori gertatzen da sukaldaritza gaziko hiztegira ohituagoak gaudelako. Pomada puntua zer da, ba horixe, pomada itxura duena. Ez da hain zaila.

5. Zein da zeuri ondoen ateratzen zaizun postrea.
Begira, nire semeek gehien arroz-esnea eta natillak eskatzen dizkidate. Guk etxean tipikoa eta klasikoa jaten dugu. Nire ezaugarria da nire goxoa ez dela hain gozoa, astuna.

6. Kaloriengatik, noski. Ia bekatua izaten da postrea eskatzea askorentzako.
Bai, zera! Amaitu ziren aspaldi bekatuaren garaiak! Postrea plazer hutsa da eta niretzat handiena da lagunekin txikito batzuk hartu eta gauean etxera heldutakoan arroz-esnea jatea.

7. Gozoetan berrikuntzarik egin daiteke ala pastelak ukiezinak dira?
Gaur egun gozogintzan egin daitekeen gauzarik berritzaileena da zapore tradizionalei eustea, galtzen dabiltza-eta.

8. Postre kaxkar batek izorra dezake oturuntza eder bat?
Bazkari handi baten guztiak egon behar du orekan, baita zerbitzariek eta mahai-zapiek ere. Sarri gerta daitekeena da erdipurdiko jatordu bat postreak salbatzea.

9. 20 urte egingo dituzu telebistan datorren urtean. Hori bai marka.
Neukanik ere ez nekien gaitasuna azaleratzen lagundu dit, komunikatzailearena, eta oso baliagarria da. Esker hitzak besterik ez daukat esperientzia horri buruz.

10. Zer egingo dugu sobera geratuko zaigun turroiarekin?
Oso errezeta polit bat. Etxeetan  turroiaz gain sagar konpota ere asko sobratzen da. Horrekin hostopilak bete eta labera! Gero izozki epelarekin zerbitzatu.

-------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------

Lehendakaria izango banintz...
"Zintzotasun eredua emango nuke. Nigandik oso urrun ikusten dut, baina, nire lana lehendakari izatea izango balitz, saiatuko nintzateke herritarren erreferente etikoa izaten. Nik agintariei eskatzen diedana da nire gainetik egon behar badute eta eragingo didaten erabakiak hartu behar badituzte, eredugarri izan daitezela etikoki eta zintzotasunean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak