Pello Gonzalez: "Iruzur fiskalari aurre egiteko borondate politikoa dagoenean, emaitzak lortzen dira"

Eneko Azkarate Laspiur 2010ko abe. 17a, 08:44

Iruzur fiskalaren, egoera ekonomikoaren, Diputazioaren aurrekontuaren eta opor fiskalen gainean dihardu Pello Gonzalez Ogasuneko foru diputatuak. Iruzur fiskalsri aurre egiteko duten konpromisoa "sendoa" dela dio. Hona hemen elkarrizketa.

Badirudi Foru Aldundiko 2011ko aurrekontuak talde gehienen onespena edo abstentzioa izango duela.
Hilaren 22an behin betiko onartuko da aurrekontua, EAJren eta Hamaikabaten aldeko botoei esker. PSE-EE eta PPrekin izandako akordioen bidez, talde horien abstentzioa lortuko da, eta horri esker ere 2011ko aurrekontua onartuko da. Talde Mistoko sei kideek kontrako botoa emango dute, ustekaberik ez bada. Oso balorazio positiboa egiten dugu, orain beharrezkoa baita desadostasunen gainetik aurrekontu arloan akordioak lortzea, krisi garaian gaudelako; benetan ez gaude txantxetarako. Agintaldi honetan talde guztiekin izandako akordioak ere adierazgarriak dira, baita EAJ eta Hamaikabaten ordezkariok erabilitako adostasun ahalegina ere.

Aralar, Alternatiba eta EB ez dirudi ados daudenik aurrekontuarekin…
Talde Mistoak aurrekontuaren kontra egingo du. Uste dut oposizio politikoari lotutako jarrera dela, baina horretarako eskubide osoa dute. Dena den, gogoratu behar dugu 2008ko aurrekontuan, aurtengo orientazio berdina izan arren, haiekin akordio bat lortu genuela eta aldeko botoa eman zutela. Nolanahi ere, aurkako 6 boto besterik ez dira izango, 51 batzarkideen artetik.

Zeintzuk dira zerga-batze aurreikuspenak 2011rako?
Zerga arloan, konpromiso bat hartua dute EAJk, PSE-EEk eta Hamaikabatek, iaz akordio fiskala lortu ondoren, gai horri buruz sakon eztabaidatu eta etorkizuneko euskal zerga sistemari buruz adostasunera iristeko. Orain ere ados jarrita, eztabaida geroratu egin dugu, hauteskunde arrazoiak direla-eta, horiek ez baitiote ezertan laguntzen eztabaidari; foru eta udal hauteskundeen ondoren egingo da. Eztabaida zabala eta lasaia behar dugu, ahalik eta adostasunik handiena lortze aldera, ahalegin guztiak eginez eta herritarrei akordioen edukiak ezagutaraziz.

Aurrekontuari dagokionez, murrizketa ze departamentutan igarriko da gehien?
2011ko aurrekontua %7,2 jaitsi da 2010ekoaren aldean eta, nolanahi, Gipuzkoarekin hartutako konpromisoei heltzen zaie: gastu sozialari dagokionez eta inbertsio estrategikoko proiektuetarako beharrezkoak den diruari dagokionez. Departamentu guztietan nahitaezkoak ez diren gastuak kendu ditugu, ezinbestekoa den ezer aurrekontutik kendu gabe. Beraz, uste dugu, diru sarrerek eragindako zailtasunaren barruan, aurrekonturik onena dela posible direnen artean.

Euskara eta kulturako departamentuak jaitsiera handiak izan zituen 2010ean. Ze aurreikuspen dauzkagu 2011ri begira?
Oro har hartuta, departamentuaren aurrekontua %4 inguru jaitsi da aurten, nahiz eta hainbat urtetan banatuko diren kultur inbertsioak aurreikusi. Hori dela-eta, behar bezala erantzuten zaie kultura eta euskara arloko politiken funtsezko alderdiei.

Udalek diote eurenak ez diren konpetentzia askori erantzun behar izaten diotela errekurtsorik izan barik.
Aldundiak udalentzat jasotako aurrekontua %3 handituko da datorren urtean. Egia da, bestalde, egiteko geratzen dela udal finantzaketaren nahikotasunari buruzko eztabaida. Udaletako arduradunek gure jarrera ezagutzen dute: koefiziente bertikala jaistea (Diputazioak Jaurlaritzari ordaintzen dion dirua %70 inguru da), eta jaitsiera hori udalen beharrak finantzatzeko erabiltzea. Nolanahi ere, gai hori arautzen duen Ekarpen Legea datorren urtea bukatu aurretik onartu behar da, eta orduan erakunde guztien finantza mugimenduak zehazteko momentua izango da. Udalen Legeari dagokionez, eta kontuan hartuta Jaurlaritzak zer adierazi duen, berriro geldirik egongo da eztabaida.

Sarri esaten da presio fiskala igo behar dela Europan baino dezente txikiago delako.
Gure presio fiskala %35 inguru da: Estatuan baino pixka bat handiagoa, eta 27 herrialdeko Europar Batasunekoa baino txikiagoa (%40). Dena den, Ipar Europako herrialdeekin konparatuz gero, ia 15 puntu beherago geratzen gara. Horrek esan nahi du oraindik ibilbidea egiteko dagoela arlo honetan.

Enpresei eta pertsonei tipoak igoaz bakarrik jartzen gara besteen mailan?
Ez. Ezartzen den zerga, figura guztien batura izango litzateke. Zerga berriak ezarri daitezke, batera ordaintzeko formulak asmatu daitezke eta, jakina, egungo zergak igo daitezke. Gure planteamendua da, nolanahi, zerga figura berriak edo presio fiskal handiagoa berdin ez ezartzea zergadun guztiei, baizik eta ahalegin handiagoa egitea aukera ekonomiko handiagoa dutenek. Horixe da guk defendatzen dugun progresibotasun fiskalaren irizpidea.

Oraindik lan asko egin beharra dago ordaintzen ez dutenen inspekzioak zorroztuaz?
Iruzurraren aurkako lana ogasun guztien lehentasuna izan behar da. Bermatu behar dugu zergadun guztiek araudiari jarraituz ordaintzea eta inork ihes ez egitea obligazio horri. Planteamendu etiko bat da, krisi garaian indar handiagoa hartzen duena.

Aipatu duzu sarritan ahalegin berezia egin duela agintaldi honetan Aldundiak iruzur fiskalari aurre egiteko. Zenbateraino?
Gure konpromisoa sendoa izan da. Datuek horrela adierazten dute. Iruzurrari aurre egiteko borondate politikoa dagoenean, emaitzak lortzen dira. Agintaldi honetako gure helburua da 1.000 milioi euroren zorretik gora azaleratzea, hau da, antzinako 166.000 milioi pezeta inguru (Aldundi osoaren urteko aurrekontua baino nabarmen gehiago). Bide horretan lanean jarraituko dugu. Uste dut emaitzek pixkanaka eramango gaituztela Gipuzkoan zerga iruzurraren gaitza desagertzera.

Politika sozialen arloan asko aurreratu da azken urteetan, baina noraino luza daiteke ongizate estatua?
Etorkizuneko erronka nagusia da. Gure ustez, gastu sozialari eutsi behar zaio, denen gainetik. Horixe izan da agintaldi honetako aurrekontuaren orientazioa, eta, zentzu horretan, %54 baino gehiago igo dugu Gizarte Politikako Departamentuaren gastua, hau da, hori gure aurrekontuaren erdia da.

ELAk dio "fiskaltasuna enpresarien mesedetan" jarri dela.
Iritzi guztiak errespetatu behar dira. Baina, bereziki ELAren eta beste sindikatu batzuen irakurketa ez da batere objektiboa eta gutxieneko zorroztasuna falta zaio.

Opor fiskalen kontuak zela amaituko du?
Tamalez, itxi gabe dago oraindik.

Europar Batasunak erreklamatzen duen dirua opor fiskalak izan zituzten enpresei eskatuz gero, enpresa batzuen biziraupena kolokan egon daiteke?
Hori horrela da, dudarik gabe, eta are gehiago gaur egun.

Europar Batasunak isuna ezartzen badu, zeinek ordainduko du enpresek ala Foru Aldundiak?
Erakunde publikoek ordaindu beharko lukete isuna; laguntzen berreskurapena, ordea, enpresek.

BEZaren igoerak ekonomiaren suspertzea geldiarazi du?
Argi eta garbi, bi ondorio izan dira, eta zerga bilketaren bidez egiaztatu ditzakegu. Lehena izan da uztailean erosketak aurreratzeko efektua, zergaldi horretan zerga bilketa handiagoa ekarri duena, udako igoeraren ondoren kontsumoa murriztuta. Zerga bilketaren datuen arabera, %2 baino gehiago jaitsi dira iaz BEZaren sarrerak, nahiz eta zerga igo. Baina pentsatu nahi dut merkatuaren jarduera moteltzearen arrazoiak beste batzuk ere badirela.

Ekonomia hobetzeko zantzurik aurreikusten dituzu?
Esan ohi dut jadanik okerrena pasatu dela eta ekonomia indarberritzen hasi dela, baina, nolanahi ere, nahi baino motelagoa izango dela, merkatuetan zalantza ugari zabalduz. Dirudienez, egoera horixe ezagutuko dugu datorren urtean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak