Mondragon Taldeak EAEko enpleguaren %3,9 sortu zuen iaz

Leire Kortabarria 2010ko abe. 13a, 16:56

Mondragon Taldeak bere jardueraren gaineko hainbat datu jakinarazi ditu. Besteak beste, esan du Euskal Autonomia Erkidegoko enpleguaren %3,9 sortu zuela iaz; eta, industria arloa bakarrik hartuta, arlo horren enpleguaren %8,1.

2009an korporazioak bere kooperatiba eta elkarte partaidetuetan batez beste 85.066 lanpostu enplegatu zituen; horietatik 32.266 EAEn izan ziren, eta 4.033, Nafarroan.

EAE osoko 2009ko ekonomiari buruz Eustatek argitaratutako datuak erreferentziatzat hartuta,
Korporazioko 32.266 langileak erkidegoko enplegu osoaren %3,4 izan ziren. Nafarroan, berriz, Foru
Erkidegoko enplegu osoaren %1,5 izan ziren.

Industri sektorea bakarrik hartuta, "Mondragonen garrantzia areagotu egiten da, bere industri
enpresek sektorean duten enpleguaren portzentajea %8,1 izan baitzen EAEn, eta %1,7 Nafarroan", diote korporazioko ordezkariek.

Mondragon Taldeak Gipuzkoan dauka industri presentziarik handiena eta, bertan, portzentajea
industri enpleguaren %14,6ra ere iritsi zen, hau da, Gipuzkoako fabriketako 7 langiletik batek
Mondragonen industri enpresetan lan egin zuen 2009an.

Euskadiko Kutxak eta Eroskik, 11.068 lanpostu

Industriakoak ez diren sektoreetan, enplegu kooperatiboaren garapenaren protagonista nagusiak
dira Euskadiko Kutxa, finantzen sektorean, eta Eroski, banaketaren sektorean. 2009an bi erkidegoetan 11.068 langileri eman zieten lana bi erakunde horiek. Zifra hori ia 17.000 lanpostura igotzen da, Euskadiko Kutxako eta Eroskiko langileei finantzen eta banaketaren sektoreetan diharduten Mondragoneko gainerako kooperatiba eta elkarteetako langileak gehitzen bazaizkie.

Korporazioak emandako informazioaren arabera, Mondragonen jarduera guztiak kontuan hartuta, 2009ren amaieran, Mondragon Gipuzkoako lehenengo enplegatzaile pribatua zen, 18.125 zuzeneko enplegurekin, baita Bizkaikoa ere, 11.434 enplegurekin, eta Nafarroan bigarrena, 4.033rekin, eta Araban hirugarrena, 2.707 enplegurekin.

Zuzeneko enpleguaz gain, 2009an Korporazioak garatutako jarduerak gutxi gorabehera 13.900
lanpostuko enplegu induzitua sortu zuen EAEn, Korporazioko enpresek bertako enpresa hornitzaileei
eskatutako ondasunen eta zerbitzuen bitartez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak