Jon Armentia: "Bailara mailako ospitaleen artean erreferentzia izatera iritsiko gara eraikin berriari esker"

Lander Muñagorri 2010ko abe. 14a, 16:35

Jon Armentia gasteiztarrak hiru hilabete daramatza Debagoieneko Ospitaleko zuzendari. Etorkizunari begira eraikin berrian zerbitzu egokiak eskaintzea eta eskaintza zabaltzea izango du helburu Armentiak.

Aurretik ere Miranda de Ebroko ospitala bere ardurapean izan zuen bost urtez, nahiz eta bertan 17 eman zituen. 1989tik 1993ra Arabako hainbat ospitaletan ibilita, ez da lehen aldia Osakidetzan lanean jardun duena. Esperientzia luzea duen pertsona batek hartu du orain Arrasaten kokatuta dagoen zentroaren ardura.

Epe motza izan arren, orain artekoaren zein balorazio egiten duzu?
Balorazio oso ona egiten dut. Bertako langileak oso trebeak dira, eta ikusten dudanaren arabera, pixkanaka garatzen joan den ospitale bat da. Bailara mailako eritetxe batek izan ditzakeen zailtasunak dauzka, gureak bezala 75 ohe dituen eritetxe bat garatzea ez baita erraza, eta zaila da zerbitzu berriak eskaintzea. Kosta egiten da erabiltzaileak gugan fidatzea, eta zentzu horretan lan handia egiten ari da ospitalea. Ni Debagoienara etorri izanak Osakidetza garatzen ari den estrategia berriari erantzutera dator. Izan ere, lehen mailako asistentzia espezializatuarekin batera eskaintzea da Osakidetzaren estrategia nagusia, eta ni horretarako etorri naiz.
Nolako ospitalea topatu duzu?
Oso ona. Espektatiba handiekin etorri naiz hona. Funtzionamendu egokia izan duen zentro bat izan da, 2004an kalitatezko Q-a lortu zuena, eta bere prozedura ongi egituratuta dago. Inguruko beste ospitalekin ere koordinatuta gaude, batez ere Gasteizko Txagorritxu ospitalearekin. Horretaz gain, harreman estua daukagu Mendaro eta Zumarragako ospitalekin, gure bailararekin muga egitenduten bi eritetxeak baitira. Eta nola ez, lehen mailako asistentziarekin ere harreman oso estua daukagu, batez ere pediatrian.

Nola kudeatu behar duzu etorkizunean Debagoienako Ospitalea?
Debagoienako Ospitalearen etorkizuna oso ona da, hazten ari den eritetxea delako, eta oraindik ere haziko delako. Espazio fisiko berri bat edukiko dugu, eta ospitalarizatzeak hazi egingo dira, eskainiko diren zerbitzuez gain.

Zein eskaintza izango dira horiek?
Prozedura mediku eta kirurjikoak bereziki zainduta egongo dira ospitale berrian, ekipoak handitu egingo dira, langileen kopurua estabilizatu egingo dugu, eta kasuren batean gehitu ere bai. Horien artean, medikuak, erizainak, auxiliarrak... Kirofano bat gehiago ere edukiko dugu eraikin berrian, hobeak izaki. Denera bost kirofano edukiko ditugu, eta teknologia berrietara egokitutakoak gainera. Ekintza kirurjikoko plana ere garatuko dugu, eta osatuagoa izaten saiatuko gara. Horretaz gain, egun dauzkagun 70-75 ohe erabilgarrietatik 80 izatera pasatuko gara ospital berria dugunean. Zentzu horretan, ospitalak garatzen joateko alderdi ugari ditu, eta bailara mailako ospitalen artean erreferentzia izatera ere iritsiko gara. Hiritarrak zerbitzu hobeak nabarituko ditu aipatutako aldaketa hauek guztiak direla eta.

Erabiltzaileek Debagoienako ospitalearen inguruko ikuspegi positiboa daukate, eta horren adierazgarri Osakidetzako ospitale guztien artean bigarrenak zaretela asebetetze mailan...
Bai, hala da. Baina ospitalen artean konpetentzia ez da lehia bat. Ospitale pribatuen artean norgehiagoka hori baldin badago ere, publikoen artean daukagun lehia kalitateari zuzenean lotuta dago. Zentzu horretan, norgehiagoka sano bat daukagu ospitalen artean, baina lehia hori ez da helburua. Osakidetzako eritetxe guztiek dauzkagu helburu zehatz batzuk komunean, eta horiek garatuago edukitzea edo ez, horixe da eduki dezakegun lehia. Esaterako, Bidasoako Ospitaleak lehen mailako asistentzia eta espezializatuaren arteko uztarketa askoz ere garatuago dauka, eta ondoren gatoz gu. Haiek daukaten esperientziarekin ez dugu lehiatzen, baizik eta horretaz baliatzen gara, eta hori aberasgarriagoa da.

Gaixoek hori eskertuko dute, ala?
Hala pentsatzen dut. Esan behar da hala ere gaixoek pazientzia handia daukatela. Denok ezagutzen ditugu itxaron zerrendak, eta askotan eskaera altuak direla medio lehentasunak markatu behar dira. Hori horrela baldin bada ere, Europa eta Espainiarekin alderatuz gero, gure itxaron zerrenda ez da horren txarra. Horregatik daukate gaixoek baita ere, asebetetze maila altua, mekanismo guztiak martxan jartzen ditugulako ahalik eta zerbitzu onena eskaini ahal izateko.

Udaletxearekin ere zenbait gorabehera izan dituzue bere garaian aparkalekuen eraikuntza zela eta. Zertan geratu da auzi hori guztia?
Konponbidean dagoela esan dezakegu. Udaletxearekin sinatu dugun konbenio bat dela medio, urtarriletik aurrera Fagor-eko aparkalekua erabilgarri egongo da. Goizeko 9etatik aurrera zabalduko litzateke, eta zirkulazioko 100 aparkaleku sortuko lirateke. Horretaz gain, udalak autobus zerbitzu hobea eskaintzeko erantzukizuna hartu zuen, eta badira egun batzuk zerbitzu hori martxan jarri zenetik. Guk gure aldetik, aparkaleku erabilgarri gehiago edukitzeko ekimenak hartzeko prest agertu ginen, eta eraikuntzako gune berrian aparkarkaleku gehiago egiten saiatuko gara. Udaletxearen aldetik, beste ekimen batzuk ere badaude. Ospitalea martxan jartzen denerako, behar diren aparkaleku plaza guztiak ez badaude, kopuru horretatik oso gertu egongo garela iruditzen zait halere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak