Arrasateko Arizmendi Ikerlan Taldeak lortu du First Lego Leagueko sari nagusia

Lander Muñagorri 2010ko abe. 12a, 21:23

Prototype gatzagarrekin batera, Espainia mailako txapelketan parte hartuko dute bailarako bi taldek. Zamudion jokatu da EAE mailako txapelketa 26 talderen artean, eta Arizmendi Ikerlan Taldeak robot onenaren saria jaso du, eta Prototype taldea etorkizuna duten gazteak edukitzeagatik saritu dute. Denera 26 taldek hartu dute parte.

Hainbat alderditan lehiatu dira taldeak. Lehengoan, Lego piezekin egindako robotek hainbat froga egin behar zituzten, eta hau zen denetan puntuagarriena. Bigarren sailean robotaren alderdi teknikoari begiratu zioten epaileek, diseinuari hain zuzen. Arizmendikoek bi sail hauetan jaso dituzte puntu gehien. Beste alderdi batean, biomedikuntza arazo bati irtenbidea ematea zen, eta hor Arizmendi Ikerlan-ek mingain bioniko bat egin du, eta Prototype taldeak berriz gurpildun aulkientzako GPS bat. Azkenik talde lana ere saritu zuten.

Espainia mailako txapelketa datorren otsailaren 27an jokatuko da Derion. Norgehiagoka honetan hurrengo pausua emango duten taldeek Europako txapelketa izango dute zain, eta Mundu mailakoa ondoren.

 

Hauexek dira Zamudion sailkatutako bost taldeak:

  • Arizmendi-Ikerlan (Arizmendi Ikastola. Arrasate). Debagoienekoa txapelketako talderik onena izan zen. Robota bikain kontrolatzeaz gain, epaimahaikideek oso ondo baloratu zuten eramandako proiektu teknologikoa: dastapena kaltetuta duten pertsonentzat mingain protesikoa. (Goiko argazkian, arrasatearrak zuriz jantzitakoak dira; elastiko berdedunak, aldiz, dira Debagoienetik sailkatutako beste taldeko kideak, Leintz Gatzagakoak).
  • Prototype (GUREL guraso eta euskara elkartea. Leintz Gatzaga). Gatzagarren kasuan saritu dituzte, bereziki, taldekideen gaztetasuna (12 urte) eta aurkeztutako proiektua. Gatzagarrek garatu zuten elbarrituen bizimoduan hobetzeko egitasmoa, zehatzago esateko, gurpil-aulkidunek herrietan duten bide eta gune egokituen mapa egiteko ideia, beti ere, horretarako Internet eta software librea erabilita. Blogean kontatu dute prozesu guztia.
  • Overclock Axular (Axular Lizeoa. Donostia).
  • Laurobang (Lauro Ikastola. Loiu).
  • LSBideluze (La Salle Berrozpe Ikastetxea. Andoain)

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak