Danbakaren laugarrena: nor baino nor ezberdinago, eta ikuslearendako denetariko doinuak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2010ko aza. 27a, 02:45

Scam talde aretxabaletarrari egokitu zaio gaua ixtea. Hasieratik lehen iladetara jendea erakarri duen talde bakarra izan da, jende askotxo etorri da eurak ikustera, Aretxabaleta, Arrasate zein Soraluzetik, besteak beste. Taldearen hasierako urteetako punk-rocketik haratago, metal eta hardcore doinuak nagusitu dira Aretxabaletako laukotearen ordu erdian. Musikalki heldutu dira baina baita agertokian egoteko gaitasun aldetik ere. Hirugarren aldia da Danbakan parte hartzen dutena, eta igarri da. Agertokian lasai, bizi eta konfiantzaz josirik. Gazteak dira baina eskarmentu handikoak aldi berean;eroso sentitu dira agertoki gainean. Eragozpen bakarra: abestien arteko atsedenaldiak luzeegiak izan dira, akaso. Argazkiak Danbaka.com-en.

Seafoid izan da gaueko hirugarrena. Irlandako jatorri izendapena duen folka izan da emanaldiaren ardatza. Baina ez dira izan folk doinuak entzun diren bakarrak, ez horixe. Rock eta pop doinuek ere pisu handia izan dute eibartarren ordu erdian. Abeslariak –Irlandan jaiotakoa– eta haren gitarra akustiko zein elektrikoak gidatu dute saioa, hori bai, goi mailako musikarien ezinbesteko laguntzaz. Izan ere, denetariko instrumentuekin igo dira eibartarrak: teklatu, gitarrak, baxu, akordeoi eta bandolinak –haren zorroztasunak aipamen berezia merezi du– doinu berriak eskaini dizkigute. Garagardoz bustitako kantuak, noski, ez dira falta izan: The Pogues edo The Dubliners taldeak gogora ekarri digute kanturen baten. Errepertorioari dagokionez, ez da oharkabean pasa Thin Lizzy taldearenWhiskey in the Jar abestiaren bertsioa. Bertsio duina, bai horixe. 

Seafoid baino lehen Xarma izan da agertokian, eta bai, izena bat dator izaerarekin. Xarmak xarma berezia duela erakutsi du. Hasiera ona, gogotsu irten dira. Lehen bi kantuetan, baina, arazo teknikoak izan dituzte bi gitarra joleek; aurrera egin dute, hala ere. Behin hasita geratzea debekatuta dago. Baina emanaldiaren erdialdean bateriako kaxa apurtu zaie eta orduan ezin izan dute aurrera egin. Zorte txarrari naturaltasunez egin die aurre: "Gaur ez da nire eguna, hori argi dago" adierazi du bigarren gitarra joleak. Rock gogorra ekarri dute bizkaitarrek, eta agertokia bete dute. Taldea, bateratua: gitarra joleek jarri dute ahotsa eta baxu joleak eta bateria joleak jarri dute musikalki pisua. Oso sentsazio onak utzi ditu laukoteak. Arazo teknikoak alde batera utzita, pozik egoteko moduko emanaldia, zalantza barik

Xarmaren aurretik, Deabrutu izan da protagonista: Iñaki Urizarrek aurkeztu du Danbakan bere proiektu pertsonala. Agertokian bakarrik eta bateria lagun, doinu gogorrak eskaini dizkigu aramaioarrak: death eta metal doinuak, hain zuzen. Ez da batere ohikoa agertokian bateri jolea bakarrik ikustea, normalean bigarren plano baten geratzen den musikaria interes foku bakarra izatea.  Proposamen ausarta denik ezin ukatu. Hori bai, ikuslearekin feedback gutxi.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak