Arrasatear bat saritu dute Gipuzkoako II. Etxeko Konpostajearen Lehiaketan

Maider Arregi 2010ko aza. 25a, 13:05

Guztira, 86 lagunek hartu dute parte Gipuzkoako II. Etxeko Konpostajearen Lehiaketan. Arrasateko Juan Carlos Garitanorendako izan da hirugarren saria. Lehen saria Donostiako Javier Sanchez Guardaminok eskuratu du eta Segurako Jose Humberto Arostegik bigarrena. Sariak 1.000 euro, 750 euro eta 500 eurokoak izan dira, hurrenez hurrun. Konposta egiten duten familiek batez beste 350 kilo hondakin gutxiago sortzen dute urtean, hau da, % 30 gutxiago.

Carlos Ormazabal Garapen Iraunkorreko diputatuak eta epaimahaiko kideek banatu zizkieten sariak atzo, eguaztena, Gipuzkoako Foru Aldundiko ekitaldian. Gipuzkoako Konpostatzaileen Sareko 6.500 familia-kideetatik, 39
herritako 86 familia aurkeztu dira guztira lehiaketara. Parte-hartzaile kopuru handiena, herrika, Donostiakoa izan da (12 konpostatzaile) eta ondoren Oñatikoa (7) eta Arrasatekoa (5). Azpeititik eta Azkoititik launa kopostatzaile aurkeztu dira, eta hiruna, berriz, Hondarribia, Irun, Zumarraga eta Andoaindik.

350 kilo hondakin gutxiago

Ekitaldian, Garapen Iraunkorreko diputatu Carlos Ormazabalek adierazi du etxean konposta egitea “behar-beharrezkoa dela hiri hondakinak prebenitzeko”, konposta egiten duten familiek “batez beste 350 kilo
hondakin gutxiago sortzen baitute urtean, hau da, % 30 gutxiago”.
Adierazi du, baita ere, 2011ko helburua dela 10.000 bat familiak egitea konposta beren baratzean edo lorategian,
“3.500 tona hondakin gutxiago sortzea lortuko baikenuke".

Ingurumeneko zuzendari Javier Zarraonandiak, parte-hartzaileek
lehiaketan zehar izan duten jarrera positibo eta elkarlanekoa
azpimarratu du. “Badakite hondakin gutxiago sortzen laguntzen dutela
eta, gainera, gustukoa dute lan hori, beren baratzeko edo lorategiko
zereginetako bat denez gero. Horietako askok, gainera, konpostari buruz
informazio gehiago jasotzeko hartzen dute parte lehiaketan, eta ez
hainbeste besteekin lehiatzeko”.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Garapen Iraunkorreko Departamentuak
antolatutako lehiaketa honen helburua da etxeko konpostatze sarea
sendotzea eta konpostatze prozesuaren eta bertan lortzen den
konpostaren kalitatea hobetzea.

Gipuzkoan etxean konposta egiteko programak arrakasta izan duela azaldu dute. Abian jarri zirenetik lau urte igaro dira eta etxean baratza edo lorategia duten 6.500 familiak parte hartzea lortu da. Kontuan hartzeko
beste datu bat: familia bakarreko eta biko etxebizitzen %19tan autokonpostagailua jarri dute. Urte bukaerarako espero da 9.000 familiak baino gehiagok izatea autokonpostagailua, hau da, dentsitate
txikiko eremuetan dauden Gipuzkoako etxebizitzen % 26k.

Gipuzkoako konpostatzaileen sarea

Garapen Iraunkorreko Departamentuak ondo asko daki esperientzia
hori sendotu eta zabaldu nahi bada, familiei konposta egiteari buruzko
informazioa eta laguntza guztia eman behar zaiela, eta plataformak
eskaini behar zaizkiela beren esperientziak trukatu eta elkarren berri
izateko. Helburu horrekin sortu zen Gipuzkoako konpostatzaileen sarea.

Familiekin harreman zuzena izateaz gain, konpostatzaileen sareak
teknologia berriak erabiltzen ditu eta blog bat du abian interneten,
gaiarekin zerikusia duen informazio guztia zabaltzeko eta sarean parte
hartzeko plataforma bat ezartzeko. Horrez gain, telefono bidez ere
eskaintzen da aholkularitza zerbitzua, eta informazio buletin bat ere
plazaratzen da, ahal dela, internet bidez zabaltzen dena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak