"Enplegu politika aktiboak kudeatuko ditugu Lanbiden"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2010ko aza. 24a, 16:19

2011ko urtarrilaren 1ean jarriko da martxan Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzua eta orain arteko sistemarekin alderatuta, hainbat aldaketa ekarriko ditu. Deigarriena, hemendik aurrera enplegu edo ikastaro eskaintza bati uko egiten diotenak zigortu egingo dituztela da. Bulegoa egongo da Arrasateko SPEEren egoitzan. Elena Mondragon enplegu bulegoko zuzendariarekin izan gara.

Jaurlaritzak zerbitzu berria jarriko du martxan laster. Ze berritasun izango du?
Orain arte ere Eusko Jaurlaritzak bazeukan lan zerbitzua. Udaletxeetan egon izan da zerbitzua; hau da, udaletxeak laguntzaileak izan dira zerbitzu hori ematerakoan. Orain, zerbitzu berria jarriko dute martxan eta eskualde bakoitzean bulego bat zabalduko dute.


Enplegu politika aktiboen kudeaketa eramango duzue.
Hori da. Alde batetik langabezia datuak erregistratuko ditugu. Hau da, jendea hona etortzen da langabezian daudela esan eta lana bilatzera. Izan ere, badaude lanik ez duten lagunak, baina ez daude erregistratuta. Hortaz, horiek ez dira sartzen gure datuetan.
Bestalde, ikastaroak ematen ditugu, curriculumak egiten erakusten dugu...

Ze ezberdintasun egongo da orain arteko SPEE eta Lanbideren artean?
Orain arteko bulegoan –lehengo IMEN– langabeziak ordaintzen jarraituko dute. Lanbiden ostera, txartelak sinatu, ikastaroak eman, kontratuak sinatu... horrelako lanak egingo ditugu.

Hortaz, herritarrek ez dute aldaketarik igarriko. Orain arteko moduan, Arrasatera, Nafarroa etorbidera etorri beharko dute.
Bai, bulegoak orain SPEE –lehengo INEM– dagoen leku berean egongo dira. Hortaz, herritarrek orain arte bezala etorri beharko dute hona. Ez dute aldaketarik nabarituko.

Lanbidek izango duen aldaketa nabarmenena da enplegu bati uko egiteagatik zigorrak jasoko direla. Hori horrela da?
Orain arte ere horrela izan da; agian, orain beste modu batera arautuko dute. Horrelako albisteak irteten dutenean jendeak deitzen du galdezka ea langabezia kendu behar diegun. Nik beti esaten diek nahiago nukeela denendako ikastaroak edo lanpostuak izatea! Baina ez da horrela.

Azkeneko urteetan internet sartu duzue zuen zerbitzuetan.
Bai, asko aldatu da. Lehen guk deitzen genien; orain, esaten diegu egunero sartzeko interneten eta euren ardura dela lana bilatzea. Lana interneten dago da lema.

Euskarak ere presentzia handiagoa izango du?
Bai, orain arte oposaketa sisteman ez ziguten euskara eskatzen. Hortaz, langileek ez geneukan zertan jakin. Orain, pentsatzen dut guri eskatu egingo digutela eta gainera hona datozenen eskubidea ere bada zerbitzua euskaraz jasotzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak