Alvaro Arregi, Arrasateko alkate ohia: "Urkulutik Arrasatera ura ekartzea gauza handia izan zen"

Edu Mendibil 2010ko aza. 24a, 15:11

Jose Antonio Ardanzari lekukoa hartuz, Arrasateko alkatea izan zen Alvaro Arregi (Arrasate, 1945) 1983tik 1987ra. Aurretik zinegotzia ibilitakoa zen, trantsizio garaian, 1974tik 1979ra. Urte haiek gogoratzeko Besaide mendi elkartearen egoitzan hartu gintuen egubakoitzean. Mendizaletasuna da haren Arregiren zaletasunetako bat. Ardura ere bai; datozen egunotan bi urte bet    eko ditu Gipuzkoako Mendi Federazioko presidente modura.

Nola iritsi zinen Arrasateko alkatetzara?
Alderdiko, EAJko jendea etorri zen nigana. Politikan sartu gabeko jendea nahi zuten zerrenda osatzeko eta 48 orduz pentsatu ondoren, baiezkoa eman nien. Aurreko agintaldian Ardanza izan zen alkatea, gehiengoarekin (11 zinegotzi) eta, gu, zorionez, 10 zinegotzi atera genituen. Zorionez diot gehiengoa ez izateak gauzak eztabaidatzera behartzen zaituelako. Gu 10 zinegotzi genituen, PSOE eta HBren artean 10 zituzten eta EEk bakarra.

Eta urte horietan eman zen zatiketa EAJn...
Horrela da, bai. 1986an etorri zen zatiketa. Ni Batzar Orokorretan nengoen eta EAJk 25 ordezkari zituen; 12k EAJn jarraitu zuten, beste 12 EAra joan ziren eta ni geratu nintzen afiliatu gabe. Arrasateko udaletxean, berriz, 10 zinegotzietatik, 4 pasa ziren EAra eta EAJn bakarra geratu zen; besteok afiliatu gabeak ginen.

Zure agintaldian egindako lanetatik zeintzuk nabarmenduko zenituzke?
Gauza asko egin ziren: Iturbide egoitza, Atxabalpe, Monterron... Ardanzak, alde egin baino lehen egindako azken lana izan zen Monterron erostea eta guri tokatu zitzaigun proiektu hari edukia ematea, janztea nolabait. Baina niretako gauza berezia izan zen Urkuluko urtegitik Arrasatera ura ekartzea, 1986an. Maritxu Kajoi egunean ere gogoan izan zuten une gogoangarri hura; Maritxu ondoko iturriak, ura beharrean, ardoa eman zuen. Horixe izan zen miraria. 

Polemika ere ez zen falta izan, besteak beste, Txomin Iturberen heriotzarekin... HBk Iturbe seme kutun izendatzeko eskaera egin zuen.
Aurreko urtean, 1986an, Txominen koinatua, Xabi Perez de Arenaza hil zuten Frantzian eta Txominen heriotza 1987ko martxoan gertatu zen. Herriko seme bat hiltzen den bakoitzean oso momentu gogorrak bizi dituzu, are gehiago hildakoa laguna denean. Txomin ni baino urtebete zaharragoa zen eta txikitatik ezagutzen nuen. Baina mozio hartan auzi politikoa zegoen jokoan, ni ordezkatzen nuen alderdiaren iritzia argia zen eta kontra azaldu ginen. Xabi Perez de Arenaza zein Txominen gorpuak udaletxean egon ziren eta Txominen aldeko mozioak sekulako ikusmina piztu zuen. 35 komunikabide inguru etorri ziren egun hartan osoko bilkurara, tartean Alemaniako korrespontsal bat. Udalbatzarra amaitutakoan kazetari batek galdetu zidan, jendearen uluengatik-eta, ea ez zen egon nahiko arrazoi osoko bilkura bertan behera uzteko eta nik zera erantzun nion: argi zegoela ez zela hemengoa eta errespetua eta ordenari eutsiz, aurrera egin beharra zegoela. Eta halaxe egin genuen. Une zailak eta gogorrak izan ziren haiek. Baita aurreko batzuk ere: 1974tik 1979ra bederatzi hilketa gertatu ziren, tartean Iñaki Etxaberena.

Atzera begiratuta, zelan baloratzen duzu alkate izan zineneko garaia?
Ez naiz egindakoari eta bizitakoari uko egiten dioten horietako. Ziur naiz, atzera eginda egoera berean aurkituko banintz, berdin jokatuko nukeela. Nire jaioterriaren alde lan egiteko aukera izan nuen eta oso esperientzia aberasgarria izan zen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak